Hemendik aurrera, Iruñeko gazteen lokalek ordutegi mugatua izanen dute, baita edukiera mugatua ere —tamainaren arabera—. Tokiko Gobernuaren Batzarrak aurkeztu du ordenantza berria, eta, testuan jasotzen duenez, hiriko lokalak 02:00ak arte egon daitezke irekita jaiegunetan, eta astegunetan, berriz, gauerdian itxi egin beharko dira.
Iruñeko Udalak badu hiriko lokalen errolda, eta, denera, 251 daude. Bizilagunen kexa ugari jasotzen dituzte lokalek, eta horregatik prestatu du udalak ordenantza berria. Hain zuzen ere, Arartekoak iradoki zion udalari gazteen lokalak arautzea. Juan Jose Etxeberria Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotziak gazteen lokalen “oinarrizko” ordenantza dela jakinarazi du. “Erabilera pribatua arautzea ez da batere erraza, batzuen eta besteen eskubideak errespetatu behar ditugulako”, gaineratu du.
Prozedura parte hartzailea izan dela azpimarratu du Etxebarriak. Iruñeko Gazteriaren Etxeak parte hartu du, eta udaleko webgunean edonork iruzkinak egiteko aukera izan du.
Hainbat debeku eta betebehar jasotzen ditu ordenantza berriak. Besteak beste, lokalek izan behar dute ur hornidura, konketa, komuna eta aireztapena. Horretaz gain, ordenantzak debekatzen ditu sukaldeak eta janaria prestatzeko edozein objektu. Jolas makinak baldin badaude, doakoak izan behar dute.
Esan bezala, ordutegi arau berria izanen dute lokalek, baina salbuespenak izanen dira San Fermin jaietan eta Eguberri egunean. Bi ospakizun horietan ez da egonen ordutegi mugarik. Gainerako egun guztietan, gazteen lokalak “itxita, erabili gabe eta hutsik” egon behar dute 00:00etatik 09:00etara —jaiegunetan 02:00etatik 09:00etara—. Lokalek edukiera maximoa ere izanen dute, eta tamainaren arabera arautuko dute.
251 lokal
Iaz zenbatu zituen Iruñeko Udalak lizentzia duten hiriko lokalak, eta, denera, 251 gazte lokal daude. Arrosadian dago lokal gehien, 86. Arrotxapean, 26; Txantrean, 26; Donibanen, 25; Sanduzelain, 19; Iturraman, 18; Azpilagainan, 18; Etxabakoitzen, 8; Mendillorrin, 7; Ermitagañan, 5; Alde Zaharrean, 5; Zabalgunean, 5.
Iruñeko Udalak, 2002 eta 2010 artean, 338 administrazio txosten ireki zituen; txosten horietatik 120 artxibatu egin ziren, gazteei baimenak emanez; beste 180 kasutan, gazteek lokalak utzi dituzte, edo udalak ixteko agindu du. Lizentziarik ez duten lokalak ere badira, eta horiek dira bizilagunen artean kexa gehien sortzen dituztenak. 2010ean 31 zigor txosten ireki zituen udalak; horietatik hemezortzi zigorrik gabe itxi ziren, eta hamahiruk 360 eta 1.000 euro arteko isunak jaso zituzten.