Mercaderes 17

Gauza bat aitortu behar dut. Zutabeetan ez dut beti egia esaten. Konparazione, Mugalari-n, Gara-ko gehigarrian, Bach Donalds izeneko idatzian, Bilbon hiru orduz Johann Sebastian Bachen San Mateoren araberako Pasioa entzun ondoren, Iruñera itzuli aurretik, sublimetasuna gainetik astintzeko eta itzuliko bidaia tripako zorririk gabe egiteko, Euskalduna jauregi ondoko merkataritza gunean sartu eta hanburgesa bat jan nuela adierazi nuen. Bada, ez zen egia izan. Triputsik itzuli nintzen etxera, baina pozik —pentsatu nahi dut— burutazioak berak zertaz idatzi emango zidalako hurrengoan.

Antzeko egoera bizi dut pasa den txupinazo egunean. Hamaiketakoa non hartuko genukeen ni arduratu behar eta, nigan ohitura denez, tokia hartzeko ardura egun batetik bestera luzatuz joan nintzen. Hainbat tabernatan hiruzpalau ezezko jaso eta bururatu zitzaidan iruindar bati baino gehiagori txantxa moduan bururatutako gauza bera benetan egin genezakeela, Mercaderes kalean ireki berri duten fast food-eko jatetxean tokia har genezakeela, almuercicoa bertan egiteko. Uste baino errazagoa izan zen dena, eta, orduan, burutazioaz (eta balizko zutabe batez) gozatzeaz gain, jateko eta edatekoa ere izan nuen oraingoan. Inoiz bizi izan dudan sanfermin hasierarik ironikoena.

Ironia zurruntasunaren kontrako mendeku bat da.

Eta konturatuta nengoen gai honetan talibantxo bihurtzeko bidean nengoela. Iruñeko ostalaritza da kezkatzen nauten gaietako bat. Hitzaldi bat eman nezake, horretara jarriz gero, Foruak aipatu eta guzti. Badaude taberna batzuk idazki txukun batean kaligrafia huts baten moduan min ematen didatenak. Nire ustez, “gauza bakoitzak bere tokia” da Jainkoaren lege urbanistikoa. San Nikolas karrikako taberna bat Nabarreria plazan paratzea bekatua da. Ni guztietara sartuko naiz baina ordena jakin batean.

Jon Lizarraga izeneko batek Mercaderes kaleko bazkari azkarreko jatetxeaz mintzo, Vatikanon sex shop bat irekitzearen pare zela bota zuen Twitterren. Ni metaforen trenera igo eta solarium bat oasi baten erdian kokatu nahi izatea bezalakoa edo Justin Bieber Bayreutheko jaialdi wagnerdarrean ikustea bezalakoa zela gehitu nuen.

Guztiarekin, neure kontraesanekin mahaira eserita, aitortu behar dut oso ongi (alegia, oso gaizki) eman zigutela jateko eta bikain pasa genuela, ez balitz izan zerbitzatu gintuenetako neska bati nik eskola eman niola (tempus fuckit) eta beste bat nire irakaslea izana zela aspaldian.