“Nire bizitza hemen dago, baina ni ez naiz hemengoa sentitzen”

Bost urte zituela hasi zen Laida Aldaz (Etxarri Aranatz, 1980) dantzan, eta egun, artista eta dantzaria da. Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean egin zituen dantza klasikoko ikasketak, baina dantza garaikidea ikasi nahi zuen, eta atzerrira joan behar izan zuen. Orain dela hamahiru urte iritsi zen Bruselara (Belgika), eta dantzan ez ezik, artearen beste arlo batzuetan —arte plastikoetan eta bideogintzan, batez ere— sakondu du.

Bi urtez egon zen Bruselako PARTS dantza eskola entzutetsuan, eta hortik aurrera, bere kabuz lan egin du, freelance bezala. “Hor hasi zen dena”, aitortu du. Instalazioak, performanceak eta bideoak egin ditu, bai bere kabuz, bai lagunekin eta baita enkarguz ere. Kuriositatea izan du beti, eta autodidakta izan da, gutxika-gutxika beste arlo batzuetan murgildu da. “Beharra dut nire gauzak egiteko, baina horrek lan eta esfortzu handia eskatzen du; horregatik kanpotik zerbait eskatzen didatenean gustura egiten dut, erosoagoa da niretzat”. Horrela egin zuen, adibidez, When the here is there instalazioa —www.laidaldaz.wix.com/arts webgunean ikus daitezke bere lan guztiak—. Bruselan bizi diren Turkiako emakume batzuekin lan egin zuen Aldazek, eta atzerria landu zuen haiekin. “Haiek atzerritarrak ziren, eta ni ere: hori zen gure puntu komuna”. Instalazioaren bidez, pertsona bat bere herritik kanpo nola sentitzen den azaldu nahi zuen. “Herri mina”. Turkiako emakumeek, adibidez, beti esaten zuten zahartzen zirenean haien herrialdera itzuli nahi zutela.

Eta sentimendu bera du Aldazek. “Nire bizitza hemen dago, baina ni ez naiz hemengoa sentitzen”. Turkiako emakumeak egoerak behartuta joan ziren Bruselara, eta neurri batean horrela joan zen Aldaz ere. “Ni ez nintzen hona etorri ezer jateko ez nuelako, baina bai ezin nuelako nire arloan lan egin Nafarroan”. Egungo krisi ekonomikoarekin konparatu du bere egoera. “Orain gazteak atzerrira joaten dira lana bilatzera; niri hori orain dela hamahiru urte gertatu zitzaidan. Artistok beti egon gara krisi egoeran, beti tokatu zaigu leku batetik bestera mugitzea”.

Ez da damutzen, hala ere, hartutako erabakiaz. Esperientzia “guztiz aberasgarria” izaten ari dela dio, bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, eta ez zuen inolako dudarik izan. “Nafarroan geratu izan banintz seguruenik ez nukeen ikasiko hemen ikasi dudan guztia. Pertsona bezala, atzerriak irekitzen zaitu, eta pentsatzeko modua aldatu”. Hala ere, onartu du hastapenak ez zirela batere errazak izan. Hogei urte besterik ez zituen, hiri berri eta handi batera iritsi zen, eta ez zituen ez frantsesa ez ingelesa menperatzen. Hutsetik hasi zen, eta erdi galduta sentitzen zen hasieran. “Nazioarteko bizimodua da hemengoa, mundu guztiko jendea bizi da, eta denetarik dago”.

Artistari ematen zaion garrantziaz mintzatu da Aldaz. Han konturatu da Belgikan artisten lanbidea normalizatua dagoela, adibidez. “Ez Euskal Herrian ezta Espainian ere ez da errespetatzen gure lanbidea; hemen, ordea, bai”. Belgikan artistek badute haien estatutua, eta horren bidez eskubideak dituzte, eta aukera dute langabezia saria jasotzeko. “Gobernuak kontuan hartzen du artistaren lanbidea ez dela erraza, ez dela egonkorra. Horregatik beti nago ziur jateko eta gastuak ordaintzeko dirua izanen dudala; eta bitartean nirean lan egin dezaket”. Izan ere, bere lana ez da errutina. Egun guztiak dira desberdinak Aldazentzat, batzuetan lan gehiegi du, eta beste batzuetan lasaiago dago. “Ez dut ordutegi finkorik ezta leku finkorik lan egiteko. Estresagarria da batzuetan, baina baita ere atsegina. Bizi naiz egiten dudanarekin, zorte handia izan dut”.

Egin dituen lanekin atzerrira joateko aukera izan du Aldazek. Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian eta Europako herrialde askotan egon da bere proiektuekin eta Txilen egon zen dantza eskolak ematen. Nafarroara bere proiektuak eramaten saiatzen da, baina onartu du ez dela erraza izaten. “Erakutsi nahi dut zer egin dudan. Erraztasunak baino gehiago, ordea, zailtasunak jartzen dizkidate hori lortzeko”. Tratu oso txarra jaso duela dio, eta 2010. urtean, adibidez, Aldazek ezetz esan zion Nafarroako Artista Gazteen Topaketak lehiaketako arte plastikoetako bigarren sariari, sariketak sortzaileen lana bultzatzeko eta zabaltzeko helburua betetzen ez zuelako. Orain, murrizketen eraginez, egoera okertu dela uste du Aldazek.

Dena den, Nafarroara itzuli nahi du, gogoa du. Urtero bi aldiz itzultzen da egun batzuk igarotzera, baina gutxiegi da. Hemendik aurrera denboraldi luzeak egotea gustatuko litzaioke. “Hanka bat han, eta beste hemen; ez ditut hemengo kontaktuak galdu nahi”. Baina hainbeste urtez kanpoan bizi izan denez, ez ditu ezagutzen Nafarroako artistak eta bitartekoak falta zaizkio: “Nire asmoa da jendea ezagutzea eta horrela aukera izatea Nafarroan lan egiteko eta proiektuetan parte hartzeko”.