Zurich Suitzako hiririk handiena da, bai eta interesgarriena ere. Ez litzaidake gustatuko Suitzako beste hiri batean bizitzea”. Argi du Miren Garatek (Lizarra, 1966). Duela hogei urte iritsi zen Suitzara, eta han eraiki du bere bizitza. Lana, lagunak, senarra…: “Hona etorri nintzen suitzar batekin maitemindu nintzelako”.
Hogei urte hauetan denetarik egin du Zurichen. Arkeologia ikasketak ditu Garatek, eta hasieran arkeologia indusketetan aritu zen. Hamaika urtez, gaztelerazko irakaslea izan zen ikastetxe batean, eta, egun, Frantziako lagun batekin hizkuntz eskola bat sortu du Zurichen. “Bost hizkuntza irakasten ditugu, eta gure bezero gehienak banketxeetako langileak dira”. Izan ere, garrantzitsuak dira hizkuntzak Suitzan. Lau dira ofizialak: italiera, frantsesa, alemana eta erromantxera. Gehien erabiltzen dena alemana da, baina suitzar gehienek hizkuntza bat baino gehiago dakite. Garatek italiera eta alemana menperatzen ditu. Zurichen gehien hitz egiten diren hizkuntzak erromantxera eta alemana dira. Erromantxerak dialektoak ditu, eta, batik bat, ahozko hizkuntza da. Garatek dio suitzarrak oso harro daudela haien hizkuntza guztietaz, eta, gainera, politikariak hizkuntza guztietan mintzatzen direla. “Hemengo kultura eta identitatea zeharo babesten dituzte; hemengoa zaindu, eta hangoa errespetatzen dute”.
Suitzako Alpeak dira, dudarik gabe, herrialdeko lekurik erakargarriena. Alpeetako amildegi malkartsuek, beti elurrez estalita dauden mendi garaiek eta glaziar handiek postalak dirudite. Hala ere, Garatek hirietako “xarma” maite du. Zurichek, adibidez, kultur eskaintza “zabala” du. “Oso aberatsa da, eta denetarik egiteko aukera dago. Bizi-kalitatea oso ona da”. Garraio publikoak oso ongi funtzionatzen du, eta hiriak oso garbiak daude. Gainera, Zurichen erdialdean laku handi bat dago, eta, udan, jende andana joaten da eguna pasatzera.
Multikulturalitatea da Zuricheko beste ezaugarri bat: “Hemen herrialde guztietako jendea bizi da, eta ongi integratzen dira. Ezagutu ditudan suitzar gehienak atzerritarrekin daude ezkonduta”. Hala ere, arrazismoa badagoela dio Garatek. “Modu sotilago batean, hori bai”.
Dena den, oro har, suitzarrak begirunetsuak eta hezibide onekoak dira. “Hemen denetarik dago, mundu guztian bezala”. Baina, nafarrekin alderatuz, Garatek uste du ez direla batere “espontaneoak”. Dena dute antolatua. Esaterako, norbaitekin afaltzeko edo zerbait hartzeko, hilabete lehenago egiten dute plana. Bitxia egiten zaio Garateri suitzarrek beti topa egiten dutelako ospakizunetan. “Nafarroan ez bezala, hemen banaka egiten dute topa, begietara begiratzen eta bakoitzaren izena esaten. Behin gertatu zitzaidan kopa hartu nuela, eta topa egin gabe edaten hasi nintzela”.
Esan bezala, herrialde aberatsa da Suitza, eta aukera handiak eskaintzen dizkie herritarrei. Erosteko ahalmena oso altua da, eta asko bidaiatzen dute. Denek dute lana —langabezia tasa %3,2koa da—. “Herritarrek Europako Batasuneko beste herrialdeetan baino askoz gehiago kobratzen dute, eta, horregatik, oso garestia da: etxea, osasuna, janaria… Dena”. Hirietako azpiegiturak “ezin hobeak” dira, eta burokrazia, “eraginkorra”. Adibide bat jarri du Garatek: “Pasaportea berritu nahi baduzu, deitu eta hamar minutuan egiten dute”. Herrialdeko segurtasuna ere abantaila da. “Nik ez dut inoiz beldurrik sentitu gauean bakarrik ibiltzen”. Delinkuentzia badago, baina gutxi. Politikan, Nafarroan baino kontserbatzaileagoak direla iritzi dio Garatek, baina Suitzako “zuzeneko demokrazia” goraipatu du.
Baina dena ez da urre kolorekoa, eta bere alde “ilunak” ditu Suitzak. Politikoki, herrialde “neutrala” da, baina biztanleko arma gehien duen Europako herrialdea da: 46 arma 100 biztanleko. “Herritarrek etxean gordetzen dituzte armak”, azaldu du Garatek. Gizonentzat derrigorrezkoa da zerbitzu militarra —aukerakoa da emakumeentzat—, eta han eskuratzen dituzte armak. “Hamabost urte irauten du zerbitzu militarrak, bi edo hiru aste joaten direlako urtean. Tarte horretan izan ditzazkete armak etxean”. Dena den, Garatek uste du egoera aldatzen ari dela Suitzan. Bai Ameriketako Estatu Batuetan eta bai Suitzan gertatu diren sarraskiek herritarren kontzientziazioa eragin dute. “Armak etxean izatearen arriskuez mintzatzen dira orain”.
Etorkizuna han ikusten du Garatek, baina ez du baztertzen “noizbait” Nafarroara itzultzea. “Agian zahartzen naizenean, eta lanik ez dudanean. Egia esan, Nafarroako bizitza gustatzen zait: lasaitasuna, natura, usainak, zaporeak, koloreak, jendea…”. Herrimina sentitzen du maiz, eta, normalean, urtean bi aldiz etortzen da sorlekura. Nafarroa ezagutu duten lagun suitzarrak ditu Garatek, eta guztiek esaten diote “harrituta” geratu direla hemengo hiri eta herrietako kaleak oso garbiak daudelako.