Ez du ukatu igandeko besta berezia izanen dela beretzat. Duela hamabost urte hasi zen Maider Sobrino Baztandarren Biltzarra elkartean (Elizondo, 1979), eta 50. urteurrena ospatzeko gogoz da.
Berezia izanen da aurtengoa?
Bai, batez ere, 50 urteotan elkarteko kide izan garen guztiontzat.
Aparteko zerbait prestatu duzue?
Bazkalondoa berezia izanen da, tarta handi batekin ospatuko baitugu 50. urteurrena. Jendea gogoz dago aurten, eta inoiz baino hobeki ari dira orgak prestatzen.
Elkarteko kideak aipatu dituzu. Jende anitz aritu da urteotan?
Bai, jende pila aritu da. Zaila da kopurua zehaztea, baina belaunaldi guztiak kontuan hartuta, ehunka pertsona aritu dira elkartean lanean. Orain, 25 kide gara.
Urte osorako egitaraua prestatu duzue aurten. Zer moduz orain arte?
Urte osoan ospatzeko erabakia hartu genuen duela bi urte; hilabetero izan dugu zerbait, ez bakarrik Elizondon, baizik eta Baztango herri guztietan. Baztango kultur taldeek eta eragileek ere parte hartu dute. Parte hartze handia izan da. Argazki erakusketak, adibidez, arrakasta handia izan du. Mena eta Zaldua argazkilariek prestatu dute. Uztail osoan Elizondon izango da ikusgai.
Kanta ere egin duzue.
Bai. Fernando Amustegik egin ditu hitzak, eta Trikidantzek jarri die musika. Iganderako dantza ere prestatu dugu. Herriz herri aritu gara erakusten, bazkalondoko bestan dantzatzeko.
Igandetik aurrera zer?
Urte bukaerara arte jarraituko dugu ospatzen. Abuztuan Erratzun eta Zigan izango da erakusketa, adibidez. Irailean beste hainbat kultur ekitaldi izango dugu. Besta txiki bat egingo dugu elkarteko kideon artean; eta azaroan pilota txapelketa ere egingo dugu. Eguberrietan, berriz, haurrentzako txokoa prestatuko dugu. Jarraituko dugu urteurrena ospatzen.
Ekitaldi nagusia, hala ere, igandekoa izanen da. Baztandar guztien benetako besta da?
Nik uste dut baietz. Baztandar anitzek erraten dute nahiago dutela Baztandarren Biltzarra, herriko bestak baino. Urteko egunik politena da anitzentzat.
Eta zein da arrakasta horren gakoa?
Helburu anitz badira. Anitzek herrian gertatutako zerbait aldarrikatzeko erabiltzen dute. 50 urteotako historia jaso dugu igandean zabalduko dugun egunkari batean, eta lan hori egiterakoan konturatu ginen aldarrikapenak toki garrantzitsua izan duela Baztandarren Biltzarraren egunean. Hasierako urteetan arazo politiko anitz baziren, eta horiek mahai gainean jartzeko erabiltzen ziren orgak. Ez horretarako bakarrik, hala ere. Herriak pista bat behar bazuen urte batean, horixe ere aldarrikatu izan da orgen bidez. Aspaldiko kontuak eta egungo aldarrikapenak nahasten dira bestan.
Baztandarren besta da, baina kanpoko jende anitz joaten da Elizondora ere.
Bai, gure bestak lortu du bere tokia Euskal Herriko besten artean. Urte batez 30.000 pertsonak bat egin zuten Elizondon! Urtero etortzen da jende anitz, eta bisitari guztiak dira ongi etorriak.
Hala ere, hainbat urtez ez da egin besta, bertzeak bertze, antolatzeko jende nahikorik ez delako izan.
Hainbat urtez ez da ospatu besta. 60ko hamarkadan arazo politikoak izan ziren; ez zuten baimenik eman. Ni duela hamabost urte inguru sartu nintzen elkartean, eta ni elkartean sartu baino urte gutxi lehenago urte batez ez zen egin, jenderik ez zegoelako prest besta prestatzeko. Jende gaztea ez zen sartzen elkartean, eta lehendik zirenak nekatuta zeuden. Erabaki zuten urte batez ez egitea, jendeak ikus zezan herritarren parte hartzea behar zela bestak aurrera egiteko, eta lortu zen helburua. Behar baita jendea aurrera egiteko.
Etorkizuna du bestak, beraz?
Une honetan bermatuta dagoela erran daiteke, baina beti gaude laguntza hartzeko prest.
Zuk hamabost urte egin dituzu elkartean. Jarraitzeko gogoz zara?
Oraingoz, behintzat, bai. Aita aritzen zen lehen elkartean, eta ni ere beti izan naiz inguruan, anaiarekin batera. Beti bizi izan dugu hori etxean. Zozketarako txartelak saltzen hasi nintzen 8 urte ingururekin. Horiek dira nire hasierako oroitzapenak Baztandarren Biltzarrari buruz.