Bost urte daramatza Gregorio Diaz Ereñok (Barakaldo, 1959) Jorge Oteiza museoko zuzendari lanetan. Urte hauetan guztietan museoa sendotu dela eta Oteizaren izena unibertsala izateko lanean jarraituko dutela azpimarratu du.
Hamar urte bete ditu aurten museoak. Zer balorazio egiten duzu?
Poliki-poliki museoa finkatu da, eta, era berean, Oteizaren memoria sakonki aztertu dugu, bai egindako erakusketekin, baita argitalpenekin ere. Museoak marka izatea lortu dugu, eta horma hauek gordetzen dutenari ahotsa eman diogu. Esan dezakegu Oteizaren memoria eraiki dugula —eraikitzen ari gara—. Hamar urteren ondoren, baikor gaude, eta proiektua sendo dago.
Oteizaren inguruko interesak egun aitzina jarraitzen du.
Gero eta gehiago. Izan ere, ikertzen dugunean Oteizaren inguruan, gehiago ezagutzen dugu. Berriz ezagutzen dugu, eta ikusten ez genituen esparru batzuk agerian geratzen dira. Deskubritzen ari gara. Orain, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean, lehen baino askoz gehiago ezagutzen dugu Oteiza. Haren nortasuna oso indartsua zen, eta gizartearen zati batentzat Oteizaren nortasunak obra gainditzen du. Guk orekatu behar ditugu bi elementu horiek, nortasuna eta obra. Azken finean, obra, aldi berean, artista da.
Mitoaren izaera erantzi, adibidez?
Bai. Seduktore aparta zen Oteiza, eta bere sortzeko gaitasunarekin ikusleak erakartzen zituen. Dena den, mitoaren irudia arriskutsua eta kaltegarria izan daiteke. Batik bat ikusleak bere sorkuntzaren errealitatetik aldentzen dituelako. Nik uste dut gaur egun bi elementu horiek orekatzen ari direla, eta gizartea kontziente da Oteizak sortzaile moduan duen garrantziaz. Guretzat hori ezinbestekoa da.
Poeta, pentsalari, arkitekto, eskultore… Artista zen Oteiza.
Oteizaren obrek arte guztiak hartzen dituzte beren gain. Mundua eraikitzen du, eta bereziki gizartearentzat lan egiten du, gizartea eraldatzeko. Horregatik, sortzailea izateaz gain, zerbait gehiago da Oteiza. Erabat erreaktiboa zen, eta orduko gizartearen bultzagarria.
Eraldatzailea zen. Horregatik jaso zituen hainbeste porrot?
Sortze prozesuan hainbeste konprometitu zenez, mugak gainditu zituen eta mundu artistikoaren aurretik zihoan. Horregatik, arazoak izan zituen, gehienak jendeak ulertzen ez zuelako. Gerora, urteak pasa ahala, merezimendua eman diote. Baina porrotak logikoak dira. Gizarteak ez zuen ulertzen hark zer eraiki nahi zuen, gizarteak ezin zion haren erritmoari jarraitu. Hala ere, porrotak akuiluak ziren Oteizarentzat, aurrera jarraitu zuen, eta horrela egin zuen hil arte. Nafarroan utzi zuen bere ondarea, eta ondareak toki fisikoa du, museoa, baina Oteiza bezalakoa da: muga geografikoak gainditzen ditu. Gizadiari eman zion ondarea Oteizak, eta bizirik dagoen museoa nahi zuen.
Bizirik dagoen museoa da Altzuzakoa?
Bai. Bizirik dagoen museo bat poliki-poliki egiten da. Bisitariek ere eraikitzen dute museo bizia. Hortaz, elementu dinamikoa da. Bisitariek Oteizaren obra ikustean berezko historia eta museoa sortzen dute. Gure lana gizartea inplikatzea da. Orain zuhurrak izan behar dugu, arretaz eraiki behar dugu memoria, eta zorroztasunez. Azken finean, emozioen bidez, museoa gizartea eraldatzeko lekua izatea nahi dugu. Bizirik dagoen museo batek emozioak eragiten ditu, eta edertasun emozional horrek eragiten du norberaren eraldatzea. Baina ez dugu nahi museoa masiboa izatea. Hona etortzen direnak paseatzen dira.
Museoak unibertsala egin du?
Bera da unibertsala. Egun, uste dut modu biziago batean uler daitekeela Oteizaren pentsamendua. Hamar urte hauetan Oteizaren biografia lantzen aritu gara, eta horretan gabiltza. Oteizaren diskurtsoa oso irekia eta aniztuna da, ez da inoiz agortzen.Guk nahi duguna da Oteizaren izenak, ezaugarri eta berezitasun guztiekin, izaera unibertsala izatea, mundu guztian egotea. Oteizak zintzotasun osoarekin utzi zuen artearen mundua, baina inoiz ez zion sortzeari utzi. Bere nahia izan zen, eta Euskal Herrira itzuli zen, etxera. Ez zuen parte hartu nahi museoetan, ezta arte galeriatan ere. Gizon aurreratua zen Oteiza. Pauso bat aurreratuta zihoan beti. Hark uste zuen artea gizartearena dela, eta erabat apurtzailea zen. Beti protestatzen zuen, baina ez ziren protesta soilak. Bidegabekerien aurka agertzen zuen kexa. Hezkuntza, kultura, politika… Oso gizon konprometitua izan zen, eta egun horrela izanen litzateke bizirik balego.
Hamar urteren ondoren, patronatuko batzuek esaten dute museoak egun den baino gehiago izan beharko lukeela, ez dagoela Oteiza osoa.
Hemen Oteiza osoa dago, bere esparru guztietako lanak jaso ditugu. Museoak ahalegin handiak egin ditu artistaren alde guztiak jasotzeko. Dena hobetu daiteke, baina uste dut hamar urte hauetan Oteizaren pentsamendua finkatu eta hedatu dugula. Lana presarik gabe egin behar dugu. Esparru guztiak elkartu behar ditugu osotasunera iritsi arte. Azken finean, batzea da kontua. Gainera, museoak lan egin du nabarmenkeriarik gabe, ikuskizunik gabe.