Urrun gelditu da industria, bigarren sektorea, sektore indartsu zen garaia. Krisi ekonomikoak zuzenean eragin dio. Azken ikerketen arabera, 2008tik 2012ra 30.500 lanpostuko galdu dira industrian eta eraikuntzan. 2013rako aurreikuspenak nolakoak diren jakiteko, bi hilean behin inkestak egiten ditu Nafarroako Industriaren eta Merkataritzaren Ganberak, Mondragon Taldearekin elkarlanean. Lehen bi hilabeteetan egindako ikerketen arabera, urte hasiera “oso kaxkarra” izan da, eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira onak.
Fernando San Miguel Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberako azterketen burua da. Dioenez, 400 enpresatara bidali dituzte industrian urtarrilean eta otsailean zer-nolako aurreikuspenak izan dituzten jakin ahal izateko inkestak. Hala ere, 70 inguruk soilik erantzun dute.
Jasotako emaitzetatik dozenaka ondorio atera dituzte. Ebatzitako informazio hori Nafarroako Gobernura bideratu nahi dute, industria sustatzeko politika eraginkorrak abian jar ditzan. “Bi hilabetean behin egingo ditugun inkestek, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak sektorea indartzeko abian jarri behar dituen neurriak nolakoak izan behar duten jakiten laguntzea espero dugu”, dio San Miguelek.
Adierazle gehienak txarrak
Fakturazioa, inbertsioa edota esportazioaren datuak 2012an baino okerragoak izango direla onartu dute inkesta erantzun dutenen gehiengoak. Izan ere, batez beste, eskari berrien eskaria %25 murriztuko dela aurreikusi dute. Beraz, hori prezioetan espero den jaitsierarekin lotuta, fakturazioa %12 murriztuko litzateke 2012ko azken hilabeteekin alderatuz gero. Egoera hori ikusirik, lanpostuetan ere jaitsiera jazotzea litekeena da.
“Perspektiba txarra denean, adierazle gehienak ez dira batere positiboak izaten”, azaldu du San Miguelek. Azterketa martxoan jakinarazi zuten arren, joan den astean ezagututako langabezia datuak hobeto ulertzen lagun dezakete ganberaren azterketak. Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak hiru hilean behin argitaratzen dituen datuen arabera, Nafarroan langabezia %19 da. Ia ahaztuta zegoen datu hori. Izan ere, 1985. urtean izan zen azkenekoz %19,6ko langabezia tasa. Denera, 56.524 lagun daude Nafarroan lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 5.400 lagun gehiago. Hala ere, Nafarroako Gobernuak joan den asteartean iragarri zuen, apirileko langabezia tasa martxokoa baino hobea izango dela. Alde horretatik, San Miguelek argi utzi du euren azterketan parte hartu duten enpresek ez dutela jende gehiago kontratatzeko asmorik; bai ordea, lan erregulazio espedienteak aurkeztekoa.
Urtea ez dela ondo hasi gauza berria ez den arren, Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberako azterketa arduradunak ohartarazi du tamaina handiko enpresetan egoera hobea dutela tamaina txikikoetan baino. “Enpesa handiak txikiak baino internazionalizatuago daude, eta esportazio tasa handiagoa dute”, ohartarazi du San Miguelek.
Gaineratu du, halaber, enpresen internazionalizazioak aurrera jarraitu ahal izateko faktore garrantzitsua da. Dena den, atzeraldia ere antzeman dutela dio. “Hein handi batean, Europara esportatzen da; Europako herrialdeek atzeraldi txiki bat izaten dutenean, oso argi antzematen da esportazioetan”.
Errealitatea geografikoa
Aurten, denera, sei inkesta egingo ditu Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberak, Mondragon Korporazioarekin batera. Azken hilabeteetan, zenbait sindikatuk —tartean, LAB eta ELAk— salatu dutena berretsi dute lehenengo inkestatik ateratako ondorioen bitartez. Nafarroan industriaren errealitatean ezberdintasun geografiko handiak daude. Nafarroa iparraldeko, Pirinioetako, Erriberako eta Tuterako enpresek dituzte aurreikuspenik txarrenak, ikerketaren arabera. Iruñean eta Estellerrian etorkizun hobea izango delakoan daude.
San Migueli galdetuta zergatik gertatzen den errealitate hori, faktoreak anitz eta oso ezberdinak izan daitezkeela nabarmendu du. “Sarritan aipatu izan da Sakanako industriak izan duen atzeraldia. Nire ustez, azterketa sakona egin beharra dago, horren haritik, errealitate horren faktoreak jakitearekin batera aurrerapausoak egin daitezkeelako”. Alor horretan, nabarmendu du litekeena dela Sakanako industria elkarren artean oso lotua egotea, eta, batek arazoak izan dituenean, bata bestearen atzetik erori izana, domino fitxen antzera.
Sektoreka, ordea, aurreikuspen txarrenak elikadura, jantzi, larru, oinetako, egur, paper eta kautxuen industriek izango dituztela jakinarazi du San Miguelek. Kontsumoaren jaitsierarekin lotu du, zuzenean, enpresa mota horien jaitsiera.
Lehenengo bi hilabeteetako irudipen txarrek bere isla dute datuetan. Esaterako, Nafarroako ekonomia, 2013ko lehenengo hiruhilekoan %0,6 jaitsi da; 2012ko epe berean baino %0,1 gutxiago. Hala ere, Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilaria baikor agertu da. Izan ere, jakinarazi duenez, Nafarroako ekonomia “egonkortzen” ari da, esportazioei “eusten” ari direlako. Hala, emaitza onak laster ikusi ahal izatea espero duela aitortu du Goikoetxeak.
Garai ezegonkorra da egungoa, baina, bi hilabetez behin joera nolakoa den ezagutzeko asmoz, beste inkesta bat egin duNafarroako Industriaren eta Merkataritzaren Ganberak. Lehenengoan bezalaxe, 70 enpresa inguruk erantzun diote galdetegiari. San Miguelek onartu du oraindik zaila dela daturen bat aurreratzea, baina ez du uste martxoko eta apirileko errealitatea asko aldatuko denik urtarrilekoarekin eta otsailekoarekin alderatuta. Hala ere, hark dioenez, oso garrantzitsua da ikustea esportazioei eta inbertsioei zein neurritan eusten zaien, horiek “oso ondo” islatzen dutelako errealitatea.