Krisi ekonomikoaren eraginez, gero eta zailagoa da familien iraupena. Hala, Nafarroan gero eta etxe gehiagotan erretiratutako pertsona baten erretiro soldata da diru iturri bakarra. Denera, CCOO sindikatuak egindako ikerketa baten arabera, 3.596 familiak dituzte kide aktibo guztiak langabezian; ondorioz, pertsona baten erretirotik bizi dira. Sindikatuaren arabera, kasu askotan, diru sarrera hori da guztien artean “ziurrena”.
“Aipatutako familia horiek dute egoerarik dramatikoena”, azaldu du Manuel Vazquez CCOOko Erretiratu eta Pentsiodunen Federazioko idazkari nagusiak. Gainera, gogorarazi du familia horiek gero eta zailtasun gehiago dituztela hilabete amaierara iristeko, “Madrilgo gobernuak erretretetan egin dituen murrizketengatik”.
Vazquezen esanetan, “2012an, batez beste, 1.000 euroko pentsioa jasotzen zuen erretiratu batek; 2013an 266 euro gutxiago jasoko ditu urte osoan, eta horrek egoera are gehiago zailtzen du”.
Gaineratu duenez, administrazio publikoa egiten ari den murrizketak direla eta, hamar pentsiodunetik bik kasu askotan medikuarengana joateari uko egiten diote, ondoren sendagaiak erosteko dirurik ez dutelako. Alde horretatik, Vazquezek neurriak hartzeko eskatu die administrazioei, erretiratuen eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzeko.