Euskararen egoera dela eta, “kezka” agertu du Nafarroako euskalgintzak

Nafarroa eta euskara. Horiek dira Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko hainbat kide mugiarazi dituen ardatz nagusiak. Izan ere, Nafarroan euskararen normalizazio prozesuak dituen oztopoek kezkatuta, euskalgintza osatzen duten AEK, IKA, Sortzen-Ikasbatuaz, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Topagunea eta EHE erakundeak bertako egoera aztertzeko diagnostiko bat egiten hasi ziren. Hain zuzen ere, hori partekatu nahi izan dute martxotik ekainera bitartean zazpi batzarretan Nafarroako euskalgintzarekin zein norbanakoekin.

Maite Inda Kontseiluko kideak adierazi duenez, guztia 2010etik dator: “Maiatzean euskaraz bizitzeko eskubidearen bermea eskatu genuen Iruñean manifestazio jendetsu batean, eta, ordutik, buru-belarri dabil lantaldea”. Ondorengo bi urteak, 2011 eta 2012, hausnarketa egiten eman zituzten eragileek. Argi zeukaten egindako lana ezin zela geratu sei erakunde horiek biltzen ziren mahaiaren bueltan, eta horregatik erabaki zuten diagnostikoa sozializatzea. Joxerra Olano IKAko kideak azaldu duenez, batzarren helburua euren iritzia partekatzea eta jendearen ekarpenak jasotzea zen: “Garbi genuen hasieratik euskaldun eta euskaltzaleontzako batzarrak izango zirela”.

Martxoan egin zen lehen batzarra Iruñean, euskalgintzan nahiz euskalgintzatik at euskararen eremuan zeresana daukan jendearekin bilduta. Horrez gain, beste sei batzar egin zituzten, Nafarroa sei eskualdetan banatuz. Saioak Tuteran, Agoitzen, Lizarran, Etxarri-Arantzen, Atarrabian eta Donezteben izan ziren. Doneztebeko euskara teknikari Eneko Anduagak oso ontzat eman du herritarrak euskararen alde mugitu izana eta tartean gazteak egotea. “Kantitatea baino gehiago, kalitatea bilatzen dute, eta hori oso ona da”, gaineratu du Anduagak. Indak baieztatu du parte hartzea kolore aldetik oso plurala izan dela.

Aurrera begira, irailean berriro elkartuko dira, han eta hemen jasotakoak analizatu eta plangintza bat prestatzeko. Egitasmoen kateatze bat sortzeko asmoa dute Kontseiluko kideek, helburuak erdiesteari begira. Garikoitz Torregrosa Sortzen-Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaileak argi du beharrezkoa dela etorkizun hurbilean norbanakoak aktibatzea: “Dinamika iraunkorrak eraiki behar dira, jendea berriro ilusioz euskararen alde lan egiteko”.

Bertzalde, Gorka Iriarte EHEko kideak adierazi duenez, eskualde batzuk ukitu gabe gelditu dira, eta horietara hurbiltzen saiatuko dira. Lantaldeko kide guztiak bat datoz etorkizuna indar metaketan dagoela: “Asko ari gara euskalgintzan lanean, eta bada garaia gure indar guztiak egoki artikulatzeko”, azaldu du Indak.

Horrez gain, euskalgintzako kideek jakin badakite ezin direla inoren oparien zain egon. Olanok gogorarazi du duela ez hainbeste euskararen aldeko “pauso mardulak” eman zirela eta garai hartako ilusioarekin lan egin behar dela: “Orduko indarra berreskuratu behar dugu, eta gure eskutan dagoen guztia egin, euskaldunok baitugu giltza; inork ez dizkigu babak eltzetik aterako”.

Tokiko hutsuneei aurre egiteko asmoz, maiatzean Iruñeko euskalgintzak hiriko hizkuntza paisaia euskalduntzeko dinamika martxan jarri zuen, Aldatuko dugu! lelopean. 2010ean indarrean zegoen Ordenantza aldatzeko lanetan hasi ziren. Maite Inda Kontseiluko kidearen arabera, “guk Iruñeko kartel eta seinaleetan euskara agertzea aldarrikatu genuen, eta 2012an ordenantza aldatzea lortu genuen, 2.600 iruindarren sinadurei esker”.

“Hizkuntzapaisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute”. Hori dio ordenantzak teorian, baina praktika bestelakoa da, eta hori aldatzeko sortu da dinamika hori.

Gakoa herritarrek

Giltza herritarrek izanik, iruindarrei oker dauden hizkuntza paisaiaren seinaleei argazkia atera eta eurei helarazteko eskatu diete. Dagoeneko, 50 argazkitik gora jaso dituzte, eta batzuk erregistroan sartu dituzte. Gainontzekoak irailean sartuko dituzte. “‘Pamplona’ jartzen duten hiri sarreretako kartelak aldatzeko eskaera tramitatu dugu, eta gero hurrenkera bat jarri dugu, lehentasunen arabera”, dio Indak.

Garikoitz Torregrosak jakinarazi duenez, oposizioarekin elkarlanean aritzeari esker, aurtengo aurrekontutik 14.000 euro desegokiak diren kartelak aldatzeko bideratzea erdietsi dute. Indaren arabera, “zenbateko hori urtea amaitu baino lehen exekutatu behar du udalak, bestela dirua galduko da. Horregatik ekingo diogu jo eta ke gai horri irailetik aurrera”.

Euskalgintzako kideek garrantzitsutzat jotzen dute norbanakoen indarra azpimarratzea. “Herritarrak herri mugimenduarekin elkarlanean arituta, irabazteko aukera handia dago”, esan du Indak. Hori dela eta, euskaltzaleek elkar hartuta, eta garai bateko ilusioa berreskuratuz, lanari ekiteko beharra nabarmendu du.