“Beti egon dira mugimenduak Esako urtegian, eta euriteen eraginez mugitzen da urtegiko eskuin hegala”. Hori esan zuen otsailean Ebroko Ur Konfederazioak, mugimenduei garrantzia kentzeko. Hala ere, orain jakin da erakundeak berak onartzen duela Esako urtegiaren handitze lanek eskuineko hegalaren mugimenduak eragiten dituztela. Ebroko Ur Konfederazioak urtarrilaren 9an egindako barne txosten batean azaltzen da baieztapena. “Eskuineko hegala zimentatzeko eta egonkortzeko lanek eragin dituzte mugimenduak”, dio txostenak.
Joan den udan sumatu zuten eremu horretako mugimendua lehen aldiz —50 metroko sakoneran—, baina abendura arte ez zuten erabaki irristatzeari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra zegoela.
Horretaz gain, txostenean Ebroko Ur Konfederazioak dio eskuin hegalaren mugimenduek Esako etxebizitzen hondatzea eragin dezaketela. Otsailean Esako bi urbanizazio hustu zituzten, baina Ebroko Ur Konfederazioak esan zuen “badaezpadako” neurria izan zela. Gainera, abenduan urtegiaren larrialdietako plana zero mailatik —apalenetik— batera igotzea erabaki zuten, baina Ebroko Ur Konfederazioak ez zien herritarrei jakinarazi hartutako neurriaz. Astean bi zentimetro mugitzen da eskuineko hegala, eta batez beste, urtean bi metro higatuko da eremu hori adituen arabera.
Zangoza hutsarazi
Azken asteetan Antonio Casas geologoa Esako urtegiaren arriskuaz mintzatu da. Casasek lehenbaitlehen Zangoza, Esa eta inguruko herriak hutsarazi behar direla esan du, eta “berehalako arriskuaz” ohartarazi du. “Egoera ez da arriskutsua, dramatikoa da. Eta ez dut nik bakarrik esaten, Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenek ere hala diote”. Izan ere, Casasek Esako hegalaren material ez egonkorrei buruz hitz egiten du, eta hori ere jasotzen du Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenean. “Esako flyschak zonaldea ahultzen du”, azaldu du geologoak.
Dena den, Ebroko Ur Konfederazioak “alarmistatzat” jo du Casasek esan duena. “Esa handitzeko lanek egonkortasuna ekarriko dute urtegian”, ziurtatu du.