“Volkswagenen ekoizpena jaitsiz gero, horrek lanpostuetan eragingo luke”

Industria eta, batez ere, automozioaren sektorea ondo baino hobeto ezagutzen ditu Chechu Rodriguezek (Tutera, 1959), Nafarroako CCOO sindikatuko Industria Federazioko idazkari nagusiak. Volkswagen markak Polo modeloarekin asmatu izana oso garrantzitsua izan dela esan du Rodriguezek. Duela hilabete inguru, automozioaren gaineko ikerketa bat publikatu zuen CCOO sindikatuak. Horren arabera, joan den urtean, automozioan 325 lanpostu galdu ziren, eta duela bost urteko mailara itzuli zen.

Nafarroako industriaren motorretako bat da automozioa. Nolakoa da sektorearen errealitatea?

Joan den urtean 325 lanpostu inguru galdu ziren. Langile kopurua murriztu egin zen, eta kontratazio falta agerikoa da. Krisi ekonomikoa dela eta, enpresak langile zerrenda taxutzen ari dira. Jaitsiera ez da soilik autoak eta euren osagaiak ekoizten dituzten enpresetan, baita ibilgailuak saltzen dituztenetan ere. Izan ere, matrikulazio kopurua ere dezente murriztu da. Egia da Volkswagenen ekoizpenari eusten ari dela. 2010ean eta 2011n inoiz baino gehiago ekoitzi zen. Horri esker, Alemaniako enpresak behin-behinean jende andana kontratatu zuen.

Nolakoak dira 2013rako aurreikuspenak?

Ikusten ari garenez, beheranzko joera antzematen da industria sektoren. Pixkanaka gertatzen ari da jaitsiera, baina ez da gelditzen. Horren eraginez, izugarri murriztu da sektorean aritzen diren enpresa kopurua. Esaterako, 2008ko abenduan, 3.472 enpresa aritzen ziren industrian, eta 2012ko abenduan, berriz, 2.980. Automozioaren azpisektorean modu bertsuan eragin du. Automozioan, 11.766 lagun aritzen dira lanean, eta, azken urteetan, ohartzen ari gara langile kopurua murrizten ari dela egoera ekonomikoaren eraginez.

Ikerketan nabarmendu egin duzue automozioak Volkswagenekiko duen mendekotasuna.

Sektoreko enpresa nagusia dela esan daiteke. Egun, 4.700 lagunek egiten duten lan Volkswagenen. Oro har, automozioan aritzen diren gainontzeko 7.300 langileak faktoria horren menpekoak dira. Hala ere, egia da Volkswageneko hornitzaile gisa lan egiten duten enpresek beste marka batzuetarako ere egiten dutela lana. Baina Landabengo enpresak krisi ekonomikoari ongi egin dionez aurre, gainontzeko enpresei errealitate horrek on egin die.

Ikerketan diozuenez, Volkswagenekiko mendekotasuna arriskutsua izan daiteke?

Sektorearen bizkarrezurra dela ezin da ukatu. Hala ere, uneren batean arriskutsua izan daiteke. Volkswagenen ekoizpena jaitsiz gero, horrek lanpostuetan eragingo luke. Kontuan hartu beharreko arriskua da hori. Egiturazko krisi baten baitan gaude. Esaterako, autoen salmenta murrizten ari da, eta, beraz, produkzioa ere bai. Hala ere, Landabengo enpresak Polo modeloan asmatu egin du, eta inoiz baino gehiago saldu.

Aurrez aipatu duzu industriaren sektorean enpresa kopurua murriztu dela. Hala ere, automozioan badirudi nahiko egonkor eutsi diotela kopuru horri.

Horrela da. 1999. urtean 94 enpresa aritzen ziren automozioaren sektorean, eta 2011n, 99. Krisi ekonomikoari aurre egin, eta enpresa kopurua hazi egin da. Ez, ordea, langile kopurua. Beraz, lehiakortasunean izaten ari garen murrizketek, lanpostu galera eragin dute. Gure ustez, berrikuntza planetarako finantzaketa sustatu behar da, goi mailako prestakuntza duten langileak izateko eta kalitatezko produktuak ekoizteko. Horrela, lehiakorragoak izatea lortuko dugu.