Astelehenenean hasiko dira UEUren udako ikastaroak, Iruñeko Jaso ikastolan

Heldu den astelehenetik aurrera, UEU Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean eskaintzen dituen ikastaroak izango dira. Aurten ere, iaz bezala, Iruñeko Jaso ikastolan izango dute egoitza. Hiru egunez, ezagutzak garatzeko aukera izango da. Orotara, eremu anitzetako 11 ikastaro antolatu dituzte.

Denera, udako ikastaroen 41. edizioan, bost jakintza arlotan banatutako ikastaroak eskainiko dituzte: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientzia aplikatuak eta gizarte zientziak. Irati Iziar UEUko udako ikastaroetako arduradunaren arabera, “ahalik eta jende gehienarengana iristen” saiatu dira.

UEUn euskararen eta unibertsitatearen alde lan egiten dute. Arrazoi horrengatik, gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiak prestatu dituzte. Gainera, Iziarrek jakinarazi duenez, “ikastaroen edukien eta adituen kalitatearen maila ona” mantendu dituzte.

Arazoak gainditzen

Iazkoa urte zaila izan zen UEUko arduradunentzat. Horregatik aukeratu dute 40+1 leloa aurtengo ikastaroetarako. Izan ere, bertan behera gelditu zen azken hamabost urtean Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza. Horrek proiektua bera kolokan jarri zuen neurri batean. Iziarrek azaldu duenez, diru laguntza hori bertan behera gelditu izanak kolokan jarri zuen UEUk erakunde gisa duen egitura.

Arazoak arazo, zenbait murrizketa egin ostean, azken urteetako egiturari eustea lortu dute UEUko kideek. Hala, Eibarren eta Baionan ikastaroak eskaini ostean, Iruñekoen txanda izango da astelehenetik aurrera. Gainera, aurten, Nafarroako Gobernuak 11 ikastarotatik bi homologatu ditu. Lehenengoak Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak du izenburua. Bigarrena, berriz, Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra da. Bi ikastaro horietan parte hartzea meritu gisa aitortuko du, hortaz.