Bi urteko ibilbide malkartsua

Bi urte igaro dira Yolanda Barcinak foru hauteskundeak irabazi zituenetik. 2011ko maiatzaren 22ko gaua gozoa izan zen ordu arte Iruñeko alkate izan zenarentzat. Iruña Park hotelean txalo zaparraden artean hartu zuten alderdi kideek Barcina. Orduan onartu zuen “demokrazia aroko zortzigarren legegintzaldia korapilatsua” izango zela. Baina, uste baino korapilatsuagoa suertatu zaio. PSNrekin batera gobernatzeko ituna bertan behera geldituta, bakarrik dago gobernuan UPN. Horri, CAN auziaren itzala eta krisi ekonomikoaren eragina gehitu behar zaizkio. Batek baino gehiagok iraungitze data jarri dio Barcinaren gobernuari. Legegintzaldia amaitzea erdietsiko duen edo ez, hori da askok egiten duten galdera. Izan ere, beste bi urte falta dira 2015ean egingo diren foru hauteskundeetarako.

2011ko ekainaren 23an egin zen Yolanda Barcina Nafarroako presidente aukeratzeko osoko bilkura. 28 botoren bitartez —UPN eta PSNrenak— gehiengo absolutuz, erdietsi zuen gobernuburu izatea. Hala ere, bi alderdiak Nafarroa ulertzeko moduan ez zetozen bat. Ez zuten zer ikustekorik ez gizarte politikan ezta politika ekonomikoan ere. Dena den, Barcina pozik agertu zen, ziur zelako bi alderdiek Nafarroari “egonkortasuna” ematea lortuko zutela.

Ekinaren 21ean, UPN eta PSNk sinatutako akordioan jasotzen denez, Barcinak denera zortzi kontseilari izendatu zituen, tartean hiru PSNkoak. Roberto Jimenez, Anai Astiz eta Elena Torres ziren kontseilari sozialistak. Baina, hamabi hilabete nahikoak izan ziren Nafarroako Gobernuari “egonkortasuna” emango zion akordioa hausteko. Izan ere, 2012ko ekainaren 14an, gauerdian igorritako komunikatu baten bitartez, Roberto Jimenez “desleialtasunagatik” kargutik kentzen zuela jakinarazi zuen Barcinak. Astizek eta Torresek dimisioa eman zuten.

Ordurako, desadostasunak handiak ziren PSN eta UPNko kideen artean. 2011ko hauteskunde orokorretan Barcinak Mariano Rajoyri —orduan Espainiako Gobernurako presidente izateko PPko hautagaiari— babesa eman ostean hasi ziren lehenengo arraildurak sortzen.

Bi aste barru urtea beteko du UPNk gobernuan bakarrik. Aste honetan bertan esan du Barcinak: “PSNrekiko UPNk duen harremana ez da inolaz ere erraza, baina ez dago guztiz hautsita”. Nafarroako presidenteak berak onartu du ezegonkortasun egonkorra duela gobernuak. Agerikoa da parlamentuan ez duela legealdi hasieran zuen babesa.

Krisi ekonomikoaren biktima

2008 inguruan krisi ekonomikoa hasi zenetik, Nafarroa atzeraldi ekonomikoan murgilduta egon da. Langabezia tasak 50. 0000 langaberen langa gainditu du, eta Nafarroako Gobernuaren kaudimen gaitasuna zeharo murriztu da. Hala, murrizketak egin dituzte, osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan… Esaterako, oinarrizko errenta gizarteratzeko errentak ordezkatu du. Hala, zailtasun ekonomikoengatik laguntza publikoa behar duten familiak laguntza horiek jasotzeko aukerak murritzagoak dira, betebeharrak zorroztu ostean. Hala, egun, 1.225 familia inguru daude inolako diru iturririk gabe.

Osasun eremuari dagokionez, krisi bati baino gehiagori egin behar izan dio aurre Barcinaren gobernuak eta hein berean Marta Vera Osasun kontseilariak. Legealdi hasieran jakinarazi zituzten hainbat proiektu izar: landa eremuko larrialdietako murrizketak, erietxeetako laborategiak batzeko proiektua eta ospitaletako jangelak pribatizatzeko asmoa.

