Baztanen harrobia egiteko asmoa berpizteko aukeraz ohartarazi du Erdiz Bizirik-ek

Magnesitas de Navarra Baztan aldera begira jarri da berriz ere. Aukera horretaz ohartarazi du, behintzat, Erdiz Bizirik plataformak. Magnak 2008. urtean iragarri zuen Erdiz eremuan harrobia egiteko proiektua bertan behera utziko zuela; duela bi aste, proiektu hori bultzatzeko eskatu zion Baztango Garapenerako Elkarteak bertako udalari.

Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magna enpresaren arteko lotura argia izan da beti Erdiz Bizirik plataformako kideentzat. “Elkartearen webgunea Magnaren izenean zabaldu zuten”, azaldu du plataformako kide Joseba Otondok.

Hori dela eta, Baztango Garapenerako Elkarteak udalari egindako eskaera enpresak berriz ere proiektua mahai gainean jartzeko lehen urratsa izan daitekeela uste dute plataformako kideek. Otondok nabarmendu du ez dagokiola udalari proiektuari buruzko erabakirik hartzea. Erdiz eremukoak herri lurrak direla gogoratu, eta haien inguruko eskumena Baztango Batzar Nagusiak duela erran du plataformako kideak. “Gaur egun, Baztango Batzar Nagusiaren iritzia harrobiaren aurkakoa da”, erantsi du.

Erdiz eremua Aldude mendiko zati da; eta Aldude mendia Babes Bereziko Eremua da. Gainera, Natura2000 sarearen barruan dago eremu hori. Europak babestutako tokia da, beraz. “Harrobi batek babes horren kontra eginen luke”, nabarmendu du Otondok.

Horrek, hala ere, ez ditu Magnaren asmo guztiak geldiarazi, orain arte. Izan ere, Baztango proiektua alde batera utzi eta gero, Zilbetira begira jarri ziren enpresako arduradunak. Hango Antzeri pagadian ere harrobia egiteko asmoa du etxe horrek. Aldude Mendia Koordinakundeak epaitegietara jo zuen asmo hori salatzeko, eta epaileen erabakiaren zain dago. Europaren babesa eskatzeko prest dira koordinakundeko kideak.

Irailean, topaketak

Zilbetiko proiektuari eutsi dio, oraingoz, Magnak. Enpresak beti utzi du argi, hala ere, harrobia egiteko tokirik egokiena Erdiz eremua dela. Horregatik, kezka agertu du proiektu horren kontrako plataformak, orain asmo hori gauzatzeko aukera berri bat zabaltzen delako, Baztango Udalari egindako eskaeraren bidez.

Otondok nabarmendu du nekazaritzaren arloan Erdizek baztandarrentzat duen garrantzia, eta jarduera horri esker duela Baztanek egun turismoa bereziki erakartzen duen paisaia. Irailean alternatiba sozioekonomikoak lantzeko topaketa eginen dute Erdiz Bizirik plataformako kideek.