Bizikletaren Eguna ospatuko dute igandean, Iruñean. XVIII. aldia izango da aurtengoa. Frantziako Tourra Nafarroatik 1996ko uztailaren 17an igaro zen lehenengoz. Okzitaniako Argelers de Gasost herrian hasi zen etapa, eta Bjarne Riis txirrindulariak irabazi zuen etapa hura. Txirrindularitzaren bira garrantzitsu horien karietara antolatu zuen lehenengoz El Gesto bizikleta peñak Bizikletaren Eguna. Igandeko saioan, bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindulariak omenduko dituzte.
Jaiegunak izan duen bilakaerarekin pozik agertu da Jesus Mari Gurpegi El Gesto peñako kidea: “Bizikleta ibilgailu osasungarria eta iraunkorra da, eta sustatu beharra dagoela iruditzen zaigu”. Hala, jakinarazi du urtetik urtera gero eta gehiagok erabiltzen dutela bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko. Iganderako 17 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta izena emateko epea irekita dago. Bi euroren truke, ibilbide horretan parte hartu ahalko da. Besteak beste, txirrindulariak Iruñeko Udaletxeko plazatik eta Mendillorriko ur biltegitik pasako dira.
Nafarroan, bidegorri sare eraturik ez dago oraindik. Herri bakoitzeko udalaren esku egon da garraio politika. Azken urteetan, Iruñerriko hainbat tokitan bizikletentzako bereziki prestatutako bideak egin dituzte, Soto Lezkairun eta Sarrigurenen esaterako. Horrez gain, badira bizikletan joateko beste bide batzuk Nafarroan, Plazaolako bidea eta Mugairitik Behobiara doana esaterako. Gurpegiren irudiko, bidegorri sarea ona da, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Alde horretatik, Iruñerriko Mankomunitateak bizikletaren erabileraren alde egin duen lana goraipatu du, besteak beste, bidegorriak eraikitzeko egin duen “ahaleginagatik”.
Ez da iritzi berekoa, ordea, Eneko Astigarraga. Hirian bizikletazaleek nola ibili behar duten azaltzeko aholkularia da. Iruñerrian txirrindulariek egoera “lotsagarria” dutela dio. Gainera, igandekoaren moduko jaiek “aurpegia zuritzeko” balio dutela uste du. Iruñeko kasuan, krisi ekonomikoaren eraginez, zirkulazioa %10 murriztu da azken urteetan. Astigarragaren aburuz, aukera hori profitatu beharra dago bizikletaren eta autoaren elkarbizitza sustatzeko. “Bizikletak eta autoak errepide berean elkarrekin bizitzeko bidea eman behar da”. Azaldu du Iruñeko bidegorriak ez direla egokiak: “Udalak erabaki zuen espaloietan marra bat eginda txirrindularien arazoa ebatziko zuela; txirrindularioi irri egin ziguten”.
Astigarraga txirrindulariak errepidetik joatearen alde dago. “Administrazioak eta hedabideek sinetsarazi digute errepidetik bizikletan joatea arriskutsua dela, eta hori gezurra da”. Hala ere, autoen abiadura moteltzea ezinbestekoa dela dio, elkarbizitza hori modu hobean gauzatzeko.
Hala, salatu du Nafarroan autoa “babesteko” joera handia dagoela. Iritzi berekoa da Patxi Uharte txirrindularia ere. Bizikletan ibiltzen da ia egunero. Nafarroan alor horretan dagoen politika salatu du. “Ezjakin eta ezgai asko dago. Ez dute osatu Bizikletaren Plan Orokorra. Mugikortasun Plana ere egin gabe dago. Azken hamar urteetan kobratu bai baina ez dute plan bakar bat ere idatzi”, esan du.
Bizikleten, autoen eta oinezkoen harremana konplikatua izan da beti. Errealitate hori nola kudeatu, horretan dago gakoa. Astigarragak eta Uhartek nabarmendu dute bizikletak errepideko beste ibilgailu bat izan behar duela. Bestelako iritzia du Gurpegik. Halere, ibilgailu guztiak elkarrekin bizitzera kondenatuta daude.