“Nire etorkizunerako inbertsioa izan da Shanghaira etortzea”

Atzerrian ibilbide luzea egin du Leire Jimenezek (Iruñea, 1980). Ikasketak sakontzeko edo lan egiteko ibili da urte hauetan guztietan herrialdez herrialde. Beti izan du atzerrira joateko interesa, eta izan dituen aukera guztiak baliatu ditu. Egun, Shanghain (Txina) bizi da Jimenez.

Hamar urte zituenetik udak kanpoan igaro ditu, ikasten edo lan egiten, eta unibertsitate ikasketak —Humanitateak eta Enpresa— bukatuta, Australiara joan zen nazioarteko harremanetan master bat egitera. Ordutik etenik gabe bidaiatu du. Mapfre enpresan hasi zen lanean, eta Espainian eta Miamin (Ameriketako Estatu Batuak) aritu zen denbora batez. Londresen egon zen zazpi urtez enpresa berarekin, eta Frantzian sei hilabetez aritu ostean, duela bederatzi hilabete iritsi zen Shanghaira. “Beti nahi izan dut nazioarteko giroan lan egin; atzerriak erakartzen nau”.

Erronka moduan hartzen ditu bidaiak. Izan ere, kultura eta giro berri batean bizitzea eta lan egitea ez da batere erraza, baina horregatik gustatzen zaio: “Ingalaterran nengoenean egoera guztiz erosoa izatea lortu nuen, baina erosotasun hori utzi nahi nuen, erronkak izan, eta Shanghain nago orain”. Jimenezen ustez, Txina oraindik ez da norako guztiz “ezaguna” Ameriketako Estatu Batuekin konparatuz. Lanean eskaini zioten Shangaiko postua, eta baiezkoa eman zuen azkar. Mapfreko asistentziako kudeatzailea da.

Beti interesatu zaio Asia, eta bereziki Txina. Duela urte asko hasi zen txinera ikasten, eta, Jimenezen iritziko, Txinan lan egiteak eta txineraz hitz egiteak munduko ateak zabaltzen dizkio. “Nire etorkizunerako inbertsioa izan da hona etortzea”. Aitortzen du, egun, askoz gehiago kostatuko litzaiokeela Nafarroan lana aurkitzea Txinan beste lan bat topatzea baino. “Eta ez da krisi ekonomikoarengatik”.

Han eta hemen ibili da. “Herrialde askotan lan egitean, ohitzea erraza da, eta dinamika horretan murgiltzea askoz gehiago”. Gainera, enpresak bidaiatzeko prest dagoela jakitean, aukerak nonahi daudela uste du Jimenezek. “Eta gaizki ateratzen bada, beti itzultzeko aukera dago”.

Hazkunde handia du Txinak. Gero eta gehiago. Diotenez, 2020. urterako munduko lehenengo potentzia izanen da. Herrialde komunista da, baina Europan askotan kolokan jarritako eredua da, eta komunismo kapitalista dela diote askok. Argi du Jimenezek: “Bere erara ulertzen dute komunismoa; hau da, alderdiak komunismoa dela esaten badu, hala da”. Atzerrian harridura sortzen duen gaia da, baina, Jimenezek adierazi duenez, Txinako Alderdi Komunista kritikatzen duten txinatarrek ez diote garrantzi handirik ematen gaiari.

Txinera gutxi gorabehera menperatzen du. Ez da ezinezko hizkuntza, baina ahalegin handia eskatzen duela aitortu du. Hark egunero ikasten du: “Lanera joan aurretik eskola partikularrak jasotzen ditut, eta gauean nire kabuz ikasten saiatzen naiz”. Idazten ez daki oraindik, baina zertxobait irakurtzen bai, eta eguneroko gauzak eskatzeko aise moldatzen da. Lanean ingelesez mintzatzen da, baina enpresako langile guztiak txinatarrak dira, baita bezero gehienak ere. Hortaz, ahalegina egiten du, behintzat, ulertzeko. “Hemengoek asko lagundu naute, eta beti prest daude edozertarako. Oso adeitsuak dira”.

Behin gaixo jarri zen Jimenez bulegoan, eta bat-batean lankide guztiak gerturatu zitzaizkion. “Momentu batean mahai gainean hamaika sendagai nituen, baina katarroa baino ez zen nik nuena. Horrelakoak dira”. Txinatarren lan egiteko era, gainera, guztiz desberdina dela uste du. Esaterako, bezeroekin dituzten bilerak “oso formalak” dira. “Ohitu behar duzu, egokitu, beste herrialde batean zaudelako. Azken finean, kodeak baino ez dira, mendebaldeko ikuspuntutik begiratzen ditugulako”.

Shanghai da Txinako motor ekonomikoa eta komertziala. Hiria oso handia da. “Erraldoia”. Huangpu ibaiak erdibitzen du: Puxi, erdigunea eta hiri “zaharra”, eta Pudong, finantza gunea eta luxuzko hotelen eremua. “Hiri oso dinamikoa da”.

Hala ere, alde handia dago Txinako hiri eta herrien artean. Landa guneak “pobreak” dira, eta osasun eta hezkuntza arloetan badute zer hobetu. Gobernuak ahaleginak egiten ditu oreka lortzeko, baina erronka oso handia da. Gainera, herrietatik Shanghaira joaten diren herritarrek ez dute hezkuntza publikorik ezta osasun publikoan arretarik ere.

Tradizioek indar handia dute herrietan. Festen ohitura azaldu du Jimenezek. Izan ere, ohitura handia dute edozer gauza ospatzeko: txerri baten jaiotza edota uzta bilketa. Eta horrek ondorioak ditu: “Gonbidatuek opari moduan dirua eman behar diote familiari, eta, ondorioz, herritar asko dirurik gabe gelditzen dira. Izan ere, nahiago dute dirurik gabe geratzea festara ez joatea baino. Lotsarengatik”.