“Kulturen arteko nahasketaren erakusgarri dira hemengoak”

Nafarroan geldialdi bat egin ondoren, Errusiatik Ekuadorrera salto egin zuen Leire Ordunak (Iruñea, 1980). Moskun lau urtez euskara irakasle aritu zen, eta horren ondoren, Iruñera itzuli zen irakaskuntza masterra egitera. “Iruñean lan onik atera ez zitzaidanez, Ekuadorko unibertsitatean aritzea aukera hobea iruditu zitzaidan, eta bitan pentsatu gabe hona etorri nintzen”. Duela sei hilabete izan zen hori, eta egun, Esmeraldas izeneko hirian bizi da, Kolonbiarekin muga egiten duen kostaldean.

Koloreak ematen dio izena hiriari. Landaredia ugaria da eskualdean eta paisaiak aberatsak dira, postal baten modukoak. “Kolore berdeek, hezetasunak elikatutako mendiek, hondartza argitsuek eta palmondoek izena ematen diote eskualdeari”. Egun luzeak dira hangoak. Horixe nabaritu du Ordunak. Goizeko bostetan eguzkiak argitzen duenetik, hondartzan zalaparta hasten da. “Futbolean jokatzen edo paseatzen, lanera joan aurretik eguna irribarre batekin hasten dute hemengoek”. Eta presarik gabe egun bakoitza aurrekoaren antzekoa dela azaldu du Ordunak. Urtarorik gabeko klima du Ekuadorrek, eta urte osoan mauka motzean ibiltzen da jendea. “Klima horrekin, naturak fruitu tropikal gozoak eskaintzen ditu”.

Hango bizimodua zeharo desberdina dela sumatu du Ordunak. “Afrikar jatorriko folkloreak mugimendu latinoekin bat egiten du asteburueroko dantzetan”. Baina astearen edozein egunetan ere ozenki entzuten dira etxe aurrera herritarrek ateratzen dituzten bozgorailuak, eta hurrengo egunean goiz jaiki behar izateagatik bat ere kezkarik izan gabe, afalostean karaoke festak antolatzen dituzte auzokideen artean. Festa maite dute, eta edozein momentu da ona ospatzeko. “Hutsetik tabernak sortzen dituzte hondartzaren parean. Autoaren atzealdean bozgorailuak eramaten dituzte, eta garagardoa edaten dute”. Oso alaiak dira, eta lagun berriak egitea gustatzen zaie. Ordunak onartu du hasieran ez ziela gazteleraz ulertzen, herritarrek duten azentua dela eta.

Kultura indigena oso agerikoa da Ekuadorren, baina, oro har, aniztasunaren irudia da Ekuadorkoa. Are gehiago Esmeraldasen. “Garai batean espainiarrek Afrikatik ekarritako esklaboak kostalde honetan jarri zituzten lanean. Espainiarrak tokiko emakumeekin eta esklaboekin oheratu ziren, eta aldi berean, beltzak eta jatorrizko biztanleak nahastu ziren”. Lau mende geroago, aniztasunaren argazkia ikus daiteke Esmeraldasen: “Herritarren aurpegiek askotariko hazpegiak erakusten dituzte, kulturen nahasketaren eta tokiko aniztasunaren erakusgarri”.

Harrituta geratu da Orduna bikotekiderik gabeko emakume gazte askok umeak dituztela ikusita. Azaldu duenez, hezkuntzan eta lan munduan sartzeko aukera emateko, umea eskolara edo bulegora ekartzen uzten diete emakumeei. “Arraroa da benetan eskolan ume bat mahaien artean korrika ikustea edo azterketa batean, eskolan, amaren zain dagoen haurra negarrez entzutea”, dio harrituta.

Ingeles eskolak ematen ditu Ordunak Esmeraldasko unibertsitatean. Azaldu du hango lan giroa eta Errusiakoa guztiz bestelakoak direla. Euskal Herriko Unibertsitatetik Moskuko Lomonosov unibertsitatera euskara eskolak ematera joan zen. “Hizkuntzalaritzako ikasleek hizkuntzen gramatika alderatzeko oso interesgarri ikusten zuten euskara. Benetan ikasle azkarrak ziren, eta berehala hasten ziren euskaraz hitz egiten!”. Lomonosov unibertsitatetik asko ikasi duela onartu du Ordunak, batez ere antolakuntza. Errusiako hezkuntza sistemak luzaroan emaitza onak lortu dituela azaldu du. “Kultura aberasgarria da, oso. Orain faltan sumatzen ditut Errusiako balioak”. Gainera, ikasleek motibazio handia zuten eta zintzoak ziren.

Ekuadorren, berriz, puntualtasuna ez da garrantzitsutzat jotzen, eta ikasteko ohitura gutxi dute. Dena den, ikasleek parte hartze handia dutela eta eskolan barre egiten dutela nabarmendu du Ordunak. “Oro har, oso giro ona dago”. Edertasunaren erregina aukeratzen dute urtero unibertsitatean, eta bitxia iruditu zitzaion. “Duela pare bat aste lanera iristean, neska bikinidunak erakusten zituzten paperaz beteta topatu nuen unibertsitatea. Ikasleen artean aukeratzen dute erregina, eta ikasle eta irakasle guztiek parte hartzen dute festa handi horretan”.

Errusian eta Ekuadorren ez ezik, Alemanian eta Kroazian ere bizi izan da Orduna. Alemanian Frankfurteko Nintendo enpresan bideo jokoak probatzen lan egiten zuen. “Bai, bideo jokoetara jokatzeagatik ordaintzen zidaten”, esan du ironikoki. Gainera, Errusian igaro zituen lau urte horietan bidaiatzeko denbora izan zuen, eta Asiako hainbat herrialde bisitatu zituen: Siberia, India, Thailandia, Malaysia eta Vietnam. Orain lana du Ekuadorren eta han geratzeko asmoa du, baina argi du etorkizunean lana ateratzen zaion txokora mugituko dela.