Hamaika istorioko etxea

Kale lasaia eta isila da Iruñeko Alde Zaharreko Ansoleaga. Ia mugimendurik gabekoa, eta ia merkataritzarik gabekoa. Kaleko etxeek, hala ere, hamaika istorio eta bitxikeria gordetzen dituzte barruan. Horren adibidea da Ansoleagako 10. zenbakia. Iruñeko etxerik zaharrena da, eta zein urtekoa den jakin ezin den arren, XIII. mendekoa dela diote. Han du egoitza Nafarroako Kontuen Ganberak 1995. urteaz geroztik, baina lehenago ere han izana da —1524tik 1837ra—.

Izan ere, istorio eta erabilera anitzeko eraikina izan da Ansoleaga karrikakoa. Haren hormek gordetzen dutena karrikaratu du orain Fermin Erbiti Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduradunak liburu batean: Kontuen Ganbera, Iruñeko etxe zaharrenaren eta ingurukoen istorioak. “Gezurra dirudi eraikin honek hainbeste erakunde eta hainbeste jende hartu izana mende hauetan guztietan”, esan du Erbitik. Istorio horiek guztiak bildu ditu, eta argazki zaharrekin kontakizun ilustratua osatu du.

Ansoleagako etxearen historia, beraz, XIII. mendean hasten da. Pedro de Berio Otazu sendiaren jauregia zen, eta han bizi izan ziren Gaztelako errege Karlos I.ak 1524an etxea erosi zien arte. Erregeak Kontuen Ganbera izateko egokitu zuen, eta bertan aritu ziren aditzaileak —egungo kontu ikuskariak— 1836an erakundea desagertu zen arte. Besteak beste, zergak kudeatzea eta erregearen eskubideak administratzea ziren erakundearen zereginak.

Hala ere, Kontuen Ganbera 1365. urtekoa da. Nafarroako errege Karlos II.aren erregealdian sortu zen, erresumaren egoera ekonomiko txarra konpontzeko asmoz. “Epaitegia ere izan zen, eta Madrilgo Gobernuak ez zuen begi onez ikusten. Erasoak etengabeak izan ziren, eta erakundea ahuldu zen”, azaldu du Erbitik. Nafarroako Erresuma azken hatsa ematen ari zen garaian, 1837. urtean, Madrilgo gobernuak egindako dekretu baten ondorioz desagertu zen erakundea.

146 urteko etenaldia izan zuen Kontuen Ganberak. Izan ere, 1982. urtean Nafarroako Parlamentuak erakundea berriro martxan jarri zuen. Egun, hala ere, ez du orduko funtziorik betetzen. Diru publikoaren kudeaketaz arduratzen da, eta aholkuak ematen dizkio Nafarroako Parlamentuari. Horrela, 1995. urtean itzuli zen Kontuen Ganbera bere eraikin historikora. Bitartean, Iruñeko beste hiru eraikin izan zituen lantoki, baina argi du Erbitik erakundearen nahia beti izan dela Ansoleaga karrikara itzultzea. “Erreinuaren garaiko egoitza bera duen Nafarroako erakunde demokratiko bakarra da”.

Nafarroak Kontuen Ganbera izateko eskumena galdu zuenean, hamarkada batzuk igaro zituen etxeak hutsik, eta “erabat utzita” geratu zen hainbat urtez. Hala ere, 1868. urtetik aurrera mugimendua ez da eten Ansoleaga karrikako eraikinean. Ordutik, hainbat erakunderen egoitza izan da, horietako asko kulturarekin loturikoak. Monumentuen Batzordearen egoitza izan zen, eta euskararen alde lan egin zuten bi erakunderen egoitza —Nafarroako Euskara Elkargoa eta Euskararen Akademia—. Nafarroako lehenengo museoak Ansoleaga karrikako etxean ireki zituen ateak, eta Vianako Printzea erakundea ere han aritu zen. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitateak eta Foruzaingoak erabili zuten etxea.

Iruñean gelditzen den gotiko zibileko eredu bakarra da Ansoleagakoa, eta etxeak harrizko horma sendoak gordetzen ditu oraindik ere. Erbitik ez du dudarik haren balio historikoaren inguruan. Ateburuan dorrea du, baita leiho puntadun batzuk ere. 1868. urtean monumentu nazional izendatu zuten, eta batez ere Monumentuen Batzordeko kideak arduratu ziren etxearen egoeraz. Mendez mende etxea zaharberritu eta egokitu da.

Kontuen Ganbera desagertu zenean, Jose Yanguas Miranda diputazioko artxibozainak hartu zuen hango liburuak gordetzeko eta lekuz aldatzeko ardura, XIX. mendean. “Hari esker gordetzen ditugu artxibo eta txosten guztiak. Adituen arabera, ez dago Europan beste inon Behe Erdi Aroko horrelako beste artxiborik”, azaldu du Erbitik. Egun, agiritegi guztiak Nafarroako Artxibo Nagusian daude.

1993. urtetik da Erbiti Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna. Gutxika-gutxika lortu du eraikinaren historia —eta istorioak— osatzea. Dokumentazio lan handia egin du Nafarroako Artxibo Nagusian, eta Ansoleaga kaleko bizilagunei galdezka aritu da. “Ezagutzen ez nituen kontuak deskubritu ditut horrela; Iruñeko lehenengo euskaltegiaren egoitza izan zela urtebetez, adibidez”. Izan ere, 1951. urtean diputazioak martxan jarri zuen Euskararen Akademia Ansoleaga karrikako etxean, eta urtebetez 33 ikasle aritu ziren. Hurrengo urtean ikasle kopurua handitu egin zen, eta eskolak lekuz aldatu behar izan zituzten. Dena den, 1970. urtera arte iraun zuen akademiak, eta, denera, 300 ikasle aritu ziren. 1974an sortutako Arturo Campion euskaltegiak hartu zion lekukoa.

Gardentasuna oinarri

Funtsezkoa ikusten du Erbitik Kontuen Ganberak egiten duen lana, eta, are gehiago, eraikina nafarrei zein bisitariei ezagutaraztea. Horregatik ditu beti ateak zabalik: “Bisita gidatuak antolatzen ditugu, interes handiko eraikina baita”. Hori horrela izateko ahalegin handiak egin dituztela azaldu du Erbitik, eta diru publikoaren erabilera kontrolatzen duen erakundea izanik, erakundearen “gardentasuna” azpimarratu du. “Gobernuak erakundea berrezarri zuenetik gardentasun osoz lan egin dugu, hori baita gure armarik garrantzitsuena”. Erakundeak egindako txosten batzuek, gainera, oihartzun handia izan dute komunikabideetan. Gogora ekarri du erakundeak ateratako lehenengo txostena, “zalaparta ugari” eragin zituelako gobernuan. “Gure indarra ere hori da, ezagutaraztea; izan ere, nafar guztiek dute eskubidea gure lanaren berri izateko”.

Jarraituko du erakundeak fiskalizatze lanak egiten, bisitariak erakartzen, eta jarraituko du istorioak gordetzen eta, era berean, historia eraikitzen ere.