“Ikasketak baditugu, baina ez dugu lanik; horregatik gaude hemen”

Egoera ekonomikoak behartuta, gazte askok hartu dute atzerrirako bidea, eta kanpoan aurkitu dute Euskal Herrian topatu ez dutena: lana. Gazte horietako bat da Andrea Zuñiga (Zizur Nagusia, 1988). Urtarrilean joan zen Edinburgora (Eskozia) mutil-lagunarekin, eta, dagoeneko, lana lortu du.

“Mutil-laguna langabezian zegoen, eta nik aldaketa behar nuen, esperientzia berriak izan”. Horrek guztiak bultzatuta abiatu zen Ibañez Eskoziara, baina baita ingelesa hobetzeko ere. Erizaina da Ibañez, baina ez du lanik topatu Nafarroan. Aukera gutxi daudela dio, eta murrizketen ondorioz egoera “ezin makurragoa” dagoela. Berak zortea izan du Edinburgon, eta hotel bat garbitzen aritzen da. Hor hasi baino lehenago, hala ere, ingelesa ikasten aritu zen. “Hona iritsi nintzenean, pentsatzen nuen ingelesez banekiela, baina eskoziar batekin hizketan hasi bezain pronto, konturatu nintzen ez nekiela ezer. Azentu oso itxia dute hemengoek”. Orain, lankideekin praktikatzen eta hobetzen du.

Ez da euskal herritar bakarra Edinburgon, ezta nafar bakarra ere. Hark jarraitutako bidea egin dute askok, eta gaztelera eta euskara nonahi entzuten dira hirian. Gehienak arrazoi berarengatik joan dira: lan etorkizun oparoaren bila. Eta Ibañezek uste du aukera ezin hobea dela hizkuntza ikasteko, nahiz eta ikasi dutenarekin zerikusirik ez duten lanetan aritu. “Horrela, behintzat, denbora aprobetxatzen dugu. Ikasketak baditugu, baina ezin lanik aurkitu gure herrialdean. Horregatik gaude hemen”. Gehienak denboraldi baterako joaten dira, eta Edinburgo aukeratzen dute, ez dagoelako oso urrun. Ibañezek ez daki noiz itzuliko den; hasieran, itzultzeko eguna zuen, baina gauzek ongi jarraitzen badute, han geldituko da. “Giro handia du hiriak, eta oso turistikoa da. Hortaz, sektorean lan egiteko aukerak daude”.

Gustatzen zaio hiria. Xarma handia du, eta eraikin zaharrak oso ongi zaintzen dituzte. “Erdi Aroko hiria dirudi, gaztelu asko dituelako”. Egun osoan, kalean giroa dago, eta hiri “alaia” iruditzen zaio. “Klima hain gogorra izan arren, jendea ez da etxean geratzen. Batez ere eguzkia ateratzen denean, lorategiak bete egiten dira”. Lau urtaroak goiz bakar batean ikusi ditu Ibañezek, adibidez. Eta harrituta geratu da uda eta neguko argi orduekin: “Neguan, ia erabateko iluntasuna dago, eta, udan, alderantziz; aldaketa handia da”.

Bigarren eskuko denda asko daude Edinburgon. “Nafarroan ez bezala, ohitura handia dute hemen gauza zaharrak saltzeko eta erosteko”. Adibidez, igande guztietan, bigarren eskuko azoka erraldoia antolatzen dute lur azpiko aparkaleku batean. Jendeak garajeko leku bat alokatzen du, eta denetarik saltzen dute; oso merke, gainera. “Arropa, liburuak, bitxiak, etxeko tresnak… Denetarik dago, eta izugarria da ikustea zenbat jende joaten den”.

Hilabete hauetan, bidaiatzeko denbora izan du Ibañezek. Eskoziako mendietara joan da —Highlands—, eta izugarri gustatu zaizkio. Laku asko daude, eta gazteluek paisaia ederrak sortzen dituzte.

“Adeitsuak, baina ez adiskidetsuak”. Horrela definitu ditu eskoziarrak Ibañezek. Haiekin gertuko harremanak egitea kostatzen zaio, eta beste atzerritarrekin ibiltzen da. “Hasieran, saiatzen ginen sorterriko jendearekin elkartzen, ingelesez mintzatzeko, baina askoz errazagoa da atzerritarrekin ibiltzea. Egoera berean daude, eta elkar laguntzen dugu”.

Heldu den urtean eginen dute Eskozian independentziaren erreferenduma —2014ko irailaren 18an—, eta egun historikotzat jo du Ibañezek. “Jendeak gero eta gehiago hitz egiten du gaiari buruz, arrazoi ekonomikoengatik, ideologikoengatik edo lurraldekoengatik. Sumatzen da eguna gertu dagoela”. Hala ere, ez du ikusi giro berezirik. “Guztiaren gainetik, hemengoak eskoziarrak dira. Beste kontu bat da independentzia nahi duten edo ez”. Ohiturez eta ikurrez mintzatu da Ibañez. Egunero ikusten ditu kilta —eskoziar gona— daramaten gizonak kalean, eta, batez ere, ospakizunetan eta errugbi partidetan janzten dute. Eskoziar liberak dira herrialdeko beste ikurra. Izan ere, berezko billeteak dituzte, eta, Ingalaterran osoan onartzen badira ere, gehienbat Eskozian erabiltzen dituzte. Libera esterlinen balio bera dute.

Ingelesen eta eskoziarren artean “lehia” dagoela konturatu da Ibañez. “Eskoziarrei ez zaie gustatzen ingelesak direla esatea; beren sustraiak oso errotuak dituzte”. Gainera, ingelesak “serioagoak” direla uste du Ibañezek. “Ez dute hainbeste girorik”. Aukera izan zuen errugbiko Sei Nazioen torneoko partida bat ikusteko, eta “ahaztezina” izan zela dio Ibañezek. “Izugarria izan zen giroa, eta, batez ere, Eskoziaren ereserkia abestu zutenean”. Eskoziarren ohituren artean, garagardoarena aipatu du Ibañezek. Izan ere, “edozein egunetan eta edozein momentutan”, jendea pubetara joaten da garagardoa edatera.