Indarrak herrian behar luke!

Pil-pilean dago Nafarroko Gobernuaren inguruko ustelkeria, CAN auzia Madrilen bideratuko dela jakinarazi delarik. Kontuz herri ekinaldia zoriondu beharrean gaude, ezkutuko mugimenduak agerian jarriz, nafar gizarteari argi egiteagatik.

Hala ere, ustelkeriak berak, agerian jartzean, jariatzen duen usainaz gainera, bertzelako usain txarra ere hartzen diogu honi: agian baten batek oraindik ere sinesten du goi-erakundeen erabat meneko diren auzitegiek zuzenbidea egiteko izan dezaketen gaitasunean, baina lerro hauek idazten dituen honek behintzat, usain txarra hartzen dio, beti, auzitegi horietan egosten denari. Gehiegitan ikusi dugu nola goi-erakundeetatik datozenean, aldaketa-mugimenduak guztia bere horretan mantentzeko izan ohi direla.

Herri ekinaldiak sarri dira erakundeetara begira, horietan eragiteko asmoz, behean, hau da, karrikan eta plazan, herritarrak aktibatuz. Horietako batzuk, lortu ere egiten dute erakundeetara iristea, eta bere horretan garaipentzat hartzen da.

Bertze ikuspegi batetik, herritarrak aktibatu bai, baina antolakuntza behean gelditzearen alde egin dezakegu, erakundeen eginkizuna herritarren ekimena laguntzera mugatuz. Horrek, herritarrok ardura hartzea dakar, eta erakundeen aldetik berriz, euren jarlekuetatik eskuetan duten boterea eta kontrola askatzea, indarra herriarengan dela aitortuz.

Herri mugimenduetatik erakundeetara sartu denak ongi daki zeinen estuak diren horien paretak: diru-laguntzen bidez, eta arau edo legeak direla-eta, goi-erakundeekiko menpekotasuna ia erabatekoa da. Ezin baitugu atzendu nola egituratzen diren erakundeak: goitik beherako sistema da, piramidearen gailurrak agintzen duelarik oinarria.

Behin egitura hori ongi irudikatu, behar bezala ulertu eta kokatuta, has gaitezke erakundeek izan dezaketen eginkizuna zehazten. Indarra herriak duela, eta hala behar duela, sentitzen badugu, erakundeen lana indar horri trabak jarri beharrean erraztasunak ematea behar luke. Herria hein batean aske da, ez baitago lau pareta esturen baitan itxita. Beraz, herriaren indarra pareta estuen artean sartu nahiko bagenu, indar hori mugatzen ariko ginateke, bere ahalmena ukatzen.

Hein handi batean, hori da ezagutzen dugun errealitatea, ia-ia bakarra. Hala, geroz eta zailagoa da herritarron mobilizazioa, aktibazioa, eta zer erranik ez, dagozkigunen ardura gure esku hartzea. Nola bada, goiti begira egon behar badugu, erakundeei so? Ordezkaritza bidezko antolakuntza honetan, bozka ematea eta guti gehiagorako aukera ematen digute, eta gainerakoa erakundeek egin beharrekoa dela barneratzen dugu. Noski, mobiliza gaitezke erakundeei presioa egiteko, baina goiti begira segitzen dugu… Ateak ireki eta “parte hartzea” eskaintzen digutenean, zaila da aktibazioa, botereari goian eusten zaiolako… indarrak herrian behar bailuke!