Zilarrezko erretiluan zerbitzatzea” oso esamolde ezaguna dugu gaztelaniaz, bere horretan hitzez hitz euskaratu daitekeena. Gauzak erraz, errazegi jartzen dizkigutela/dizkiotela… —hartzailea nor den kontuan harturik— esan nahi du.
Esapideari dagokion irudia, hain zuzen, zerbitzari atsegin batek zilarrezko erretilu batean nahi duguna zerbitzatzen digula izango litzateke. Aitzitik, jatorria bilatzeko Bibliara jo beharko genuke, San Marcos eta San Mateoren ebanjelioetara non San Joan Bataiatzailearen hilketa deskribatzen duten:
Herodes Antipasek, Herodes Handiaren semeak, Jesus haurra desagerrarazi nahian haur guztiei zintzurra moztu zien haren semeak, Joan Bataiatzailea preso zeukan, profetak gaitzesten ziolako Herodias koinatarekin bizi izatea: “Ez duzu zure anaiaren emaztea desiratuko”. Herodiasen alabak, Salomek, bere dantza dotore eta lizunarekin txunditurik utzi zuen Herodes bere urtebetetze-festa handian. Agintariak, esker onez, nahi zuen guztia eska zezala esan zion gazteari, eta honek, amari galdetu eta gero, erretilu batean Joan Bataiatzailearen burua nahi zuela adierazi zion. Eta eskatu bezalaxe ekarri zioten profetaren burua, bandeja batean. Herodiasek mendekua hartua zuen.
Urte batzuk geroago, zehazki 1966. urtean, Billy Wilder zine-zuzendariak beste istorio bat kontatu zigun: Zilarrezko erretiluan izenburua zuena. Protagonistak lanean ari zela buruan hartutako kolpea aprobetxatu nahi izango du, koinatuaren laguntzaz diru-etekinak lortu eta alde egin dion emaztea berreskuratu ahal izateko. Film honek hipokresia, gutizia, diru-zalekeria… baina baita errudun-sentimendua ere lantzen ditu. Errudun-penak hartu omen zuen Herodes Antipas ere.
Euskaraz zilar hitzak gehienetan aberastasuna eta argitasuna adierazten digu. Batetik, aberastasunaren lekukoak genituen jantzi aberatsenetan zilar-harizko brodatuak eta zilarjoskundea bera, zilar-diruak eta zilardunak, aberatsen etxeetako zilarrezko ontziak eta bitxiak. Beste aldetik, argitasunaren ikur ziren argizagi zilarbola edo zilarpil larria, ilargi handi eta argitsua izendatzeko; eguzkia eta izarrak ere zilarrezkoak ziren: eguzki zilartsua eta izarrak dirdiz zidarrezkoak; eguzkia zilar-kolorekoa.
Zilarrak bestelako bertuteak ere deskribatzen zituen: oilarraren zilarrezko turuta; larrurik onena zilar kolorekoa; mailu zilarrezkoak hauts ditzake ate burdinazkoak; Mariana, espos paregabea, zilarrezko ama; mintzatzeak zilarra balio du edo lanak zilarra balio du.
Aitzitik, zilargose eta zilarkoi hitzek esanahi gaitzesgarria adierazten zuten.
Zilarrezko katilua Nafarroako ipuinak kontatzen digu sagarrak biltzeko garaian auzokoak hurbilduak zirela etxe batera laguntzera. Egun osoan lan egin eta gero, nagusiak arratsaldekoa eskaini zien. Auzoko emakume batek ardoa guztiei banatu eta gero, zilarrezko katilua sagarrondo baten bi abarren artean utzi zuen. Guztiak etxeratutakoan etxeko jabeak bazter guztiak miatuta ere ez zuenez topatu zilarrezko katilua emazteari kontatu zion. Ebatsi ote ziela frogatzeko etxekoandreak kandela bat erre eta horrela lapurra zigortuko zuen. Baina auzoko andreari ez zitzaion ezer gertatu. Biharamunean, sagarrondo berde-berdea zena orain iharturik zegoela ikusita, botatzea erabaki zuen nagusiak. Aizkora hartu eta kriski-kraska zuhaitza erori zenean hantxe agertu zen zilarrezko katilua.
Udako solstizioak, San Joan izenez ezagun den egunak atea zabaldu dizkie udako festei. Tradizioz Sakanako herrietako festetan ardoa banatzen da zilarrezko katilu edo barkiluetan, apika, garai bateko udaletxeetako aberastasun-ondare apurra jai-giroan herritarrekin eta berdintasunean partekatzeko asmoz. Horregatik, arestian aipaturiko guztiarengatik, zilarrezko bandejan patata ustela baino, nahiago ardoa zilarrezko barkilu eta katiluetan.