Baztango herrien besta. Horixe da Baztandarren Biltzarra. Bat egiteko eguna. Hamabost herriak bakarra izateko ospakizuna. Jendetza hartzen du, urtero, Elizondok, jai horren lekuko eta protagonista izateko. Igandean ez dute hutsik egin nahi izanen ibarreko herritarrek eta bisitariek, urteroko besta berezi bilakatuko baitu egunak: 50. urteurrena ospatuko du Baztandarren Biltzarrak.
1963. urtekoa izan zen lehendabizikoa. Orduan, bai eta orain ere, helburu bakarra izan zuen bestak: herrien arteko bilgune izatea. Horrek eman dio arrakastaren giltza. Horregatik egin du aurrera, gorabeherak gorabehera. Horixe uste du Mikel Iriartek (Arizkun, 1965). Baztandarren Biltzarrak 50 urte beteko ditu aurten, eta haietako erdietan izan da Iriarte elkarteko kide eta antolatzaile.
“Aurretik zeudenek elkartea utzi nahi zuten; belaunaldi gazteagoen esku utzi nahi zuten besta antolatzeko ardura, eta horregatik sartu ginen, duela 25 urte. Utzi ere, arrazoi beragatik utzi genuen, gazteen esku uzteko Baztandarren Biltzarra”, azaldu du.
Herritarrek egindako besta dela nabarmendu du Iriartek; ez dela udalak bultzatutako ospakizuna. “Horrek ematen dio indarra bestari. Herritarrentzat beren besta da”. Bisitarientzat ere jai erakargarria dela uste du Iriartek. “Gurea, finean, ibarraren eguna ospatzeko besta da; ez da bakarra, badira gisako anitz, baina Baztandarren Biltzarrak lortu du jendetza erakartzea”. Bertze hainbat ibarretako biztanleentzat ere eredu izan dela erantsi du baztandarrak.
50. urteurreneko bestan, kolorez bete nahi dituzte antolatzaileek Elizondoko karrikak. Orgen desfilea izaten da, urtero, eguneko ekitaldi nagusia, eta aurtengoa izanen da nabarmentzeko modukoa, 22-23 aterako baitira. Baztanen hamabost herri badirela kontuan hartuta, kopuruak badu meritua. Bestan egon nahi dute herritarrek eta ibarreko elkarteek.
Beti, hala ere, ez da horrela izan. Horixe argi utzi du Iriartek berak. “Baztanen hamabost herri gara, baina ez ziren beti hamabost orga ateratzen”.
Krisiak ere hainbat aldiz jo du Baztandarren Biltzarra elkartea eta, ondorioz, baztandarren besta. “Urte batez ez egitea erabaki zen. Jendeak ez zuelako antolatzeko ardurarik hartzen”. Eta besta ez da bakarrik antolatzen. 1990eko hamarkadan ikasi zuten hori ibarreko biztanleek. Ardura hartzeko prest inor ez zelako biltzarra egin ez izana bilakatu zen bestak behar zuen pizgarri. “Herritarrak konturatu ziren parte hartzeko beharra bazela. Mezua ulertu zuten”.
Frankismoaren garaian
Baztandarren Biltzarra antolatzeko ardura bere gain hartzeko prest zegoen jendea lortzea ez da izan elkarteko kideen arazo bakarra. Ez da ahaztu behar 1963. urtean ospatu zutela baztandarren besta lehendabiziko aldiz, hau da, frankismoaren garaian.
Hasierako urte haietan, hain zuzen, Fiesta Vasca izenez ospatu behar izan zuten Baztandarren Biltzarra, inoiz. 1964. eta 1975. urteen artean ez zen bestarik izan, eta 1976an ekin zioten berriz biltzarrari. Orduan hartu zuen Baztandarren Biltzarra elkarteak bestaren gidaritza. 1986an berriz utzi zuten bertan behera; presoen aldeko kalejiran hainbat pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta antolatzaileek aurrera ez jarraitzea erabaki zuten.
Oztopoak oztopo, bere bidean aurrera egin du Baztandarren Biltzarrak, hala ere. Eta 50. urteurrenera iritsi da. Iriartek onartu du igandeko besta berezia izanen dela beretzat, bertze baztandar anitzentzat bezala. Elkartean lanean egin dituen urteek eman diote bestari buruzko ikuspuntu are hurbilagoa.
Gazteen esku utzi eta gero utzi zuen elkartearen ardura, baina laguntzeko prest beti izanen dela erantsi du baztandarrak. Elkartea bera ibarreko herri guztiak batzen dituen zerbait badela nabarmendu du, gainera. “Ez baita Baztandarren Biltzarra elkarteak antolatzen duen ekitaldi bakarra; ibarreko bertzelako talde eta elkarteentzat ere babesle bilakatu da”. Denek Elizondon bat eginen dute igandean. Hamabost bakarra direlako.