Oraindik ere bada zer ikasia

Jakinak ez dauka kalterik. Hala dio behintzat esaera zaharrak. Premisa horri jarraiki, heldu den uztailaren 22tik aurrera hasiko dira UEU Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egingo dituen udako ikastaroak. Hiru egunez, ezagutzak garatzeko aukera izango da. Orotara, hamaika ikastaro antolatu dituzte. Uztailaren 15a bitarte egin ahalko da ikastaroetan parte hartzeko matrikula.

Aurtengo ikastaroetarako 40+1 leloa hautatu dute UEUko arduradunek. “Iazkoa urte zaila izan zen”, hala aitotu du Irati Iziar udako ikastaroen arduradunak. Izan ere, azken hamabost urtean Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza bertan behera gelditu zen. Horrek proiektua bera kolokan jarri zuen neurri batean. Iziarren arabera, “oso une zailak bizi izan” dituzte. Antza, Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe gelditu izanak kolokan jarri zuen UEUk erakunde gisa duen egitura.

Hala ere, egoera horri irtenbidea aurkitzen buru-belarri aritu dira. “Ate batzuk itxi egin dizkigute, baina leiho batzuk ireki egin zaizkigu”. Esaterako, aurten UEUren hainbat proiektu finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute. Alde horretatik, pozik agertu da Iziar.

Udako ikastaroak Iruñean, Eibarren (Gipuzkoa) eta Baionan izango dira. Denera, 41 ikastaro eskainiko dituzte; hiru jardunaldi izango dira. Gainera, jakintza arlo guztietako ikastaroak egiteko aukera izango da, artea eta musika, giza eta gizarte zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientziak, osasuna… Horrez gain, Iruñeko kasuan, Nafarroako Gobernuak irakasleentzat bi ikastaro homologatu ditu: bat guraso hezitzaileen ingurukoa, eta bestea jendaurreko komunikazioari buruzkoa. Beraz, ikastaro horiek egiten dituzten irakasleek eskuratutako kredituak meritu gisa zenbatu ahal izango dituzte.

Sanferminen ostean, uztailaren 22an hasiko dira Iruñeko UEUren udako ikastaroak. Ofizialki, matrikula uztailaren 15a bitarte gauzatu ahal izango da. Denera, 11 ikastaro egiteko aukera izango da. Gizarte zientzien, giza zientzien, artearen eta musikaren, zientzien eta osasun zientzien alorretakoak izango dira 11 ikastaro horiek.

Gizarte zientziak

Alorrik oparoena

Iruñean egingo diren 11 ikastaroetatik sei gizarte zientziak deituriko eremuan kokatzen dira. Hain justu, alor horretakoak dira Nafarroako Gobernuak homologatutako bi ikastaroak. Lehenengoak Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak du izenburua. Uztailaren 22 eta 23an izango da. Nerea Mendizabal psikopedagogoa arituko da irakasle moduan. Hainbat helbururen artean, hitz egiteko moduari erreparatzea eta Marshall Rosemberen komunikazio ez-bortitzaren modeloa aurkeztea zehaztu dute.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak homologatutako bigarren ikastaroak Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra du izenburua. Jendaurrean hitz egiteko teknika eraginkor eta sinpleak ikastea da xedea, ahalik eta erraztasun, argitasun, naturaltasun eta dotoretasun handienaz, ematen diren mezuetan eraginkortasuna lortzeko. Gotzon Carcar trebatzaile pertsonalak emango ditu eskolak. Hiru saio izango dira denera, eta, batez ere, pertsona taldeekin komunikatu behar duten profesionalentzako dago diseinatua.

Era berean, hezkuntza alorrarekin lotuta, Euskara eta kirola: euskara sustatzeko eredu eta baliabideak ikastaroa ere programatuta dago. Iziarrek gogorarazi duenez, UEUren izateko arrazoietako bat euskara bera da. Horregatik, oso ohikoa da unibertsitateak euskararen sustapenarekin lotutako ikastaroak eskaintzea. Iziarrek dioenez, euskara sustatzeko baliabide “ezin hobea” da kirola. Besteak beste, Aitor Manterola eta Unai Zubeldia BERRIAko kazetariak arituko dira irakasle moduan.

