Dirurik gabe utzi dute Oteiza katedra, eta bertan behera geratu da

Bertan behera geratu da Oteiza katedra, Nafarroako Gobernuak finantzaketarik gabe utzi duelako. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zuten hitzarmena ezeztatu dute, eta ez dute inolako jarduerarik eginen. Unibertsitateak esan du katedra “oso garrantzitsua” dela, baina adierazi du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamenduak ezin dituela ordaindu katedrako gastuak.

Urte honetarako aurreikusia zegoen Jorge Oteiza katedrak 120.000 euro jasotzea —2012. urteko aurrekontuak luzatu zirelako—, baina bakarrik 10.000 euro jaso ditu joan den urtean hasitako bi argitalpen bukatzeko. Miquel Barcelo sortzaileak eta Javier Goma filosofoak eman zituzten hitzaldiei buruzko argitalpenak dira. Madrilgo Mapfre fundazioak beste 10.000 euro eman ditu proiektuak gauzatzeko.

Martxoan utzi zuen gobernuak bertan behera Oteiza katedra. Hilaren 31n katedraz arduratzen zen langilea kaleratu zuten. Bi argitalpen horiez gain, katedrak ez du deus antolatuko, eta hemendik aurrera ez du inolako zerbitzurik eskainiko. Eloisa Ramirez NUPeko Kultura eta Gizarte Proiekzioko errektoreordeak heldu den urterako “zalantza eta ziurtasunik eza” dagoela jakinarazi du. “Gobernuak esan digu nahi duela berriro ezarri katedra, baina ezin du ziurtatu noiz izanen den hori. Horretarako dirua egonik”. Erakunde kultural eta akademikoa 2002. urtean sortu zen, Nafarroako Gobernuaren eta NUPeko hitzarmen baten bidez.