Euskara eta auzolana

Uztail honetan, ohi bezala, Iruñeko sanferminek protagonismo berezia izan dute. Txupinazoa bera atzeratzeko modukoa izan da aurten ikurrinaren presentzia, nafar jendartearen euskal izaeraren adierazgarri gisa indarra duen ikurra, eta garaipen pozgarria izan da jai herrikoien aldeko jai-gunea ere, herri-ekimenez hainbertze urtez lan egin ondotik azkenean irekitzea lortu dena. Behin bestak iraganda, eta herritarren adierazpen eta presentziaren arrakasta ezin eramanez, agintarien jazarpena etorri da, bortz gazteren atxiloketarekin. Tristea bada ere, jada ohikoa bilakatu den jazarpena, “mendeku gisa”. Euren haserreak agertzen digu herriaren garaipena.

Hilabetea amaitzear da, eta sanferminen ondotik, hamaika hitzordu ditugu uda honetarako, jai herrikoiez gozatzen segitu ahal izateko. Honako honetan, euskara, auzolana eta jaia biltzen dituen ekimen berri bat proposatu nahi genuke: Artzibarreko Zazpe herrian, euskaraz bizitzeko Barnetegi Autogestionatua egiten ari dira egunotan, hain zuzen ere, joan den astelehenean hasi eta heldu den abuztuaren 4ra arte. Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta bere garrantzia hartzen ari den hitzordua dela erran dezakegu.

Iruñerriko, Nafarroako eta Euskal Herri osoko herritarrei egiten zaien gonbidapena da. Ehunka izanen dira udako egun hauetan euskalduntzeko ahaleginean dabiltzan lagunak, eta aukera bat gehiago da Artzibarreko hau ere.

Iruñeko sanferminetan herri-ekimenaren eta euskal izaeraren alde egiten den ahaleginak Zazpen badu bere jarraipena: euskara aldarrikatzetik, euskalduntzeko aukera eskaintzera jauzi egiten da, talde-antolakuntzari esker eta, bide batez, herria biziberritzeko auzolana indartuz. Hain zuzen ere, auzolanean berreraikitzen ari den herria da Zazpe, eta udako Barnetegiaren barnean, bultzada azkarra jasotzen du.

Horrez gainera, euskaraz egin ahal izanen diren gisa guztietako jarduerek euren lekua izanen dute egun horietan; aldez aitzinetik prestatutakoak batzuk, guztiz bat-batekoak bertze aunitz, han bilduko direnen gogoaren arabera. Eta, noski, gisa honetako talde-ekimen guztietan izan ohi den osagaia da bestarena, bai behinik behin, auzolana tartean dela. Suaren inguruko gaubelak aurreikusten dira… Nafarroako erdi-ekialdeko inguru honetan, mendia eta erreka lagun, uda-giroko opor ederrak iragateko hitzordu aproposa, aipatutako jarduerek aberasten dutena.

Jaia bai, aldarrikapena ere bai, eta, horrez gainera, hitzetatik ekintzetara iragateko gonbidapena. Euskalduntzea helburu, auzolana bide. Uda honetan Artzibarren elkartuko gara. Animatuko zarete?