Besteak beste, hiru asmo horien harira egindako manifestazio eta elkarretaratzeetan dozenaka lagunek hartu dute parte azken asteetan, eta osasun zerbitzu publikoak “deusezten” ari zirela egotzi diote. Veraren proiektu izarra zen landa eremuko larrialdi zerbitzuak moldatzeko legea. Hala ere, parlamentuan ez zen proposamena aurrera atera, PPNk soilik babestu zuelako. Dena den, ospitaleetako laborategi zerbitzua Iruñean zentralizatzea eta jangela zerbitzua pribatizatzea lortu du.

Ospitaleetako jangela zerbitzua pribatizatzeak polemika handia eragin du. Izan ere, zerbitzua kudeatzeko proiektua irabazi zuen Mediterranea de Catering enpresak, besteak beste Iruñeko Ospitaleen Gunean, kexa ugari izan ditu: janari txarra emateagatik, hotzak behar zuena bero zerbitzatzeagatik… Duela astebete, Verak jakinarazi zuen enpresaren aurkako zigor espedienteak martxan jarraitzen zuela.

Nafarroako Kontu Ganberaren ikerketa baten arabera, 2011z geroztik, Osasun Departamentuak herritar bakoitzeko egiten duen gastua murriztu egin da. Izan ere, duela bi urte Yolanda Barcina gobernura iritsi zenean, batez beste herritar bakoitzeko 1.612 euro gastatzen ziren osasun gaietan. Egun, ordea, 1.469 euro.

Baina gizarte mugimendua ez da izan Yolanda Barcinaren bidean arantza bakarra. Alderdian bertan ere arazo bat baino gehiago izan ditu. Izan ere, ez zuen batere ondo hartu Alberto Catalanek alderdiko buruzagitza eskuratzeko hautagaitza aurkeztu izana. Hala ere, martxoaren 17ko kongresuan, Barcinak bere ibilbide politikoko garaipenik estuena baina garrantzitsuena lortu zuen, alderdiko buruzagitza eskuratuta. Baina Catalanekin izandako borrokak zauri ugari eragin ditu. Izan ere, alderdiko kideen ia erdiak ez daude ados Barcinak hartutako bidearekin eta horrek luze gabe arazoak eragin diezaizkioke.

Zentsura moziotik indartuta

Nahiz eta martxoa hilabete zaila izan, apirilean indartuta atera zen Barcina. Izan ere, azken bi urteetan abian jarritako politikekin ados ez, eta Bildu eta Aralarreko parlamentarien aldeko botoekin Barcinaren aurkako zentsura mozioa jarri zuten martxan. Apirilaren 8an eztabaidatu zuten mozioa. PSNk abstentzioaren alde egin ostean, alderdi abertzaleen egitasmoak ez zuen behar beste babes jaso. “Ez dago ni buru naizen gobernuaren alternatiba izan daitekeen beste gobernurik”, adierazi zuen orduan Barcinak pozik. Hala ere, epe motzean sor daitezkeen beste aukera batzuk mahai gainean utzi zituen.

Ziurrenik, Barcinarentzat atakarik estuena CAN auziak eragin dio. Nafarroako Kutxan UPN kideek jasotzen zituzten diru sariek polemika piztu dute. Antza, Nafarroako Kutxa Banca Civicaren barruan zegoela, 2010. urte hasieratik berritutako estatutuetan, ordezkari politiko guztiak CANeko gobernu organoetatik atera ziren. Baina estatutu horietan, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariek parte hartuko luketen Erakunde Sortzaileen Batzordea aipatzen zuen, baina ez Batzorde Iraunkorra. Ez zen publikoa, eta batzorde iraunkor horretan lau politikari biltzen ziren —Enrique Maia, Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Yolanda Barcina—. Lehenengo hirurak auzipetuta daude Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidentearekin batera. Barcina, ordea, ezin da auzipetu foruduna delako.

Orain, jakina da uda aurretik ez dela mugimendu politikorik izango. Beraz, litekeena da Barcinaren legealdia Nafarroako Kutxaren auziaren garapenaren menpeko izatea. Inkesta baten arabera, Nafarroako biztanleen %40k herrialdeko egoera politikoari “oso txarra” dela irizten diote. Ez PSNk ez UPNk ez dute hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Oraingoz, Barcina tinko ageri da, orain arte presidente gisa ibilbide malkartsua izan duen arren.