Bertze hainbat animaliarekin partekatzen dute etxea herritar anitzek. Txakurrekin eta katuekin, batez ere. Legez babestutako animaliak dira horiek, baina horrek ez du erran nahi babes hori beti jasotzen dutenik. Berriki, Bartzelonan, karrikako katuak artatzen eta zaintzen dituen elkarte baten egoitzari su eman dio pertsona batek. Hamar katu hil ditu erasoak.
Nafarroan ere animalien aurkako tratu txarrak gertatzen dira: karrikan abandonatzen dira txakurrak eta katuak; oilarren arteko borrokak egiten dira, bai eta txakurren artekoak ere. Foruzaingoak badu eskumena halakoetan parte hartzeko, baina animalien aurkako tratu txarren esparruan, oraindik ere, laburra izaten da, kasu gehienetan, herritarren salaketek egiten duten bidea.
Gauzak aldatzeko gogoz dagoen jendea bada, hala ere. BASATI elkarteko kideak dira horren adibide. Iazko irailean jarri zuten taldea martxan, babesgabeko animaliak artatzeko. Albaitari talde iraunkorra da, eta haien lana ahulenen esku jarri nahi dute.
Hogei albaitari inguruk osatzen dute BASATI. Ez dira elkarteko profesional bakarrak. Abokatuak, kriminologoak, kazetariak eta biologoak ere badira, bertzeak bertze. Alfonso Bañeres da kideetako bat. Albaitaria. Argi utzi du haien helburua zein den: “Babesgabeko animaliak artatzea da gure lana. Jaberik ez duten animaliak, bai eta tratu txarrak jasan dituztenak ere”. Zehaztu du, hala ere, elkarteak ez duela animaliak babesteko ohiko elkarte baten modura funtzionatzen. “Gure helburua ez da herritarrek guregana jotzea”. Albaitari gehienak kliniketan ari dira lanean, eta esparru horretan aritzen da elkartea, hain zuzen ere.
Segida eta babesa eman
“Guregana anitzetan ailegatzen dira zauritutako animaliak, edo gaixo direnak. Jaberik ez dutelako, edo tratu txarrak jasan dituztelako. Halakoetan, beti artatu izan ditugu. Elkartearen bidez, lan horri segida eman nahi diogu, eta, gainera, babesa. Lan profesionala egiten ari garela ziurtatu, eta balioa eman, hori da kontua”, azaldu du Bañeresek.
Animalia babesgabea artatzen duen albaitaria elkarteko kide bada, BASATIri emanen dio egindako lanaren berri, eta elkarteak ordainduko dio egindako lan hori. Elkarteko kideen asmoa da, noski, osatzen duten sarea gero eta handiagoa izatea. “Gero eta gehiago bagara, hobeki artatu ahal izanen ditugu guregana heltzen diren eta bestelako babesik ez duten animaliak”.
Lan hori ordaindu ahal izateko, proiektua lagundu nahi dutenen eskutik jasotzen dutena baliatzen dute. Hainbat ospitaletatik, adibidez, materiala heldu izan zaie. “Pertsonentzat jada erabilgarria ez den materiala da, baina beste animaliak laguntzeko balio diguna”. Gisa horretako laguntzak jasotzen jarraitzeko bideak aztertzen ari dira elkarteko kideak, bai eta dirua lortzeko bertzelako moduak ere, haien lanak aurrera egin ahal izan dezan.
Foruzaingoarekin ere elkarlanean ari dira BASATIko albaitariak eta bertzelako profesionalak. Txakurren arteko borroketan erabilitako animaliak artatu dituzte elkarlan horri esker, adibidez, bai eta borroketan erabilitako oilarrak ere. “Horrelakoak egiten dira Nafarroan, oraindik ere”, salatu du BASATIko albaitariak.
Tratu txarrak jasan dituzten animalien esparruan, albaitarien zaintzaz harago joan nahi dute elkarteko kideek. Salaketak jartzeko laguntza eskaini nahi dute, eta haien txostenen bidez, halako jarduerak zigortzeko urratsak egin, bertzeak bertze. Pozoitutako animaliak artatzea, eta gisa horretako jarduerak salatzea eta haiei aurrea hartzea ere bai.
