Aurten ez da egonen Solaskide programa, Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik gabe utzi duelako. Hori salatu dute IKAk, AEK-k, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZE Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkargoak. Orain dela urte batzuk, Nafarroako Gobernuak abian jarri zuen Solaskide programa, eta Nafarroako ikastetxeetako gazteen ahozkotasuna bultzatzea zuen helburu. Aurten, diru falta dela eta, ez da izanen programa.
Solaskide programaren inguruan aritu diren lau erakundeek, IKA, AEK, NIE eta NIZEk, Nafarroako Gobernuaren “utzikeria” salatu dute: “Euskararen erabilera, motibazioa eta irakaskuntza indartzeko egitasmoetan gobernuak ez du ahaleginik egin, alderantziz, kentzen eta murrizten saiatu da”. Adierazi dutenez, azkeneko urteetan Solaskide programaren aurrekontua murriztu den arren, proiektuari eustea lortu dute. Aurten, berriz, ezinezkoa egin zaie. Beraz, euskararen proiektuen inguruan gobernuaren interesik eza agerian gelditu dela uste dute.
Izan ere, Solaskide eta gisako programak “beharrezkotzat” jo dituzte IKAk, AEK-k, NIEk eta NIZEk, gazteen euskararen erabilera indartzen baitute. Urte hauetan guztietan, Nafarroako ikastetxeetan —A zein D ereduetan— IKA eta AEK-ko irakasleek astean ordubeteko saioak egin dituzte, gaztetxoen ahozko gaitasuna hobetzen laguntzeko. Denera, ehun bat ikastetxetan aritu dira, eta saio bakoitzean bi irakaslek parte hartu dute. Ikasleek eskolan euskaraz hitz egiteko eta mintzamena lantzeko balio izan du programak; izan ere, aukera gehiago izan dituzte praktikatzeko.
Gainera, Solaskide programaren ikasturtea antolatzeko hainbat bilera eginak zituzten. Baina berriki Nafarroako Hezkuntza Departamentuak mezu elektroniko baten bitartez jakinarazi zien Solaskide programa ez dela egonen. “Nafarroako Gobernuaren ageriko gaitasunik ezak eta euskararen kontrako jardun iraunkorrak horixe eragiten dute: euskararen aldeko proiektuak bertan behera geratzea”, salatu dute.
Urteotan IKAk eta AEK-k Solaskide programaren diru laguntza jaso dute, eta NIE eta NIZEko ikasleek jaso dituzte lan saioak. “Ez dira gai izan proiektu xume honi eusteko; aurrekontuetan aurreikusita zegoen Solaskide programa baztertuko zuela Nafarroako Gobernuak. Jarrera ezin adierazgarriagoa izan dute”, adierazi dute prentsa ohar baten bidez.