Iruñeko Donibane eta Iturrama auzoetan aritzen da Javier Yabar albaitaria lanean. Iratxe monasterioko Mascompany klinikan hartu gaitu, sukarra zuen txakur bat artatu eta gero. Krisiak albaitarien jardueran izan duen eraginaz mintzatu zaigu, eta, batez ere, gurekin etxean bizi diren animalien osasunean izan dituen ondorio larriez.
Albaitari gisa, nola sumatzen dituzu krisiaren ondorioak?
2010. urtera arte, klinika guztion jarduerak egin zuen gora. Gizartean bazen gaitasuna etxean animaliak izateko, eta modu egoki batean zaintzeko. 2011. urtean gauzak aldatzen hasi ziren, BEZak pixka bat gora egin zuen, eta sumatu genuen horren eragina. 2012an, berriz, igoera nabarmena izan zen, %8tik %21era pasatu baitzen. Krisia gehiago sumatu zen gizartean, eta gure kliniketan ere bai. Gero eta bezero berri gutxiago etortzen zela ohartu ginen. Hau da, gero eta animalia gutxiago zegoela etxeetan. Eta etortzen ziren bezeroek ere gero eta diru gutxiago gastatzen zuten.
Datu ekonomikoak dira horiek, baina zer eragin dute animalien osasunean eta ongizatean?
Eragina nabarmena da. Gero eta animalia gutxiago dago etxeetan, eta gaixotzen direnean, tamalez, eutanasia izaten da, anitzetan, jabeek erabakitzen duten bidea. Lehen baino anitzez ere azkarrago hartzen da animaliei eutanasia egiteko erabakia, bertzelako sendabideak saiatu gabe. Jendeak aurrekontu bat badu, eta ez du hori baino gehiago gastatu nahi. Lehen baziren 11 edo hamabi urteko animaliak, ebakuntza egin eta hamasei urtera arte lasai bizitzen ahal zirenak; orain, gaixotu eta berehala, eutanasia egiten zaie; aurrekontuak agintzen du.
Etxeetan animalia gutxiago dagoela diozu; abandonatu egin direlako?
Animaliak Babesteko Elkartearekin dudan harremanagatik badakit hori, batez ere, azken bi urteotan gertatu izan dela. Baina krisiak eragin du bertze egoera dramatiko anitz.
Nolako egoerak?
Gertatzen ari da guk ditugun baliabideak ez dituzten klinika txikiak jartzen ari direla martxan. Animalien osasuna bermatzeko behar diren baliabide guztiak ere ez dituzte. Gisa horretako lehia dugu orain, baina ez digu bakarrik guri eragiten, animaliei ere bai, eskaintzen duten zaintzaren kalitatea eskasagoa delako.
Animalien osasuna arriskuan jar dezakete?
Gertatzen ari da, adibidez, ebakuntzak ez direla behar diren baldintzetan egiten. Gauza bat da kirofano batean aritzea, dena kontrolatzen duen monitore batekin, albaitari batekin, laguntzaile batekin eta anestesista batekin. Eta bertze gauza bat da katu bati, adibidez, etxeko mahai gainean egitea ebakuntza, anestesia xiringatuz. Hori gertatzen ari da.
Elikaduran ere sumatzen da krisia?
Bai. Animalientzako janaria kliniketan erosi ordez, supermerkatuetako pentsua hartzen hasi da jendea. Pentsua erosterakoan argi izan behar dugu zer osagai dituen. Ulergarria izan daiteke, langabezian dagoen pertsona batentzat gastu handia izan daitekeelako.
Animaliak ikusteko gure moduak ere badu zerikusirik?
Nik uste dut anitzetan animaliekin bizi diren pertsonek ez dakitela, benetan, horrek zer erran nahi duen. Zenbaitentzat, zerbaiterako balio duen zerbait bertzerik ez dira animaliak. Niri, adibidez, harrigarria iruditzen zait norbaitek mailegua eskatzea oporretara joateko baina etxeko animaliari ebakuntza ez egitea eta hiltzen uztea dirurik ez duelako gastatu nahi.
Animalia zama bilakatzen zaie?
Hala da. Eta kontuan izan behar dugu gurekin bizi den animaliak hamaika arazo izaten ahal dituela. Kontua ez da bakarrik gaixotzen ahal direla. Haien osasun psikologikoa ere zaindu behar dugu, haien beharrak ongi ase. Eta horri ez diogu garrantzirik ematen, gaur egun.