“Etxean Euskal Herriko albisteak gertutik jarraitzen ditugu”

Badira sei urte Nafarroara itzuli ez dela, eta bisitan etortzeko gogoa nabarmena da Nekane Olazarren (Doneztebe, 1958) hitzetan. 1987. urtean utzi zuen bere herria, Argentinara joateko, baina inoiz ez du moztu Euskal Herriarekin duen harremana, eta gertu sentitzen du.

General Villegas hirian bizi da Olazar, Argentinako panpan. Lautada erraldoia da, eta arto, gari eta soja zelaiz beteta dago. 20 urte zituela, Nafarroan ezagutu zuen gaur egun senarra duena, Sergio Rekarte argentinarra. Rekartek Euskal Herrira etorri behar izan zuen erbesteratuta Argentinako diktaduraren garaian, kartzelan bi urtez egon ondoren. Bertizko kaperan ezkondu ziren, eta Donezteben bizi izan ziren hainbat urtez, Argentinara joatea erabaki arte. Rekartek ez zuen lan egonkorrik lortu Nafarroan; garai zailak ziren, eta horregatik erabaki zuten ozeanoa zeharkatzea. “Erabaki zaila izan zen, batez ere niretzat, guztia utzi nuelako Nafarroan, eta asko sumatzen dut falta oraindik ere. Baina aukeratutako bidea izan zen, eta horri ekin genion”.

Rekarteren hirira joan ziren, General Villegasera. Saltoki bat ireki zuten iritsi eta gutxira, eta mantentzen dute oraindik ere. Olazarren bizitza han dago, baina oso presente du Euskal Herria. Oso urrun dagoen arren, oso gertu sentitzen du. Euskal etxea sortu zuten 2001ean General Villegasen, eta hango lehenengo lehendakaria izan zen Olazar. “Urte politak izan ziren, eta herrian azkar onartu gintuzten jarduera asko egiten genituelako, betiere euskal kultura defendatzen eta sustatzen”.

Euskara eta dantza eskolak, txikien abesbatza eta hitzaldiak antolatzen zituzten, besteak beste. Eta Euskal Herriko egun “bereziak” —sanferminak, Aberri Eguna eta Gernikako bonbardaketaren urteurrena, adibidez— gogoratu. “Baina gutxika-gutxika hori guztia amaitu zen. Euskal etxeko zuzendaritza batzordearentzat kultura ez zen oinarrizkoena, eta haientzat garrantzitsuagoak ziren afari eta bazkariak. Horregatik, nire kargua uztea erabaki nuen”.

Dena den, Olazarrek ez zuen utzi han hasitako guztia, eta abian zuen irrati saioarekin jarraitu zuen. 2006. urtetik euskal etxeak bazuen astero ordubeteko saio bat hiriko irrati batean. Argentinako Euskaldunen Federazioaren proiektua zen, eta euskal etxe guztietarako egiten zuten. Haiek jasotzen zuten saio osoa grabatuta, eta 15 minutu zituzten euskal etxearen jarduerak azaltzeko. Horretan hasi zen Olazar, La hora de los vascos programan. “Irrati esatari gisa hasi nintzen 15 minutuak betetzen, eta azkenean nik egiten nuen saio osoa”. 2012. urtera arte izan zen hori, euskal etxeko zuzendaritzak bertan behera uztea erabaki baitzuen, “finantzaketa arazoengatik”.

Baina han hasitako bidea gustatu zitzaion Olazarri, eta ez zuen amore eman. “Irratiko zuzendariarekin hitz egin nuen, eta ordubeteko saioa egiteko espazioa eman zidan”. Otsailetik, ostiral guztietan, Desde el Alma programa egiten du Olazarrek. Bertan, Argentinako eta Euskal Herriko gaiak izaten ditu hizpide, elkarrizketak egiten ditu, eta euskal musika entzuten da gehien bere saioan. “Azkenean lortu dut nahi nuena: nire saioa izatea”, azaldu du, pozik.

Ez dira gutxi euskaldunak Argentinan. Ohikoak dira euskal abizenak, eta ia guztiek dute arbaso euskaldunen bat. Olazarrek azaldu duenez, argentinarren %10ek dute euskal jatorria. “General Villegasen sorterriko euskaldunak bi baino ez gara, baina euskaldunen ondorengo asko bizi dira; euskal etxean, hasieran, 400 bat bazkide ginen, eta gehienak Nafarroako iparraldekoak ginen”.

Orain dela 24 urte iritsi zen Olazar Argentinara, eta azkar ohitu zen hango bizimodura. Ezagutzen zituen hango ohiturak, senarrak kontatuta, eta bizitzera joan baino lehen bidaia bat egin zuten Argentinara. “Azkar ohitu nintzen, baina faltan sumatzen dut, adibidez, lagunekin tabernetan tragoxka batzuk hartzea. Hemen ez dago ohitura hori; etxeetan elkartzen gara, baina ez gara tabernaz taberna ibiltzen, eta gustatzen zait ohitura hori”. Urte hauetan guztietan euskaldunen eta argentinarren arteko desberdintasunez konturatu da Olazar. “Argentinarrak oso irekiak dira, hizlariak, eta euskaldunak, burugogorrak. Dena den, euskaldunak oso ongi ikusita daude hemen. Adibidez, euskaldun hitza esaera erabiltzen dute argentinarrek, agindutakoa beteko dutela esateko.

Etxean egunero irakurtzen dituzte Euskal Herriko egunkariak, eta lagunak mantentzen dituzte Nafarroan. “Etxean Euskal Herriko albisteak gertutik jarraitzen ditugu. Kultura, politika, musika, kirolak…”. Gogora ekarri du hara joan zenetik sei bidaia egin dituela Euskal Herrira, baina ez daki noiz izanen den hurrengoa: “Dena den, Doneztebe beti dago gure planetan. Egun, gure alaba Maite ikasten ari da, eta oraingoz hori da oinarrizkoena guretzat”.