“Asko aldatu da presoen aldeko jaialdia urte hauetan guztietan; hobera egin du”

Hatortxu Rock jaialdiak saio berezia egingo du bihar, Atarrabian, hamabosgarren urteurrena ospatzeko. Egun bateko jaialdia izanen da, eta Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Riot Propaganda (Los Chikos del Maiz + Habeas Corpus), La Jodedera, Iheskide eta DJ Jotatxo ariko dira agertokian. Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileetako bat da Iker Isiegas (Iruñea, 1976), eta azpimarratu du presoen egoera berdin dagoela hamabost urte igaro eta gero ere.

Bihar, Hatortxu Rock jaialdiaren hamabosgarren urteurrena ospatuko duzue. Berezia izanen da?

Hamalaugarren aldia bukatu bezain pronto hasi ginen hau prestatzen. Horrelako egitasmoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, presoek behar ekonomiko handia dutelako, batez ere. Fermin Muguruzarekin kontzertu berezi bat egiteko aukera suertatu zitzaigun, eta hortik aurrera hasi ginen osatzen. Muguruzari orain dela urte asko proposatu genion jaialdian jotzeko, baina hainbat gauza tarteko, ezin izan du inoiz. Aurten ahal izan du, eta bere itzuliaren barruan joko du Atarrabian. Orain dela hamabost urte hasi ginen jaialdia antolatzen, eta horrek izugarrizko esperientzia eman digu. Horregatik, esan dezakegu urte hauetan guztietan jaialdia finkatu eta sendotu dela.

Eta urte hauetan guztietan ere jaialdia aldatu da?

Hasieran lagunarteko kontu bat zen, eta zerbait txikia. Alde batetik, presoen egoerak eta beharrak bultzatu gintuen hona, eta, bestetik, musikak. Beraz, biak elkartu eta Hatortxu Rock jaio zen. Zaleak ginen, baina egun esan dezakegu jaialdia erabat profesionala dela. Asko aldatu da, baina hobera egin du.

Baina jaialdiaren helburua berbera da oraindik?

Bai, hala da. Preso politikoen kolektiboari eta haien senide eta hurbileko pertsonei gure elkartasun guztia adierazi nahi diegu. Presoen aldeko ekinaldi erraldoia da, eta Iruñerriko indarra irudikatu nahi dugu. Behar ekonomiko handia dago, eta badakigu ur tanta bat garela itsasoan, baina ezinbestekoa da. Gainera, asteburu hau elkartasun asteburua izanen da. Igandean, presoen aldeko lasterketa eginen dute Oiartzunen [Gipuzkoa].

Zer ekarpen egiten dio jaialdiak presoen egoerari?

Saiatzen gara jaialdiko berotasuna kartzeletako ziega bakoitzera helarazten. Aurten, adibidez, ekinaldi berri bat eginen dugu. Sarrera bakoitzarekin postal bat banatuko dugu, eta gure helburua da bertaratzen direnek zerbait idaztea eta presoen ziega guztietara iristea. Guztira, 596 preso dira; beraz, 596 postal, 596 elkartasun mezu. Senideei ere gure babes osoa erakutsi nahi diegu; izan ere, asko bihar lanean arituko dira jaialdian, eta hurrengo egunean bidaia eginen dute kartzeletara. Jaialdia jaio zenetik gure asmoa izan da beti azkeneko edizioa izatea. Guretzat albiste onena litzateke. Baina zoritxarrez hamabost urte daramatzagu, eta seguruenik hemen jarraituko dugu, egun arazo berak daudelako. Senideen eta presoen egoera oso larria da, eta lanean jarraituko dugu.

Beste urte batzuetan antolatu duzue bi eguneko jaialdia. Aurten, egun bakarrekoa. Zergatik?

Egun bakarrekoa egitea aproposagoa iruditu zitzaigun, baina seguruenik datorrenak bi egun izanen ditu. Aitortu behar dugu hasieran ez genuela indar handirik guztia prestatzeko, baina beharra zegoela ikusi genuen, eta, azkenean, inertziak ekarri gaitu hona. Kartel borobila osatu dugu.

Dena prest duzue biharko?

Sarrerak agortzen ari dira leku guztietan. Zortzi mila pertsonarentzako lekua dugu; ea lortzen dugun betetzea! Jaialdian boluntarioen lana oso garrantzitsua da. Laurehun lagun inguru aritzen gara jaialdia prestatzen, eta jasotzen dugun babesa ikaragarria da. Aurten, gainera, sarrerekin ohar bat banatuko dugu, ez dugulako inolako erasorik izan nahi jaialdian.