Izokinen arrantza garaia espero baino lehen amaitu da

Aurtengo udaberrian egindako euriteek izokinak arrantzatzea erraztu dute. Hasieran arrain horiek arrantzatzeko aldia uztailaren 15era arte irekia egongo zela aurreikusia bazegoen ere, ekainaren 22an hartu zuen Benjamin Carrerak 52. izokina, eta hark bete zuen kupoa. Joan den urtean kupoa txikiagoa izan arren, azken izokina ez zen uztailaren 11ra arte eskuratu.

Ingurumen departamentuak adierazi duenez, arrantzaldia aurten goiz amaitu izana baliteke aurtengo udaberriko klima baldintzek eragina izatea. Dirudienez, hainbeste euri egin duenez, izokinak lehenago atera dira beren ibilbidea egitera. Horrez gain, joan den urtean hainbat arrantza postu itxi behar izan zituzten, Bidasoako ur eskasia zela eta. Aurten, aldiz, gehiegizko uhertasunak eraginda itxi dituzte zenbait zati.

Aurtengo denboraldia maiatzaren 1ean ireki zen, eta egun horretan bertan arrantzatu zuen lehenengo izokina Roberto Lantz orkoiendarrak. Izokin horren pisua 4,260 kilo izan zen, eta 74 zentimetro zen luzean. Dena den, aurten arrantzatutako izokinik handienaren neurria 88,8 zentimetro izan zen; pisutsuenak, berriz, 6,5 kilogramo zituen.

Izokin gehien eskuratu dituen arrantzalea Gregorio Urzelaieta irundarra da. Bost eskuratu ditu; guztiak Endarlatsa inguruan arrantzatu zituen.