“Eskaintza musikala askoz zabalagoa da”

Klabezina eta pianoa dira haren bi afizioak. Eta afizioa ofizio bihurtu du. Musikaria da Eloi Orzaiz (Iruñea, 1983), eta sei urte daramatza atzerrian bere ibilbidea egiten. Egun, Basilean (Suitza) bizi da; klabezin masterra ari da egiten, baina, horretaz gain, Herbehereetan eskolak ematen ditu.

Txikia zela hasi zen musikarekin, eta, ordutik, tarte handia eskaini dio bere bizitzan. Iruñean du sorburu haren karrera guztiak. Anaia hasi zen Iruñeko Joaquin Maya kontserbatorioan, eta Orzaizek, “naturalki”, anaiak egindako bideari jarraitu zion. 7 urte zituen orduan, eta harpa eta biolina gustuko zituen. Hala ere, azkenean pianoa hautatu zuen. Aitortu duenez, ikasle gehienek hautatzen dute instrumentu hori. Musika barrokoa interpretatzea gustatzen zaio, eta horrek piztu zion garai hartako instrumentuekiko interesa. “13 urte nituela Bachen Brandenburgoko kontzertuen grabazio bat erosi nuen, eta musikariek instrumentu historikoekin jotzen zuten, klabezina tartean. Niretzat epifania antzeko bat izan zen”. Horregatik hasi zen klabezina jotzen ikasten, eta, egun, masterra ari da egiten. “Bachek idatzitako obra bakoitza maisulan bat da, bai pianoan, bai klabezinean, baita organoan ere”.

Atzerrian izan du horretan guztian sakontzeko aukera. Baina kanpora joan aurretik goi mailako piano ikasketak egin zituen Musikenen (Donostia). Herbehereetara joan zen ondoren, Hagako kontserbatorioan piano interpretazioan masterra egiteko. Lau urtez egon zen Hagan, urtebetez Alemanian eta duela urte eta erdi iritsi zela Suitzara. Azaldu duenez, ingelesarekin moldatzen da leku guztietan, baina bertako hizkuntzak ere ikasi ditu. “Nederlandera ikasi nuen, baina orain alemanarekin nahasten dut, eta Basilean alemanez hitz egiten dute, baina ez da Alemaniako aleman bera”.

Dena den, ez da batere erraza goi mailako musika ikasketak aurrera eramatea atzerrian, eta beken laguntza izan du Orzaizek. Nafarroako Gobernuak eman zion lehenengo beka ikasketak kanpoan jarraitzeko, baina “arriskuan” egon ziren bekak. “Urte horretan bertan gobernuak bertan behera utzi zituen diru laguntzak, eta, era berean, Osasunari 4,5 milioi euro eman zizkion futbol zelaiaren izena aldatzeko”, gogora ekarri du.

Zenbait talde eta komunikabideren presioari esker lortu zuten azken momentuan gobernuak bekak berriro ezartzea. Urte hauetan guztietan beste beka eta sari batzuk jaso ditu. Harentzat bekak “erabat ezinbestekoak” dira ikasteko. Bizimodu gogorra darama: “Karrera honek energia, denbora eta lan handia eskatzen du, eta, horretaz gain, inbertsio ekonomikoa”. Zortea izan du Orzaizek, gurasoen sostengua eduki duelako beti. “Tamalez, musikari guztiek ezin dute gauza bera esan”.

Orkestra askorekin jo du Orzaizek, eta joan den urtean Europako Batasuneko Orkestra Barrokoan aritu zen. Esperientzia “ahaztezina” izan zen, eta musikalki “oso aberasgarria”. Europa osoan bidaiatu zuen, eta, oso nekagarria izan arren, “xarma” handiko urte gisa gogoratzen du. Orzaizek dioenez, Europan ezagutu dituen herrialdeetan —batez ere Suitzan— eskaintza kulturala askoz zabalagoa da, eta “bereziki eskaintza musikala”. Ez du zerikusirik Euskal Herriko ikuspegiarekin. Nonahi eta noiznahi kontzertu batez gozatzeko aukera dago, eta, gainera, “kontzertuek jendea erakartzen dute”.

Baina ezin dira konparatu bi herrialdeak. Suitza Nafarroa baino askoz herrialde garestiagoa da, eta biztanleek ere erosteko ahalmen handiagoa dute. Dena den, Orzaizek ez du harreman handirik bertako biztanleekin, eta onartu du “burbuila” moduko batean bizi dela. “Egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera”. Kontserbatorioan ikasten duten gehienak antzera ibiltzen direla azaldu du, ahalegin handia eskatzen duelako eskolak. Gainera, kontserbatorioan gehienak atzerritarrak dira, eta Suitzako ikasle gutxi daude. “Eskolako lagunekin ibiltzen naiz gehien; gehiago ezagutu beharko nituzke suitzarrak”.

Harreman handia du Nafarroarekin, hemen baititu familia eta lagunak, eta, gainera, gaurkotasuna gertutik aztertzen du. “Egunero irakurtzen ditut egunkariak, eta familiak eta lagunek hango albisteak kontatzen dizkidate. Aitortu behar dut lotsa sentitzen dudala. Ziur nago suitzarrek ere edukiko dituztela kontu lotsagarriak, baina Españistan-en ematen du ustelkeria eta telebistako Gandia’s shore programaren izpiritua nagusi direla. Ematen du inozo nahi gaituztela”. Hala ere, Nafarroara itzultzea edo Nafarrotatik gertu bizitzea gustatuko litzaioke Orzaizi, baina gaur egun zaila ikusten du, eta, oraingoz, han jarraituko du.