Zezenketen aurkakoek biluzik egingo dute protesta Iruñeko Udaletxeko plazan

Zezenketen aurkako 50 bat aktibista bilduko dira gaur 11:30ean, Udaletxeko plazan, protesta “berritzaile” bati ekiteko. Anima Naturalis eta PETA gobernuz kanpoko erakundeek hamahirugarrenez antolatu dute ekitaldia, sanferminetan “torturatu eta hilko dituzten zezenen omenez”. Biluzik adieraziko dute euren haserrea, eta hilkutxa bat beteko dute hilko den zezen bakoitzeko.

Jar zaitez zezenaren lekuan kanpainaren barruan dago gaurko ekitaldia ere, eta, Anima Naturaliseko kideek adierazi dutenez, aurtengo ekitaldia “ikusgarria bezain ikaragarria” izango da.

Tauromakiaren aurkako protestara hainbat herrialdetatik etorriko da jendea, hala nola Australiatik, Frantziatik eta Ingalaterratik. Horretaz gain, dei egin dute nahi duten guztiek parte har dezaten. Izan ere, protesta “hunkigarria” izango da, eta ikustera joaten direnak zezenen lekuan jartzea nahi dute antolatzaileek; egun hauetan “beldurra eta mina” jasango baitute zezenek, eta hil egingo dituzte.

Anima Naturalis erakundeko zuzendari Aida Gasconek azaldu duenez, momentu honetan zezen askok ez dute besta hauetan pairatuko duten sufrimenduaren berri. “Egunero, sei zezen Iruñeko kaleetan zehar jarraitu eta inguratuko dituzte, eta plazara beldurturik iritsiko dira. Arratsaldean, berriz, inongo justifikaziorik gabeko tortura eta erailketa pairatuko dute”, gaineratu du.

Tauromakiak —zezenketak, sokamuturrak, entzierroak, izkingileak eta bestelako ikuskizunak— 564 milioi euroko finantzaketa jasotzen du altxor publikotik, abeltzainek jasotzen dituzten laguntzez gain. Altarriba fundazioak adierazi duenez, diru laguntza horien ondorioz familia bakoitzak batez beste 47 euro ordaintzen du.

Joan den urtean, Nafarroako Gobernuak debekatu egin zuen PETA eta Anima Naturalis elkarteek antolatutako gurutziltzatze sinbolikoa. Dirudienez, katolikoak minduta senti zitezkeen ikuskizun horren aurrean. Gaurko egunarekin sei aktibista udaletxearen aurrean sinbolikoki gurutziltzatzeko asmoa zegoen, zezenek jasaten duten “kalbarioa” irudikatzeko, baina debekua zela eta, ezin izan zuten aurrera eraman. Horren aurrean, aktibisten gorputzekin sanferminetako tauromakia bukatzeko lelo bat idatzi zuten.

Igandean hurrengo zita

Bi erakunde horiek ez ezik, Pacma alderdiko kideek ere zezenketen kontrako ekitaldi ugari egin izan dituzte. Zapi beltzak lepoan lotu, eta zezenik gabeko sanferminen alde egiten dute urtero animalista talde horretako kideek. Pacmakoek joan den urtean adierazi zutenez, badakite zezenen inguruko ekitaldiek erro sendoak dituztela, baina pixkanaka gauzak aldatzen ari direla azpimarratu zuten.

Igande honetan izango da zapi beltzak janzteko hurrengo zita, betiere, animalia guztien alde eta zezenketen aurka eginez.