BERRIAren 10. urteurreneko ospakizun bira iritsi da Nafarroara

“Estatuko fiskalak kereila jarri du Atutxaren aurka”. Titulu hori ageri zen BERRIAren lehen zenbakian, 2003ko ekainaren 21ean, duela ia hamar urte. Hainbat herrialdetako hedabideen zuzendariak agertzen ziren lehen orrialdeko argazkian; BERRIAri babesa ematera etorri ziren. Martxelo Otamendi zuzendariaren idatzia zegoen ondoan. Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, euskarazko prentsan geratutako hutsunea betetzera etorri zen BERRIA. Hamar urte pasatu dira, eta urteurren hau ez da oharkabean pasatuko. Urte horietan guztietan bidelagun izan dituztenekin batera ospatu nahi dute; harpidedun, irakurle eta BERRIAlagun guztiekin batera.

Herriz herri eginen dituzte urteurreneko ekitaldiak, ekainaren 22ra arte. Apirilaren 12an hasi zuten ospakizun bira, eta bihar iritsiko da Nafarroara, Tafallara, hain zuzen ere. Anje Duhalderen kontzertua izanen da Kube dantzalekuan. Emanaldi guztietan BERRIA osatzen duen komunitatearen balioa aintzat hartzen duen bideo bat erakutsiko dute. Beran eta Atarrabian, bestalde, Metrokoadroka sormen laborategiaren Zertarako hegoak antzezlana taularatuko dute. Musikari dagokionez, estilo eta musika mota askotako taldeek eta bakarlariek parte hartuko dute Nafarroako ekitaldietan: Anari, Ruper Ordorika, Gari, Eñaut Elorrieta… Ekainaren 22an, egun osoko jai batekin amaituko dira BERRIAren urteurreneko ospakizunak. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izanen da.

Ospakizunez gain, BERRIA Taldean argi dute hedabideak eraldaketa garaian daudela. Garai berrietara egokitzeko, etengabeko berrikuntza prozesuan sartuta dabiltza. Izan ere, hamargarren urteurrena “berrikuntzen urtea” izatea nahi dutela azaldu du Ainara Lasa marketin arduradunak. “Paperezko egunkari bat baino askoz gehiago da BERRIA: paperean eta sarean argitaratzen dugu; sareko eskaintza ordenagailura, telefonora eta tabletara egokitzen ari gara orain”. BERRIA sakelako telefonoetan irakurtzeko aplikazioa prestatu dute; Ibilkari ere sortu dute, mendiari buruzko ataria. Laster, egunkariaren estilo liburua sarean izanen da. Gainera, webgunea berrituko dute. “Gaur egun, euskarazko edukiak behar ditugu, euskarri guztietan”.

14.000 BERRIAlagun

Gaur egun, 62.000 irakurle ditu BERRIAk paperean, eta 5.300.000 bisita izan zituen iaz Berria.info-k. Baina, aurrera egiteko, guztien ekarpena behar du egunerokoak. “BERRIAk milaka lagunen sarea behar du ondoan: BERRIAlagunen sarea”, gaineratu du Lasak. 2011ko azaroan ekin zioten BERRIAlagunak lortzeko bideari, Zure ziztada behar dugu lelopean, eta, dagoeneko, 14.000 lagunen sarea osatu dute, harpidedun eta BERRIAlagunen artean. “BERRIAk etorkizuna izateko, ezinbestekoa da papereko zein sareko irakurleen sostengua eta ekarpen ekonomiko iraunkorra”. Dagoeneko, 4.000 BERRIAlagun eta 500.000 euro lortu dituzte bide horretatik.