Ezkabako espetxea Nafarroarena izatea nahi du Geroa Baik

Ezkaba mendiko gotorlekua berriro Nafarroarena izan dadin, Espainiako Diputatuen Kongresuan proposamena aurkeztu du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak. Eskaera zehatza egin du: Espainiako Gobernuak prozedura bat abiaraz dezala Nafarroako Gobernuari ahalik eta lasterren Ezkabako gotorlekua eta bere lurrak itzultzeko. Izan ere, Madrilgo Defentsa Ministerioarena da Ezkaba mendiko Alfontso XII. gotorlekua.

Uxue Barkosen ustez, Espainiako Defentsa Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak ez dute agertu “inolako interesik” urte hauetan guztietan. Bai, ordea, Ezkaba mendiaren inguruan dauden herriek. Izan ere, inguruko zazpi udalek gune natural bat egin nahi dute eremu horretan. “Aisialdirako eta kirola egiteko leku ezin hobea izan daiteke”, esan du Barkosek. Gainera, diputatuak gogora ekarri du 2011ko azaroan gotorlekua kultur interesa duen ondare izendatu zutela, eta, gainera, Nafarroako historiako pasarte askoren lekuko izan dela —1938ko ihesaldia, kasu—.

“XX. mendeko amaieran Espainiako armadak bazterrean utzi zuen toki hau, inguruan zeuden zaintalde guztiak kenduz. Hortaz, gaur egun, gotorlekuak ez du inolako erabilerarik Espainiako Defentsa Ministerioari ez zaiolako interesatzen”, dio Barkosek Madrilen aurkeztutako proposamenak.