Txakurrak eta katuak ez dira BASATIko kideek artatzen dituzten animalia bakarrak. Berriki hegazti harrapari bat sendatzeko aukera izan zuen Bañeresek berak. Nafarroan, gobernuak badu basafauna artatzeko zentro bat Ilundainen. Baina egungo egoera kaskarra dela nabarmendu du Bañeresek. Han aritua da bera, baina egun zentroak albaitaririk ez duela azaldu du. “Ez albaitaririk, ez beste langilerik ere”, erantsi du. Murrizketek eragin dute egoera hori, eta ondorioak, noski, animaliek jasanen dituzte.
Etxauri, txakurrak eta neskak
Urte hasieran, uholdeek hartu zuten Nafarroako Gobernuak etxerik gabeko txakurrentzat Etxaurin duen egoitza. Dozena bat animalia inguru zendu ziren, kaioletatik ezin atera. Etxauriko Neskak taldeko boluntarioei esker, bertze anitz salbatu ahal izan zituzten, txakurrak laguntzera agertu baitziren.
BASATIko albaitariak ere aritu ziren txakurrak artatzen. “Denera 28 animalia hartu genituen”. Haietako hainbatek kaioletatik ihes egiten saiatu zirenean egindako zauriak zituzten, bai eta elkarri egindako hozken arrastoak ere. Haiek sendatzen aritu ziren Bañeres eta elkarteko gainerako kideak.
Etxauriko Neskek eskertu zuten laguntza. Gobernuaren egoitzako txakurrak artatzen dituen boluntario taldea dago elkarte horren atzean. Txakurrak zainduko dituzten familiak bilatzen dituzte, eta egoitzan dauden bitartean ere, paseatzera ateratzen dituzte, haien egonaldia samurrago bilakatzeko asmo bakarrarekin.
Etxauriko Nesketako bat da Susana Garmendia. Babesik gabeko animaliak artatzea zer den ederki daki. Halakoxeak izaten direlako txakurtegira ailegatzen direnak. Etxerik gabe gelditu diren animaliak.
Ilundaingo zentroan bezala, murrizketen ondorioak sumatu dituzte Etxaurin ere. Bereziki, Etxaurin bizi diren animaliek sentitu dituzte, krisiaren aitzakian, etxerik gabe gelditu direlako haietako anitz.
Krisiaren aitzakian. Horixe nabarmendu du Garmendiak, hain zuzen ere. “Krisia aitzakia izan da jende anitzentzat. Txakurra zaintzeaz nekatu, eta, haien burua nolabait zuritzeko edo, krisiaren aitzakia erabiltzen dute animalia zaintzen ez jarraitzeko”, salatu du Etxauriko Nesken taldeko kideak. “Egonen da halabeharrez txakurra utzi behar izan duena, baina kasu gehienetan krisia aitzakia hutsa da”, berretsi du Garmendiak.
Etxaurikoaren gisako egoitzetara ailegatzen diren txakurren soslaia, gainera, hagitz nabarmena dela erantsi du Susana Garmendiak. “Gehienak ehizarako erabiltzen diren txakurrak dira”, azaldu du.
Ehiza garaia amaituta abandonatzen dituzte txakur horiek haien jabeek. “Bertze anitz akabatu egiten dituzte; nik ikusi izan ditut lepoan sokaren arrastoa zuten txakurrak”, azaldu du Etxauriko Nesken taldeko boluntarioak.
Uda ere txakurrak abandonatzeko garaia izan ohi da. Garmendiak gogoratu du: “Txakurra oporretara ezin dutelako eraman txakurtegira eramaten dutenak animalia abandonatzen ari dira”. Arduraz jokatzeko beharra berretsi du. “Gure babespean diren animaliak dira, eta ez du balio babes eta ardura horri uko egiteak, bertzerik gabe”.
Ardura hori hartzeko prest denak Etxaurin baditu txakur anitz adoptatzeko zain. “Egoitza beteta dago”, erran du Susana Garmendiak. Laguntza behar dute. Etxauriko Neskak taldeko kideak laguntza hori emateko prest dira. BASATIko albaitariak eta gainerako profesionalak ere bai. Babesgabeko animaliak artatzen eta zaintzen jarraitu ahal izateko.