Iragan den apirilaren 20an hirurogei bat lagun bildu ginen Beran, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak deituta, gure eskualdean euskarak duen egoerari buruzko diagnosia egin asmoz. Bihar beste saio bat izanen da, ondoko urteetan euskararen egoera hobetzeko egin beharrekoez gogoetatzeko, urrats berriak finkatzeko.
Aitzineko saio hartan, bertzeak bertze, euskara nola ulertzen dugun galdetu zen, eta hainbat iritziren artean “komunikazio tresna” eta “identitatea” agertu ziren. Azken horri loturik, “sustraiak” eta “kultura”. Komunikazio tresna soil gisa ulertzen badugu, “euskaraz bizitzeko” hautua egin dezakegu, eta euskararen aldeko kontzientzia maila altu batean, konpromisoz hautu horri eutsi. Baina herritar guztiek, euskaldun izan ala ez, ez dute halako kontzientzia maila alturik, eta komunikatzeko tresnak anitzak dira, euskara erabiltzea bezain erraza izanik, edo gehiago, erdal hizkuntzetan aritzea. Horri gaineratzen badiogu oro har euskaldunok gure buruarekiko egiten dugun gutiestea, “gure euskararen bizitza-errekan” bizitako esperientzia kaltegarrien ondorioz, bada, faktore horren esku gelditzea zinez arriskutsua izan daiteke. Halaber, konpromisoz eusteak nekea eragin dezake, behin gogotsu ekin genion hori zama astun bilakatzeko arriskua baitago.
Horren aldean, identitate, kultura eta sustrai gisa euskarak ematen digunaz ohartzeak, horrekiko kontzientzia maila areagotzeak, bertzelako emaitzak ekar ditzake. Hain zuzen ere, “euskara bizitzeak”. Hizkuntza honek, kultur-adierazpen gisa, bere baitan biltzen ditu milaka urtetan garatutako herri baten mundua ulertzeko modua, bizi-esperientzia, jendarte gisa antolatzeko modua… eta nolabait ere, norbere izaeraren edo identitatearen zati handi bat osa dezake.
Baten batek pentsa dezake euskarak gure izaera moldatzen duela adierazi nahi dugula. Ba ez da hori, agertu nahi duguna da euskara bizi eginez gero, euskaldun izateak dimentsio berri bat hartzen duela, bertze balio bat ematen diogula gure aitzinekoengandik jasotako ondareari, eta hartara, kristalezko armairu batean kosta ahala kosta zaindu beharreko altxorra izatetik berezko indarrez bizitzera iragan daitekeela.
Horretarako, baliagarria litzateke euskara aztertzea, euskarari buruz gehiago ezagutzea, egunerokoan darabilgunean erraten dugun hortaz eta errateko dugun moduaz ohartzea. Funtsean, euskarak ematen diguna aintzat hartzea.
Hala eginez emanen diogu euskarari duen balioa, eta balioetsia denak berezkoa du indarra. Guk, euskaldunok, balioa ematen diogun heinean izanen da erakargarri inguruko erdaldunentzat, piztuko da horiengan euskaldun izateko gogoa, eta gogo horrek baino ez ditu euskaldunduko. Eta ariketa hori izan daiteke behingoz euskaldunok gure izaerarekiko dugun gutiestea gainditzeko bidea.