“Mexikoko iparraldea erakusten duten baino okerrago dago”

Denboraldi bat han eta beste bat hemen, Monterrey (Mexiko) eta Lizarra artean bizi da Olaia Santxez (Lizarra, 1986). Urtebete igaro zuen itsasoaren beste aldean karrera amaitzen, eta, geroztik, ez du harremana eten Mexikorekin. Orain, Lizarran dago. “Itzultzeko asmoa dut, betiere lanaren arabera; dena den, orain Euskal Herriaz gozatzeko gogoa dut”.

2010ean ezagutu zuen Mexiko, eta urtebetez aritu zen Monterreyko unibertsitatean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen, eta irudi eta soinuan espezializatu zen. Egun, soinu teknikaria da, eta Monterreyn du grabaketa estudioa. Lizarrara etortzen denean, Radio Vitoria irratian aritzen da. Soinua eta irudia uztartzea gustatzen zaio, eta, orain, musika grabaketetan dabil. Mexikoko musika tradizionaleko talde batekin grabatu du, adibidez. Halaber, Mexikon kalean aritzen diren musikariei buruz egin zuen dokumental bat. “Mexikon oso ohikoa da jendea kalera ateratzea dirua irabazteko, bai musika jotzen, bai gauzak saltzen, baita autoak garbitzen ere. Krisiari aurre egiteko forma da, eta legeak baimentzen ditu horrelako ekintzak”. Beraz, kamera hartu, eta kalean topatzen zituen musikariak elkarrizketatu zituen. Ikasketa amaierako proiektua izan zen.

Mexikoko iparraldean dago Monterrey, eta ezaguna da zementu eta altzairu industriengatik. Mendiz inguraturiko hiria da, eta aisialdirako hiri berde gisa aurkezten badute ere, Santxezek ziurtatu du Erdialdeko Amerikako hirien artean gehien kutsaturikoa dela. “Alde batera utzi dituzte gune naturalak; aurten, adibidez, hiri erdialdean zegoen azken basoa kendu dute, eta Mexikoko futbol zelairik handiena eraiki”. Baina, guztiaren gainetik, narkotrafikoarengatik da ezaguna Monterrey eta Mexikoko iparraldea. Hilketak, tiroketak, delinkuentzia… eguneroko kontua da.

“Nik ez nuen iraganeko Monterrey ezagutu, baina hemengo herritarrek esaten dute kaleak beti beterik zeudela, eta Erdialdeko Amerikako hiririk seguruena zela. Nik ezagutu dudan hiria, ordea, hiri desertua da; jende asko bizi da Monterreyn, baina etxean sartuta bizi dira, beldurra dutelako”. Narkotrafiko taldeen buruzagiek tabernariei eta enpresa txikiei zergak eskatzen dizkiete, eta horietako askok negozioak itxi behar izan dituzte, ezin dituztelako zergak ordaindu; eta beste asko, bizirik irauteko, haien lokaletan droga saltzera behartuta daude. Egoera hain gogorra izanik, Monterreyko gizartea “krisi latza” pairatzen ari dela uste du Santxezek: “Oso zaila da kalean askatasunez ibiltzea; gizartea nora ezean bizi da. Herritarrek ez dakite nola aldatu egoera, eta itxaropenik ez dute”. Azkeneko urteetan dozenaka herritar errugabe hil dituzte.

Komunikabideek azaleratzen dutena, gainera, ez da errealitatearen isla. “Hedabideek erakusten duten baino okerrago dago Mexikoko iparraldea”. Inguruko agintariek ezer gutxi egiten dutela azaldu du, eta egoera hobetu beharrean hiria militarizatu dutela jakinarazi du Santxezek. “Hiritarren segurtasunak okerrera egin du horrela”.

Mexikok 31 estatu ditu, eta batak bestearekin zerikusirik ez duela azaldu du Santxezek. Toki bakoitzak izaera propioa duela, alegia. Bidaiatzeko aukera izan du, eta Chihuahua, Oaxaca eta Chiapas ezagutu ditu, besteak beste. Herrialde surrealista iruditzen zaio Mexiko: “Edozer gauza gerta daiteke edozein momentutan. Herritarrak egunerokoan bizi dira, eta ezin da aurreikusi gerora zer gertatuko den, baina munduko gauzarik eroena gerta daiteke”. Oso hizlariak direla dio Santxezek, eta lasai bizi direla, denbora kontuan hartu gabe. Kulturalki ere, herrialde aberatsa da: musika ederra dute, eta jatorrizko hizkuntzak gordetzen dituzte toki askotan. Ohitu da jadanik Santxez, baina hasieran guztiarekin harritzen zen.

“Oso mistikoak dira, eta sinismenak oso errotuta daude gizartean”. Ezaguna da, adibidez, Monterrey ondoan dagoen Espinazo herriko sinismena. Kondairak kontatzen duenez, Fidencio izeneko haur batek gaixotasunak sendatzen zituen metodo “harrigarriekin”. Behin, Santxez bere mutil-lagunarekin Espinazon zegoela, gasolindegi batean geldialdia egin zuten, eta emakume bat hurreratu zitzaien besoetan ume bat zuela. Ondoko herrira eramatea eskatu zien, eta segituan igo zen autoan.

“Ibilbidean, Fidencio haurraren inguruan galderak egin nizkion emakumeari, eta halako batean kontatu zigun Aurorita izeneko 7 urteko neskatila bat ezagutzen zuela eta mirariak egiten zituela”. Dirudienez, Aurorita Fidencio haurraren berraragiztatzea da. Emakumeak hirira joan nahi zuen medikuei erakusteko Auroritak egiten zituen “mirariak”, medikuek esan baitzioten bere semearen gaixotasuna sendaezina zela. “Orduan ohartu nintzen herrialde honek duen xarma benetan berezia dela”.