Aniztuna da Nafarroa. Hegoaldean, lehorra, eta iparraldean, hezea. Ekialdean, mendiak. Erdialdean, lautada. Aniztasun hori profitatu du Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak paisaiagatik edota kultura balioagatik bisitatu beharreko 35 gune zerrendatzerakoan. Arbaiungo arroila, Xorroxingo ur-jauzia eta Iruñeko Zaldi Zuriko begiralekua daude, besteak beste, zerrenda horren barruan.
Nafarroako paisaietan ibilbidea. Hala izena du gobernuak egindako proposamenak. Denera, hogei begiraleku eta hamabost ibilbide zerrendatu dituzte. Atzerritik zein inguruko herrialdeetatik Nafarroara etortzen direnentzat daude pentsatuta proposamenak. Era berean, Turismo Departamentuak jakinarazi duenez, bertakoek ere lurraldea hobeto ezagutzeko parada izatea nahi dute.
35 ibilbideak lau eremutan daude banatuta: iparraldekoa, Iruñerrikoa, erdigunekoa eta Erriberakoa. Guztietan, eremu bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu dira. Aukera handia dago. Izan ere, Nafarroan barrena ibilbideak antolatu eta hiru bat eguneko txangoak egin daitezke, baita egun bakarrekoak ere.
Iparraldeko eremuan dago Xorroxingo ur-jauzia, Baztan ibarreko Erratzu herrian. Aparkalekuan autoa utzi eta oinez hiru kilometroko ibilbidea egin ostean iristen da ur-jauzira. Txoko berezi bezain polita da. Naturak sotilki eraldatutako gunea da Xorroxin.
Irunberriko arroila ere eremu horretan bertan dago, iparraldean alegia. Ibaiaren alde batean, pasealekua dago. Ingurunean bizi diren hegaztiak ikus daitezke, tartean saiak eta arranoak. Haizeak, urak eta halako elementuek erliebea eraldatzeko duten gaitasunaz jabetu daiteke bisitaria.
Bestalde, Iruñerrian ere bada zer bisitatu. Ziurrenik, Nafarroan biztanle gehien duen eremua da. Azken urteetan, urbe handi bilakatu da eskualdea, batez ere eraiki diren auzo berriak direla eta. Hain justu, Erreniega mendia da Iruñerriko mendirik ezagunenetakoa. Bertan, begiraleku naturala dago Donejakue bideko erromesen omenez egindako eskulturaren alboan. Bista panoramikoa du. Horri esker, Pirinioetako mendiak ikus daitezke, eta hegoaldean urtaroaren arabera kolorez aldatzen diren soroak. Uda garaian, horiak izaten dira soro horiek, landatutako gariaren eraginez, batez ere. Hirigunea eta natura uztartzen dira hortaz.
Turismo Departamentuak erdigunean zortzi proposamen egin ditu. Aukera horien artean, ezagunena ziurrenik Urederrako iturburua izango da. Sakana eta Lizarra artean dago, Urbasa eta Andiako Natur Parkean. 5,3 kilometroko ibilbidearen ostean iristen da iturburura. Toki fresko zein berezia da. Batez ere, Urederrako urak duen koloreagatik. Natur parke berean dago Ubabako begiralekua. Ziurrenik, ezagunagoa da Pilatosen begiralekua izenarekin. 900 metroko amildegia du azpian, eta Ameskoa ibarra ikus daiteke, baita Urederrako ur-jauzia ere.
Erriberan ere bada zer bisitatu. Nafarroa hegoaldeko paisaia ikusgarria Santa Barbarako gainean ikus daiteke ondoen. Tutera ondoan dago gain hori. Bista panoramikoa dago bertan. Bardea, Ebro ibaia, Monkaio eta Cierzo mendiak ikusi daitezke, besteak beste.
Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Turismo kontseilariak azaldu duenez, egun turistak erakartzeko modurik eraginkorrena proposamenak egitea da. Hala ere, argi utzi du proposamen horiek ez direla kanpotarrentzat bakarrik pentsatutakoak, baita bertakoentzat ere: “Sarritan etxean duguna ez delako ezagutzen”.