“Emakumeen kontsumoa ezkutukoa izaten da; gizonena, agerikoagoa”

Drogek eragiten dituzten kalteak inork baino hobeto ezagutzen ditu Itziar Garaioa Gizakia Helburu fundazioko kideak. Lizarrarra da Garaioa, eta, egun, fundazio horrek Lizarran duen terapia komunitateko zuzendaria da. 1994an hasi zen han lanean. Onartu duenez, azken hamarkadetan, terapia komunitatean parte hartzen dutenen profila “izugarri” aldatu da, batez ere, gehien kontsumitzen diren drogak ere aldatu direlako.

Ia hogei urte dira Lizarrako terapia komunitatean lanean ari zarela. Denbora horretan aldatu da zentrora jotzen duten pertsonen profila?

Profila izugarri aldatu da. 1990eko hamarkadan, gehienek heroinarekiko mendekotasuna zuten. Orain, berriz, kokainaren eta alkoholaren kontsumoaren eraginez etortzen dira gurera. Izan ere, azken urteetan, izugarri jaitsi da heroinaren kontsumoa.

Zein protokolo jarraitzen duzue pertsona batek drogen eraginez laguntza eskatzen dizuenean?

Lehenik eta behin, hasierako diagnosia egiteko zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan. Ondoren, egoeraren azterketa egiten da, eta erabiltzaileari ditugun programak eskaintzen dizkiogu. Printzipioz, diagnosiaren bitartez jakin daiteke zer behar duen. Hala ere, erabiltzaileak erabakitzen du zein tratamendu jaso nahi duen. Izan ere, bi tratamendu mota daude: etxekoa eta erietxekoa.

Erabiltzaileak erietxeko programan parte hartzea erabakitzen duenean, zein dira hurrengo pausoak?

Komunitateko programan parte hartzeko prestatzen ditugu. Etapa horrek gutxi gorabehera hilabete inguru irauten du. Erabiltzaileak denbora horretan drogarik kontsumitu gabe egon behar du. Horrez gain, paperak eta mediku agiriak eguneratu egin behar ditu. Hiru betebehar horiek bete ostean, Lizarrako terapia komunitatean sartzeko moduan egoten dira.

Zein programa jarraitzen dute Lizarrako zentroan?

Denera, hiru programa ditugu. Lehenengoa atxikitze programa da. Hiru hilabeteko iraupena du. Kalean drogen kontsumoa eteteko arazoak dituzten pertsonek parte hartzen dute programa horretan. Horrela, abstinentzia berreskuratu ahal izaten dute, euren bizitza normalera itzuli ahal izateko. Bigarren programan, patologia bikoitza duten pertsonek parte hartzen dute. Gehienetan, estresa sufritzeko arrisku handia izaten dute. Tratamendu horrek bederatzi hileko iraupena du. Lan zehatza egiten da sentsibilizazioaren bitartez. Erabiltzaileak duen trastornoari aurre egiteko moduetako bat da. Horrez gain, hirugarren programa dago, tradizionala esaten dioguna. Ia urtebeteko iraupena du, eta hor ere helburua erabiltzaileak drogarik kontsumitu gabe bizitza normala egin ahal izatea da.

Desintoxikazio programak zailak izaten dira.

Hala da. Azken finean, oso zaila da drogak kontsumitzeari egun batetik bestera uztea. Egia da zenbait programa luzeak direla, baina egungo errealitatera egokitzen saiatu gara. Mendekotasunari aurre egitea ez da erraza. Alkoholaren kasuan, esaterako, gure gizartean oso presente dago edozein egoeratan. Beraz, erabiltzaileek asteburuetan egiten dituzten irteerak bereziki lantzen ditugu. Batez ere, egoera zailei aurre egiteko gai izan daitezen.

Aurkeztu berri duzuen ikerketaren arabera, terapia komunitatera joaten direnen bi heren gizonezkoak dira. Emakumeei laguntza eskatzea gizonezkoei baino gehiago kostatzen zaie?

Nik uste emakumezkooi laguntza eskatzea gehiago kostatzen zaigula. Gainera, normalean seme-alaben zaintzaz arduratzen dena da. Ondorioz, terapia komunitate batera joatea zailagoa egiten zaio emakumezkoari, familia utzi behar duelako. Aldatu eguneko zentroan ere ohartu dira errealitate horretaz. Emakumeen droga kontsumoa ezkutukoa izaten da; gizonena, agerikoagoa.