Lezkairuko lotura autobusa 514 lagunek soilik erabili dute

Aurtengo sanferminetan, berritasunetako bat izan da Iruñeko Lezkairu auzoan jarritako aparkaleku berezia. Udalak jaietarako eremu urdina mantentzea erabaki ostean hartu zen aparkaleku bereziaren neurria. Hala, aparkalekutik erdigunera joan nahi zutenentzat lotura autobusak jarri zituzten jaiek iraun zuten bi asteburuetan. Dena den, zerbitzu hori gutxi erabili dela aitortu dute Iruñerriko Mankomunitateko arduradunek, 514 lagunek soilik erabili baitute.

Horrez gain, iazko datuekin alderatuta, jaiek iraun duten bederatzi egunetan %2,06 murriztu da autobus zerbitzua erabili duten bidaiarien kopurua. 147 autobus ibili dira martxan Iruñerrian, eta, orotara, ia 1,7 milioi bidaiarik erabili dute horietakoren bat. Txupinazo egunean, uztailaren 6an izan zen bidaiari gehien, 235.428 hain justu.

Hondakin kopuruak, behera

Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi dituen datuen arabera, sanferminetan bildu duten hondakin kopurua %2,70 murriztu da 2012ko datuekin alderatuta. Uztailaren 6tik 15era bildutakoak hartu dituzte aintzat. Denera, 1.050 tona hondakin bildu dituzte.

Jasotako hondakinak oro har murriztu egin diren arren, bildutako beira kopurua %1,04 igo da: 337 tona jaso dituzte. Horietatik 120 tona taberna eta jatetxeetan bildu dira. Gainontzeko 217 tonak, berriz, jai eremuan jarritako edukiontzietatik berreskuratutakoak direla azaldu du Iruñerriko Mankomunitateak.

Gaineratu dutenez, bildutako hondakinen murrizketan eragin zuzena izan du Nafarroa Oinez-en eta Gora Iruñearen guneetan edalontzi berrerabilgarriak erabili izanak.