Mendekotasuna, argitara

Kokaina, kalamua, ketamina, alkohola, heroina… Horiexek dira Nafarroako Gizakia Helburu fundaziora jotzen dutenek gehien kontsumitzen dituzten drogak. Hala ere, guztiak ez dira neurri berean kontsumitzen. 2012an, 498 lagunek jo zuten fundazio horretara laguntza eske, horietatik 239k lehenengo aldiz. Drogaren zurrunbilotik irtetea ez da batere erraza izaten. Askok urteak behar izaten dituzte mendekotasunetik erabat osatzeko. Azken urteetako joerak mantendu egin dira 2012an ere. Kokaina eta estimulagarriengatik eskatu dute tratamendua Gizakia Helburura jo dutenen %40,4k, eta alkoholarengatik %37,8k.

2012an eskainitako zerbitzuaren berri eman du Nafarroako Gizakia Helburu fundazioko zuzendari Alfonso Aranak. Generoaren arabera kontsumoan ezberdintasun handia dagoela ohartarazi du. “Emakumeen artean, alkoholak eragiten du eskari gehien; gizonezkoetan, berriz, kokainak eta estimulagarriek”.

Olga Ardanaz Aldatu mendekotasunen arreta anbulatorioko zentroko zuzendaria da. Dioenez, azken urteetan, alkohola kontsumitzen duten emakumeen goranzko joera atzeman dute. “Gero eta gehiago dira gurera alkoholaren kontsumoagatik laguntza eske etortzen diren emakumezkoak”. Gehienek etxean kontsumitzen dutela argitu du. “Oraindik ere, emakumea taberna batean bakarrik alkohola edaten ikustea ez da begi onez ikusten; horregatik, etxeko bakardadea profitatuz kontsumitzen dute gehienek”. Gainera, laguntza eskatzea askori kosta egiten zaiela ohartarazi du Ardanazek.

Datuetan errealitate hori agerian gelditzen da. Denera, 498 lagun artatu zituzten iaz Gizakia Helburun. 172 lagun Lizarrako terapia komunitatean artatu dizute, eta 316, berriz, Aldatu arreta anbulatorioko zentroan. Horietatik %24,3 besterik ez ziren emakumeak. Aranaren hitzetan, generoaren araberako ezberdintasunak “agerikoak” dira, nahiz eta haiek “gizonezkoei zein emakumezkoei laguntzeko oso prestatuta” dauden. Eremu hori lantzeko beharra nabarmendu du.

Ezberdintasunak ezberdintasun, Gizakia Helburura jotzen dutenen profila nahiko zehatza da: 37 urte batez beste, gizonezkoa, krisi ekonomikoaren biktima eta gizarteko sistematik kanpo gelditzeko arriskuan dagoena. Aranak azaldu duenez, Lizarrako terapia komunitatean izan direnen %10 soilik ari ziren lanean terapia hasteko unean. “Erabiltzaileek mendekotasuna gainditzen dutenean, gizarteratzeko zailtasun handiak eragiten ditu errealitate horrek”. Hala, erabiltzaileek senda agiria jaso ostean, profesionalen jarraipen zuzena izaten dute.

Kontsumo aniztuna

Droga mendekotasuna gainditzeko asmoz, tratamendua jaso dutenen artean, gehienek kokaina eta alkohola aipatzen dituzte gehien kontsumitzen duten substantzia gisa. Hala ere, kasu gehienetan, hainbat substantzia kontsumitzen dituzte aldi berean. “Kokaina kontsumitzen dutenen artean ohikoa izaten da alkohola eta kalamua ere gehiegi kontsumitzea”, dio Ardanazek.

Gizakia Helburu fundazioak 23 urte daramatza Nafarroan lanean, eta kontsumo moduak asko aldatu direla ohartarazi du Aranak. Esaterako, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hasieran, heroina zen gehien kontsumitzen zen droga. Gaur egun, errealitatea oso bestelakoa da. Izan ere, 2012an tratamendua jaso zutenen %5,2k soilik zituzten arazoak heroinarekin.

Hala ere, Aranari deigarri egiten zaio kalamua kontsumitzeagatik izan duten eskari igoera. Tarte handia dago alkoholaren eta kokainaren kontsumoarekin alderatuta, baina, erabiltzaileek adierazitakoaren arabera, hirugarren tokian ageri da droga arazo nagusi gisa, artatutako lagunen %11k aipatu baitute kalamua euren arazoen iturburu gisa.

Bestalde, 1997tik, Gizakia Helburu fundazioak badu adingabeei bideratutako zerbitzu berezi bat: Suspertu. Gaztediaren eremuan, drogen kontsumoaren prebentzioan lan egiten dute, batez ere. Droga kontsumoarekin portaera “arriskutsuak” dituzten gazteak artatzen dituzte, baita haien ahaideak ere. 2012an, 113 adingabe artatu zituzten programa horretan; horietatik 71 terapia zentroan egon dira sendatu arte. Ikerketan jasotakoaren arabera, horretarako arrazoi nagusia drogen kontsumoa da. “Adingabeen droga menpekotasunak bereziki kezkatzen gaitu, etorkizunean arazo larriak izan ditzaketelako”, azaldu du Aranak.

Galtzak bete lan dituzte Aranak eta gainontzeko kideek. Etorkizuneko erronka gisa proiektua bera mantentzea izango dela aitortu du: “Krisiaren ondorioz, gero eta lagun gehiagok dituzte tratamendua bere gain hartzeko zailtasunak”. Egoera ekonomiko zaila dute Gizakia Helburu fundazioan. 2013. urtea amaituko dutela ziur da; 2014an zer gertatuko den ez dakiela jakinarazi du. Horretarako, boluntario zein enpresei laguntza eskatu die.