Bidearen bakardadea, adiskidetasuna, elkartasuna… Sentipen horiek izan ditu Villar Lopez argazkilari profesionalak. Nafarroako Gobernuak egindako enkargu baten harira hasi zen Donejakue bidea egiten. Hiru urtean, lau aldiz egin du Donejakue bidea: iparraldetik, kostatik, Pirinioetatik eta Oviedotik. Sakelako telefonoen garapenari esker, bideko argazkiak iPhone batekin hasi zen egiten. Orain, argazki horiek I Way (Nire bidea) liburuan bildu ditu. Heldu den ekainaren 23ra arte, liburuan jasotako argazkiak ikusteko aukera izango da Iruñeko Konestable jauregian, erakusketa batean.
Berriozarkoa da sortzez Lopez. Iruñean ematen du ia egun guztia, Efe berri agentziako argazkilaria baita. Donejakue bideak iparraldetik, erdialdetik zein hegoaldetik zeharkatzen du Nafarroa. “Beti ikusten nituen erromesak Iruñeko Alde Zaharrean, eta erakarri egiten ninduen”, dio. Gainera, bere familiak Galizia eta Santiagorekin oso harreman estua duela aitortu du.
Kazetaritzan lan egiten duten argazkilariek lana azkar egiteko duten beharretik urrundu nahi izan du Lopezek. Horregatik, liburuaren eta hein berean erakusketaren bidez, ikusleari pentsarazi egin nahi izan dio: “Argazkietan sartzea nahi dut, barruak mugiaraztea; erlojurik gabe bidaiatzea bezala da”.
Denera, 5.000 argazki baino gehiago atera ditu iPhone markako sakelako batekin. Hala ere, ez du Lopezek bere burua argazkiak egitera behartu. “Baziren egunak argazki bat ere egin gabekoak; alde horretatik oso aske sentitu naiz”, dio. Lan honetan argazkilaritzaren hastapenetara jo nahi izan duela aitortu du Lopezek. Horregatik, liburuan publikatu dituen 47 argazkietatik 42 zuri-beltzean dira. “Argazkilaritzarekin oso erromantikoa naiz, eta sakelakoak duen aplikazio batek aukera eman dit argazkilaritzaren hastapenetara atzera egiteko”.
Askotan, argazkiek margo izaera ere hartzen dute. “Argazkilaritza ez dago margoetatik horren urrun”, dio. Hala ere, kezkatuta agertu da azkenaldian argazkilaritzak izan duen garapenarekin. “Egun, edozeinek atera dezake argazki bat sakelakoarekin edo kamerarekin. Nik uste profesionalok beste puntu bat eman behar diogula, eta horretan saiatu naiz lan honetan”.
Pozik dago Lopez emaitzarekin. Jakinarazi duenez, zailtasun handiena sentimenduak modu sinple baina eraginkorrean adieraztea izan da. Aurrerantzean ere, horretan jarraitu nahi du. Donejakue bidea egiten jarraitu nahi du aurrerantzean.