Jakina da gaur egun haurrak direnak etorkizunean helduak izango direla. Iziar: “Nolako eskola nahi dugun jakin beharra daukagu, gurea eraiki ahal izateko”. Alor horren inguruan hausnartzeko, Eskola komunitatean eta komunitatea eskolan. XXI. mendeko erronkak ikastaroa gomendatu du. Batez ere, hezkuntza sisteman aldaketak egitea posible dela sinesten dutenentzat prestatu dute.

Ikastaro guztiek egungo errealitatearekin lotura zuzena duten arren, bereziki azpimarragarria da Gazteak, sexua eta sare sozialak izenburu duena. Ezagunak dira zenbait gurasorengan sare sozialek eta horren bitartez sor daitezkeen harremanek eragiten dituzten errezeloak. Uztailaren 22tik 24ra izango da ikastaroa, eta, batez ere, sare sozialei eta gazteriaren erabilera ohiturei buruzko ezagutzak eskainiko dira.

Azkenik, gizarte zientzien alorreko seigarren ikastaroak Euskal Herriko ekonomia eta gizartea, diagnostikorako lanabesak du izenburua. Uztailaren 23 eta 24an izango da. Batez ere, Euskal Herriko ekonomia eta gizartea aztertu nahian dabiltzan pertsonentzat pentsatutako saioak dira. Irakasle nagusi moduan, Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzailea arituko da.

Giza zientziak

Ohiko ikuspegitik at

Trantsizioa Euskal Herrian? Ikuspegi berriak da giza zientzien eremuan Iruñean eskainiko den ikastaro bakarra. Ikastaro horrek Euskal Herrian trantsizio garaian emandako aldaketak aztertzea izango du xede. Hala, trantsizioa kontzeptua bera zalantzan jarri dute, Euskal Herriak dituen berezitasunak aintzat hartuta. Saioak uztailaren 22tik 24ra izango dira.

Artea eta musika

Hobetzeko parada

Artearen inguruko alorrek ere badute tokia UEUren udako ikastaroetan. Iruñean alor horretako ikastaro bakarra eskainiko dute, Ahots-teknika ikastaroa: kantua sentitu, jolastu, gozatu. Iziarren hitzetan, “kontuan izan behar da Euskal Herria herri kantaria dela eta kantua gure nortasunaren parte garrantzitsua dela”. Ikastaro honen bitartez, ahots teknika ikasteko oinarrizko ezagutzak eskuratu daitezke.

Zientziak

Zertzeladak biologiaz

Lurzorua zer den ikasi ahal izango da oinarri-oinarrian, modu teoriko, dinamiko zein praktikoan uztailaren 22tik 24ra, Lurzorua: lehorreko bizitzaren sostengua ikastaroaren bidez. Lurzoruaren erabilera nagusiak ezagutzeko ikastaroan parte hartzen dutenek Ezkabara mendi irteera egingo dute. Ikastaroan, irakasle gisara lurzoruaren inguruan ezagutza handiak dituzten irakasleek parte hartuko dute, tartean geologoak, abokatuak eta biologoak. Lurzoruaren politikaz ere mintzatuko dira.

Osasun zientziak

Egonkortasun mentala

Ezagutzaren eremu honetan UEUk bi ikastaro programatu ditu. Lehenengoak Estresaren tentsiotik, bat-batekotasun bizigarrira du izenburua. Bi saiotan eskainiko dute. Gizarte industrializatuetan gehien edaturiko gaitza da estresa. Hori nola bideratu eta kudeatu ikasteko, hainbat gakoren berri emango dute adituek ikastaroan.

Neuropsikologiaren ekarpenak pertsonekin lan egiten duten adituentzat da alor honetako bigarren ikastaroa. Bi egunez, pertsonekin lan egiten dutenek pertsonen arazoak, zailtasunak eta gatazken sorburua identifikatzeko baliabideak ikastea da helburu nagusia. Fernando Trebol psikologoa izango da kasu honetan irakaslea.