S ei hilabete igaroko ditu Danimarkan. Dagoeneko lau egin ditu, eta bi baino ez zaizkio gelditzen iparraldeko herrialdean. Uztailean itzuliko da Nafarroara Garazi Itoiz (Rocaforte, 1990), boluntariotza proiektu batean aritu ondoren.
Europako Boluntariotza Zerbitzuaren bidez lortu du hara joatea, eta ingurumen proiektu batean aritzen da, Kopenhagen. 5 eta 10 urte bitarteko umeekin lan egiten du, eta haurrei balio ekologikoak ezagutarazten eta garatzen laguntzen die. Boluntariotza zerbitzuak Europan hamaika proiektutan parte hartzeko aukera ematen du: “Nik gaia —ingurumena— argi nuen, eta proiektua horren harira aukeratu nuen, ez herrialdeagatik”, adierazi du Itoizek. Hala ere, gustura dago herrialdean, eta Danimarkaz gozatzen ari da.
Kopenhagetik 45 kilometrora dagoen komunitate ekologiko txiki batean bizi da, Munksogarden. Ehun etxe inguru ditu, eta herritarrak taldeetan bizi dira. “Komunitate osoa ingurumena ahalik eta gehien zaintzeko ezaugarriekin diseinatuta dago, eta han bizi direnek herriko lan eta jardueretan parte hartu behar dute”. Adibidez, talde bakoitzak elkarrekin afaldu behar du astean hiru aldiz.
Gizarte eta ingurumen politiketan Danimarka munduko herrialderik aurrerakoienetako bat dela esaten da. Ingurumen Zientziak ikasi ditu Itoizek, eta horrela dela uste du, batez ere gizarte politiketan. “Gizarte ordenatua eta ekonomikoki egonkorra egituratu da herrialdean, gizarte politika aurrerakoi eta zabalei esker”. Ingurumenari dagokionez, berriz, alde eta kontrako jarduerak ikusi ditu Itoizek. Alde batetik, garraio publikoa asko erabiltzen da, eta bizikletaren erabilera oso hedatuta dago. “Bidegorriei jarraituta toki askotara iristeko aukera dago, eta herritarrek gehienetan bizikleta erabiltzen dute edozein zeregin egiteko; Kopenhagen, adibidez, %40k erabiltzen dute bizikleta egunero”, azaldu du.
Baina kontrako jardueren artean, hondakinen arazoa aipatu du Itoizek: “Zaborraren bilketa masiboa egiten dute, eta gehiena errausten dute; soilik latak eta beira bereizten dituzte”. Hala ere, zenbait auzo eta herritan birziklatze sistema “eraginkorra” dutela dio Itoizek.
Daniar guztiek dute hezkuntza eta osasunerako zaintza osoa doan izateko eskubidea, eta horren truke zerga handiak ordaintzen dituzte herritarrek. Batez beste diru sarreren %55 ordaintzen diote estatuari: “Daniarrei ez zaie inporta zerga handiak ordaintzea, horren truke jasotzen dituzten zerbitzuak onak, kalitatezkoak eta doakoak badira; sistemak ongi funtzionatzen du”. Gainera, daniar gazteen independentzia bermatzeko, 18 urte betetzen dituztenean gobernuak diru laguntzak ematen dizkie gurasoen etxea uzteko eta bere kabuz bizitzeko. “Norberak bere bizimodua eraikitzeko pizgarriak dira”, dio Itoizek.
Hala ere, Euskal Herrian laguntza horiek sortzeko, gizartean ikuspuntu aldaketa bat beharrezkoa dela uste du Itoizek: “Pentsaezina iruditzen bazaigu, ez dugu inoiz aukera hori izanen, eta aberasgarria izanen litzateke denontzat”. Ohikoa izaten da, gainera, gazteek eskola amaitu ondoren urte batzuk hartzea beste gauza batzuk egin eta etorkizuna nola bideratu ongi erabakitzeko. Horrela, batez beste, 23 urterekin hasten dute unibertsitatea. “Hemengo lagunak harritu dira 22 urterekin karrera amaitua dudalako; nire adina dutenak unibertsitateko lehenengo mailan daude”.
Ongi moldatu da Itoiz daniarrekin, eta komunitatean bizi diren lagunekin familia handia osatu du. Hotzak diren ospea dute daniarrek, baina ez dago baieztapen horrekin guztiz ados: “Hasiera batean gu baino zertxobait itxiagoak dira, baina haiekin hitz egiten hastean, oso jatorrak eta atseginak dira”. Euskal Herriko begiekin ikusita, indibidualistak dirudite, eta Itoizek hezkuntzarengatik dela azaldu du. “Eskoletan hezkuntza oso pertsonalizatuta dago, eta haur bakoitzak bere erritmoa du. Hezkuntza hori edukitzeak bizitzako beste arlo batzuetan du islada, baina ez dut uste txarra denik”.
Danieraz ikasten dute eskoletan, baina ingelesa da herrialdeko bigarren hizkuntza nagusia, eta guztiek dakite. “Oso zaila da daniera. Atzerritarrok hiru urteko ikastaroa dugu dohainik, hiru urte behar direlako danieraz ongi egiteko; hala ere, ikastaroa egin duten atzerritarrak ezagutu ditut, eta oraindik lan handia egin behar dute danieraz aise moldatzeko”.
Groenlandiera eta faroera ere hitz egiten da Groenlandian eta Faroe uharteetan. Danimarkaren zati dira, baina lurralde autonomo gisa funtzionatzen dute. Berezko hezkuntza eta osasun sistema dute, baina, hala ere, bi herrialdeek Danimarkarekin duten menpekotasuna “berebizikoa” da. “Adibidez, unibertsitate ikasketak egiteko ia ezinbestekoa da Danimarkara joatea”. Unibertsitate bakarra dago Groenlandian, Nuuken, eta 150 ikasle inguru aritzen dira han.