Etxarri Aranazko Udalak herri galdeketarekin jarraitzea erabaki du

Etxarri Aranatzen, aurrera eginen du autodeterminazio eskubidearen inguruko herri galdeketak. Joan den ostiralean, udalak osoko bilkura egin zuen galdeketarekin jarraitu edo ez erabakitzeko, eta galdeketaren alde egitea erabaki zuten. PPko zinegotzi bakarrak bozkatu zuen aurka, eta Bilduko sei zinegotzik eta NaBaiko hiruk egin zuten herri galdeketaren alde.

Kontsultan, galdera hau egingo diete herritarrei: “Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako Estatu independente berri baten parte izatearekin?”. Otsailaren 2an abiatu zuen Etxarri 2012+1 egitasmoak galdeketa prozesua, eta udalari “erabakitzeko eskubidea bermatzeko eskaera” egin zion. 27/2007 Foru Legearen arabera, erroldakoen %10en babesa behar dute herri galdeketa egiteko, eta Etxarri 2012+1 egitasmoak 360 sinadura ditu. “Errolda kontuan hartuta, berrehun sinadura behar genituen”, adierazi du Mikel Mundiñano egitasmoko kideak. Hortaz, udal batzarrean onartu zuten testuak dio “benetako demokraziaren balioetan” sakondu nahi dutela, “hala nola herritarren elkarbizitzan, parte hartzean eta herritarren iritzia aintzat hartzean”.