Uztailaren 18an hasiko da Antzerki Klasikoaren Jaialdia, Erriberrin

Aurten ere iraganera bidaiatzeko aukera emango du Erriberriko Antzerki Klasikoaren XIV. Jaialdiak. Hainbat antzezlan ikusteko parada izateaz gainera, publiko espezialituarentzat trebakuntza ikastaroak eta antzerkia sustatzeko jarduerak ere egongo dira.

Besteak beste, Shakespeare, Moliere, Calderon de la Barca, Tirso de Molina eta bestelako autore ezagunen ikuskizunak emango dituzte Erriberriko gazteluaren aurrean. Antzerki obra gehienak Jauregiko Bitxiak eta Bertako Klasikoak zikloetan banatuak dauden arren, Otro gran teatro del mundo (Munduko beste antzerki handia) familia ikuskizuna eta La venganza de Don Mendo (Mendo jaunaren mendekua) antzezlanak ikusteko aukera ere izango da.

Bestalde, Erriberriko gaztelua duela 200 urte suntsitu izana gogoratzeko ibilbide historikoak prestatu dituzte, garai hartako pertsonen lekukotasunak aintzat hartuta. Horrez gainera, hainbat hitzaldi emango dituzte, hala nola Erdi Aroko eraikuntzen eta bizimoduaren ingurukoak.

Antzerki saioetarako sarrerak maiatzaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean egongo dira eskuragarri Interneten, eta uztailaren 16tik abuztuaren 3ra leihatiletan. Abonamenduak, berriz, Internetez soilik eros daitezke, eta gaur da horretarako azken eguna.