“Oinez Basoa ikastola eta euskaltzale guztien proiektua da, dudarik gabe”

Heldu den urrian Tuterako Argia ikastolaren alde egingo dute Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko festa. Jai horrek ingurumenean eragingo duen “kaltea” murriztu nahian, baso bat egitekotan dira Argiakoak, Oinez Basoa deiturikoa. Modu horretako hirugarrena izango da Tuterakoa. Proiektuko arduradun den Diego Blancok (Tutera, 1977) jakinarazi duenez, azaro aldera hasiko dira Erribera inguruan ohikoak diren zuhaitzak landatzen. Dagoeneko bada aukera urte amaieran landatuko dituzten zuhaitz horiek babestu eta proiektua diruz laguntzeko.

Hirugarren Oinez Basoa egiten hasiko zarete laster. Zertan da orain proiektua?

Nafarroa Oinez jaiarekin sortutako proiektua da Oinez Basoa. Erriberan ohikoak diren zuhaitzak landatuko ditugu, Nafarroako ikastolen aldeko jaiak eragindako kalte ekologikoa murrizteko xedez. Proiektuak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, iraunkortasun eta ingurumen balioak landu nahi ditugu baso bat osatuz. Eta beste alde batetik, Argia ikastolaren proiektua sendotzeko dirua bildu nahi dugu.

Basoa egiteko lurra lortu duzue.

Hala da. Baina lurra lortzea ere asko kostatu zaigu. Hasieratik argi genuen basoa interes ekologiko handia zuen lursail batean egin nahi genuela. Arrazoi horregatik erabaki dugu Soto de los Tetonesen egitea. Eremu naturala da, eta Natura 2000 sarearen barruan dago. Ondorioz, Nafarroako Gobernuaren ingurumen baimena behar izan dugu. Horrez gain, Tuterako Udalak gure egitasmoaren alde egin behar zuen, eta horrela gertatu da.

Zer ezaugarri ditu basoa egin nahi duzuen lursailak?

Soto de los Tetones duela urte asko arroz landa izugarri handi bat zen. Nafarroako hezegunerik garrantzitsuenetakoa da, bertan bizi edota igarotzen diren hegaztiengatik batez ere. Gainera, uretako 30 hegazti espezie baino gehiago bizi dira bertan. Horrez gain, Europara migratzen duten hegazti asko bertan gelditzen dira atseden hartzen. Horregatik diot balio ekologiko handia duen gunea dela Soto de los Tetones. Bestalde, uholdeek Tuteran izan dezaketen eraginak murrizten ditu hezeguneak. Oso toki interesgarria dela iruditzen zaigu baita turismo ornitologikoari dagokionez ere. Nahiko gune ezezaguna da.

Zein unetan dago orain hirugarren basoa?

Oraindik ez gara hasi zuhaitzak landatzen. Egiten duen eguraldiaren arabera hasiko gara landatzen. Baina, aurreikusita daukagunez, azaroan edo abenduan hasiko gara lanean. Tramite burokratiko guztiak eginda daude. Esaterako, duela bi aste, Tuterako Udalak, Argia ikastolak eta Nafarroako Ikastolen Federazioak elkarlanerako akordioa sinatu zuten. Egia esan, udala asko inplikatu da gure proiektuan. Dituen baliabide teknikoak utziko dizkigu, eta zuhaitzak landatu ahal izateko zuloak egingo dituzte.

Zein zuhaitz mota landatuko dituzue?

Landatuko ditugun zuhaitz guztiak ohikoak dira Erribera aldean. Hiru motatako sahatsak, lizarrak, zumarrak eta tamarizak landatzeko asmoa daukagu. Edonor izan daiteke landatuko ditugun arbolen babesle 10 euroren truke. Gure ustez, Oinez Basoa ikastola eta euskaltzale guztien proiektua da inolako dudarik gabe.

Tuterako basoak zenbat denborako iraupena izango du?

Orain arte egin diren basoak bi urteko iraupena izan dute. Baina, Tuterako egitasmoa osatzen dugunok pentsatu genuen gure kasuan urtebetekoa izan behar zuela, batez ere tokiaren ezaugarriengatik. Lehen basoan landaketak egiteko diru laguntzak izaten ziren, baina orain bertan behera gelditu dira. Beraz, iruditu zaigu proiektua urtebetera mugatuz bideragarriagoa izango dela.