Zalaparta handirik gabe. Zalaparta mediatiko handirik gabe, bederen, Sakanako hainbat herritan atez ateko sistema abiatuko dute astelehenean. Tira, gauzak zehaztearren, herri bakoitzari egokituriko zabor bilketa eginen dute; baina betiere atez ateko sistemaren inguruan egituratuak denak eta Nafarroako gainerako tokietan ezagutzen dugun edukiontzien eredutik aldentzen direnak. Erran dugu Nafarroan zalaparta mediatiko handirik ez duela izan; xelebrekeriarik ez zaio falta izan, ordea.
• Iraultza instituzionala. Betidanik irria marraztu egin zait aurpegian Mexikoko PRI alderdiaren izen osoa entzun izan dudalarik: Alderdi Iraultzaile Instituzionala. Oximoron polita, Roberto Jimenez eta pisuzko arrazoiak elkartzea bezalaxe. Hala, garai batean antisistematzat jotzen zuten ezker abertzalea —bertze batzuekin batera elkartuta— erakundeetatik ari da benetako iraultza bulkatzen, herritar guztien eguneroko ohitura bat hankaz gora jarri nahi duena.
• Alde, eta ez kontra. Erakundeetatik etortzen diren proiektuen aurka borrokatzen ohitura dugunok arraro samar sentitzen gara oraingoan. Jokoz kanpo. Orain, diputazio batetik, hainbat mankomunitatetik, zenbait udaletatik “inposatzen” ari direnaren alde egin behar dugu sutsuki. Beti “ez”, “ez” eta “ez” oihukatzen, eta orain “bai”, “bai” eta “bai”? Gauza arraroagorik!
• Herri kontsultak. Aurreko batean aipatu genuen zenbait herri galdeketaren emaitzek toki zailean uzten gaituztela herri galdeketen aldeko garenok. Zorionez, baina, atez ateko sistemaren kontra egiten ari diren galdeketa gehienak hain dira zabarrak, hain ilunak, hain itsusiak, hain antidemokratikoak… ezen horietaz paso egiteko aukera ederra ematen baitigute, horretarako batere alhadurarik izan gabe. Orain ulertzen dut zer sentitzen duten UPNkoek “betiko” herri mugimenduek antolaturiko herri galdeketak aintzat hartzen ez dituztelarik: deus ere ez.
• NAN. Bideoa ikusiko zenuten: Villabonan (Gipuzkoa) atez atekoaren kontrako herri galdeketa; ezker abertzaleko kide batzuek bozkalekura sartu nahi dute, behatzaile lanak egiteko; lotsagarriki, ez diete sartzen uzten; eta ezker abertzaleko kideek beren arrazoiak erakusten dituzte, baita beren Espainiako nortasun agiriak ere.
• Kontrainformazioa. Atez atekoa ezartzen ari direnek, informazioa (hedabide instituzionalak erabilita). Haren aurkakoek, kontrainformazioa (eskela gehien saltzen dituzten egunkariek eta alderdi politiko handiek lagunduta). Eta aspalditik zaborrak hobeki kudeatzearen alde daudenenek, kontra-kontrainformazioa (hedabide txiki alternatiboak baliatuta).
Aurkakorik? Sakanako Mankomunitatekoak atez atekoa azaltzen hasi zirelarik, PPko zinegotziek flipatu zuten jakin zutelarik beren alderdiak gauza bera babesten duela Katalunian. Geroago, ekainaren hasieran, UPNk atez atekoa debekatzea proposatu zuen Nafarroako parlamentuan. Baina hilaren bukaeran Sakanara eginiko bisitan, UPNko ordezkari Begoña Sanzberrok erran zuen ez zeudela “ez alde eta ez kontra”. Bisita berean, Carmen Otxoa parlamentari sozialistak adierazi zuen atez atekoa “etorkizuna” dela. Ez ote dute oposizio garbiagorik eginen?