‘Allo’

Gaurko kolaborazio hau ikasturte honetako azken aurrekoa izango dut. Nafarroako Hitza-tik hilean behin zutabe bat idazten animatuko ote nintzatekeen hots egin zidatenetik, oker ez banago, hauxe izango da nire deiturak daramatzan hamazazpigarrena. Bete beharreko baldintza bat Nafarroako kontuez aritzea da, alegia, Nafarroako gaurkotasunez, eta, egia esateko, gure Nafarroa maite honek ematen du, bai, zer pentsatu eta zer esan. Dena den, ez dakit lerro hauetan ezarritako kondizioa beteko ote dudan, ez baitakit hemengo kontua ote den soilik.

Urte asko dira gure etxean bazegoela telefonogune bat. Nire memoriak huts egiten ez badit —batzuetan deserrira joaten zait-eta— kaxa modukoa zen, egurrezkoa, handi samarra. Telefono-linea desberdinak konektatzeko balio zuen larako moduko batzuk kalkatuz kutxako eskuin aldean zegoen biraderari eragin bitartean, behin baino gehiagotan eragin ere, bestela ez omen zuen nahiko indarrik hartzen. Operazio horrek bazuen zailtasun apur bat, ez ezazue pentsa; esku batek larako bat sakatzearekin batera beste eskuak biraderari eragin behar zion, baina orduan telefonoa? Telefonoa eseki gabe utzi egin behar, jakina, eta atzera ere agudo hartu behar deia alferrik galduko ez bazen!

Atzerrira deitzeko erabiltzen zen askotan telefonogunea, hain zuzen ere, urrutiko deiak egiteko. Emakumezko ahotsa izaten zuen telefonistari norako deia zen eskatu, telefono zenbakia eman eta hark lotura egiten zuen unetxo bat pasa eta gero. Orduan, telefono-hari luzeen beste aldetik ailegatzen zen: Allo? Allo?

Allo-k erantzuna ematen zuen beti, beste aldean norbait zegoela adierazten zuen erantzuna.

Nola aldatu diren gauzak, e? Urte hauetan guztietan teknologia berriek sekulako aurrerapenak lortu dituzte. Ordu batzuetan munduko beste muturrera ailega gaitezke, eta, denborarik beharko ez balu bezala, gure mezu bat istantean irakur dezakete munduko edozein tokitan. Garai bateko zentralita zen egurrezko kutxa erako tramankulu handi hura, gaur egun, ordea, gure bakeroen poltsiko estuetan sartzen den gailu bat da, deitzeko ez ezik, hamaika funtzio gehiago betetzeko balio duena.

Bada, haatik, besterik aldatzen ari dena: orain, askotan, gehienetan, apika, ez dugu Allo-rik entzuten, hots, tresnaren beste aldetik ez da arraposturik ailegatzen: ez da erantzunik egoten. Ez dakit zure esperientzian, irakurle, nirean behintzat gero eta ohikoagoa zait arraposturik ez jasotzea lagunei bidalitako SMS edo whatsapp mezuak direla. Egia da, galderarik egiten ez bada, behinik behin, batzuetan ez dela behar izaten, tira, ez dakit. Baina, adibidez, pentsa dezagun kiroldegian hain poliki jarritako Iradokizunak postontzian sarturiko sujerentzia dela-eta ez dizutela erantzun, non eta, gainera, orrian bertan Erantzuna jaso nahi dut agertzen den laukitxoa markatu duzun; edo, esaterako, udaletxean sarturiko zenbakidun eskaera formal baten inguruan ere ez dizutela erantzun. Halere, nago jarrera nagi hori kutsakorra dela.

Nik Allo entzuten jarraitu nahi dut.