“Egileen zinema erakusten dugu, eta hausnarketarako bide izatea nahi dugu”

Bi astez emakumeek egindako filmak izan dira protagonista Iruñean. Hogeita zazpigarren aldia izan du aurten Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiak; atzo bukatu zen, eta denera, zortzi film eta hainbat film labur eman dituzte Iruñeko Golem zinemetan. IPES elkarteak antolatzen du urtero, eta koordinatzaile lanetan aritu da Elena San Julian (Iruñea, 1955).

Atzo bukatu zen jaialdia. Zer iruditu zaizu?

Zortzi egunez eman ditugu filmak. Urte honetan erakustaldia luzeagoa izan da, film luzeak dokumentalekin tartekatu ditugulako. Hobeto joan zaigu horrela, eta publikoak ongi erantzun du. Lehenengo astean, adibidez, film guztien saioak bete ziren, eta jendea kanpoan geratu zen, toki faltagatik. Egia da dokumentalak ikustera pertsona gutxiago etortzen direla, baina, hala ere, harrera ona izan dute. Gai ezberdinak landu ditugu, oso bestelakoak, baina oinarri komun batekin: emakumeek egindako filmak dira. Gainera, filmen zuzendariak eta adituak etorri dira aurkeztera, eta filmaren ondotik debatea egon da.

Zeintzuk dira erakustaldiaren helburuak?

Gure helburua gaur egun emakumeek egiten duten zinema ikusaraztea da. Aztertzea emakumeek zineman dituzten estereotipoak, eta salatzea bidegabekeriak. Hemengo zinema ikusten dugu, hurbilekoa, baina baita ere kanpokoa, atzerrikoa, eta beste errealitate batzuk ezagutzeko balio digu. Eztabaidetan askotarikoak dira gaiak, aberasgarriak eta film bakoitzak ematen digu zerbaitetan sakontzeko aukera.

Nola aukeratzen dituzue filmak?

Nafarroan estreinatu gabeko filmak aukeratzen ditugu. Hemen inoiz estreinatuko ez diren filmak daude, ez dutelako banatzailerik, eta, hortaz, erakustaldi hau edo beste jaialdi batzuk dira aukera bakarrak film horiek ikusteko. Saiatzen gara mundu osoko filmak ekartzen, jatorria desberdina izaten, eta, horrekin batera, gaiak ez errepikatzen. Egileen zinema da guk erakusten duguna. Filmek zerbait esatea nahi dugu, hausnarketarako bide izatea. Golem zinemen laguntza dugu: haiek banatzaileak dira, eta, jaialdietan ibiltzen direnez gero, aholkuak ematen dizkigute.

27 urte bete ditu aurten erakustaldiak. Nola hasi zen?

IPES elkarteak beti izan du emakumeen departamentua, eta beti interesatu zaigu Iruñera adituak —feministak, ikertzaileak…— gonbidatzea. Era berean, liburutegi handia dugu gaiaren inguruan, eta ikastaroak egiten ditugu. Zinema oso tresna garrantzitsua dela uste dugu, interesgarria emakumeen inguruko gaiak mahai gainean jartzeko. Golem zinemekin harremanetan jarri ginen, ideia ona iruditu zitzaien, eta horrela hasi ginen, 1986an. Espainiako eta Hego Euskal Herriko erakustaldi zaharrena da Iruñekoa, urtero-urtero antolatu dugu. Dena den, ez da jaialdi handia, eta gure aurrekontua txikia da.

Aurten arazo gehiago izan dituzue krisia dela eta?

Aurten krisiak gogor jo du erakustaldia. Beti jaso ditugu diru laguntzak, adibidez, Nafarroako Berdintasun Institutuarenak, baina aurten ez da egon deialdirik. Aurrera ateratzea lortu dugu, baina beti gaude ziurgabetasun horrekin. Azken momentura arte ez dakigu antolatzeko dirurik izanen dugun ala ez.

Urte hauetan guztietan zer-nolako bilakaera ikusi duzu zineman emakumeen inguruan?

Ez da eman aurrerapauso handirik. Industria honetan oso motel doa berdintasunaren gaia, eta oraindik ere jarraitzen dute bidegabekeriek. Adibidez, orain dela lau urteko ikerketa baten arabera, Espainian egiten diren filmen %7,4 bakarrik dira emakumeek egindakoak. Oro har, kultura ez dago batere ongi, baina uste dugu hau bezalako erakustaldi bat antolatzea funtsezkoa dela desberdintasunei aurre egiteko. Oraindik zentzua duela uste dugu.