Duela 25 urte inguru hasi zen Koldo Pla (Piedramillera, 1950) memoria historikoa berreskuratzeko lanean, beste hainbat lagunekin batera. 1988an, Antsoaingo eskolako maisu bat hasi zen Ezkabako ihesaldia lantzen, eta hala sortu zitzaien preso batzuk biltzeko ideia. Urte hartan omendu zituzten lehenengoz. 1936ko gerraren ondorioz gertatutakoa berreskuratzeko asmoz, Txinparta elkartea sortu zuten 2000. urtean, beste hainbat lagunekin batera.
1988an egin zenuten Ezkabako presondegikoen aldeko lehen omenaldia. Nola hartu zenuten erabakia?
Oso gauza gutxi zegoen gaiari buruz argitaratuta, eta horren ondorioz hasi ginen gaia aztertzen. Hala, 1988ko maiatzean omenaldi bat egin genuen, lehenengoz, horretarako propio egindako monolitoan. Handik aurrera, urtero-urtero hasi ginen omenaldiak egiten. Zeregin horretan, 25 urte daramagu.
Denbora horretan nola aldatu dira omenaldiak?
Hasieran ihesaren historia gogoratzen genuen, eta errepidean bertan dantzariek aurreskua dantzatzen zuten. Gero, 2000. urtetik aurrera, Iñaki Alforjak egindako dokumentalaren harira jasotako datuak ere bagenituen, eta horrek bultzada handia eman zion.
Txinpartak ere lan handia egin du informazioa biltzen.
Hala da. Roldan Jimenok zerrenda bat eman zigun, bere aita zenak, Jimeno Juriok, Ezkabako hilerrian lurperatuta zeuden lagunen izenez osatutakoa. Horrela, 2010. urtean, Aranzadi zientzia elkarteko kideekin batera abiatu genuen indusketa. Hilotz bakoitzak botila bat zuen ondoan. Barruan, hildakoaren datuak jasotzen zituen papera izaten zuten. Hala ere, asko suntsituta zeuden, eta paperik ez genuen aurkitu.
Igandean, berriz ere gogora ekarriko duzue Ezkaba izan zena?
Bai, aurten ere izango da omenaldia. Berez, Ezkabako gotorlekua Defentsa Ministerioarena da, eta baimena eskatu genuen omenaldia barruan egin ahal izateko, baina baimena ukatu digute. Ondorioz, omenaldia, espetxeko atarian eginen dugu. Lucia Soca abeslariak abestuko du. Memoria historiakoarekin lotura handia du, eta emanaldi polita izanen da. Horrez gain, lehen aldiz, atera nahi genuen argazkia eginen dugu. Izan ere, ihes egitea, ihesaldian muga gainditzea lortu zuten hiru lagunen senitartekoak gurekin izanen dira. Ziur naiz oso une polita izanen dela.